Arabako Musika Klasikoko Zikloa - kulturaraba
Musika Klasikoko Zikloa, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin elkarlanean

Udako kultura eskaintza aberasteko eta dinamizatzeko asmoz, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak musika klasikoko hainbat kontzertu programatzen ditu lurraldean abuzturako. Arabako Musika Klasikoaren Zikloa izeneko zikloak urtez urte musika klasikoa lurraldeko hainbat herritara eramatearen aldeko apustua egiten du.
25 urtetik gorako ibilbidea duen musika ziklo hori, 2011tik, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin lankidetzan ospatzen da, eta horrek lehen mailako interpreteen kartela ziurtatzen du. Arrakasta hau, gainera, udalerri parte-hartzaileek kontzertu bakoitzaren antolakuntzan eta garapenean duten funtsezko inplikazioari esker borobiltzen da.
Oro har, ziklo horrek, kontzertuen kalitate eta aniztasunari esker, oso harrera ona izaten du kontzertuak egiten diren herrietako ikus-entzuleen artean eta haietara joaten diren Gasteizkoen artean.
Aurtengo edizioan 6 kontzertu eskainiko dira, Arabako kuadrilletan banatuta. 2026ko Arabako Musika Klasikoaren Zikloa abuztuan egingo da Done Bikendi Harana, Iekora, Argantzon, Berganzo, Zalduondo eta Aramaio herrietan.
Iñaki Bermúdez (saxofoia) eta Yume Takasaki (pianoa) izango dira zikloari hasiera emateko arduradunak, abuztuaren 6an, Done Bikendi Haraneko Done Bikendi elizan. Elkarrekin “The 4 lost greek melodies / Lau melodia galduak” programa interpretatuko dute, Ravel, Guinovart, Guridi eta Miquel de Jorgeren lanekin.
Hurrengo egunean, abuztuaren 7an, Iekora izango da musikaren hurrengo geltokia KamBrass Quintet taldearen eskutik. Bostkote hau Iñigo Ocónek eta Joan Pàmiesek (tronpetak), María Serverera (tronpa), Xavier Gilek (tronboia) eta Oriol Reverterrek (tuba) osatzen dute. Taldeak “Transfoliación: metamorfosis de la folía” izeneko proposamena aurkeztuko du San Joan Bataizatzailearen elizan, Jan Bach, Juan del Encina, Falla, Lully eta Zabaletaren obrekin.
Haien ondoren, hilaren erdialdean, Expressio Duo akordeoi bikotearen txanda izango da, María Zubimendik eta Garazi Navasek osatua. Abuztuaren 15ean joko dute, Argantzungo elizan, entzuleak “Elementuak” izeneko programarekin gozarazteko; bertan, Aita Donostia, Guridi, Rameau, Rebel eta Lullyren piezak bildu dituzte. Zikloak Berganzon ere egingo du geldialdia abuztuaren 21ean; egun horretan, Edurne Ruiz mezzosopranoak eta Iñar Sastre pianistak “Falla 150: entre maestros, amigos y herederos” errezitaldia eskainiko dute Berganzoko ermitan, Falla, Granados, Ginastera, Ravel, García Lorca eta Pedrellen lanetan barrena ibilbidea eginez.
Kontzertuak abuztuko azken astean amaituko dira. Ostegunean, abuztuak 28, Trío Rodin taldeak —Carles Puigek (biolina), Teresa Llik (biolontxeloa) eta Jorge Mengottik (pianoa) osatua— zikloaren ganbera-musika esentzia errepikatuko du Zalduondoko San Saturnino elizan, Prokofiev eta Bernsteinen lanetan oinarritutako “Romeo & Julieta 2.0” programarekin. Azkenik, Cuarteto Seikilos taldeak emango dio amaiera programari, Aramaioko Kultur etxean, abuztuaren 29an (ostirala). Pablo Suárezek eta Pablo Quintanillak (biolinak), Adrián Vázquezek (biola) eta Lorenzo Meseguerrek (biolontxeloa) osatutako laukoteak “Tradición europea, voz vasca” errepertorioarekin itxiko du aurtengo edizioa, Usandizaga, Schubert eta Serranoren melodiak arabar lurretan entzunaraziz.
Sarrera doan da, tokiak bete arte.
PROGRAMA
Iñaki Bermudez - Yume Takasaki
2026/08/06 | 20:00 h.
DONE BIKENDI HARANA
Done Bikendi Eliza

AURREKO EDIZIOAK
Arabako Musika Klasikoko Zikloa 2025ko edizioa
2025ko Arabako Musika Klasikoko Zikloak 6 kontzertu programatu zituen abuztuan Gaubea, Amurrio, Argantzun, Santikurutze Kanpezu, Zalduondo eta Bastida herrietan.
Arabako Musika Klasikoko Zikloa 2024ko edizioa
2024ko Arabako Musika Klasikoko Zikloak 6 kontzertu programatu zituen abuztuan Artziniega, Sarria, Lagran, Eltziego, Zalduondo eta Quintanilla de la Ribera herrietan.

Arabako Musika Klasikoko Zikloa 2023ko edizioa
2023ko Arabako Musika Klasikoko Zikloa abuztuan zehar egin zen. 6 kontzertu eman ziren Arabako hainbat kuadrillatan banatuta, Iekora, Araia, Laudio, Argantzon, Aramaio eta Gaubean.

Arabako Musika Klasikoko Zikloa 2022ko edizioa
2022an, abuztuko bigarren hamabostaldian, Musika Klasikoaren Zikloa egin zen Trebiñun, Bilarren, Artziniegan, Santikurutze Kanpezun, Zalduondon eta Murgian, eta eskaintza askotarikoa eta kalitatezkoa izan zen; besteak beste, ospe handiko soinulariak, ganbera orkestra, harizko taldeak...


