Expressio Duo - 2026 Arabako Musika Klasikoko Zikloa (Argantzon) - kulturaraba
Concierto
Kulturaraba
Expressio Duo - 2026 Arabako Musika Klasikoko Zikloa (Argantzon)
Kontzertu hau Arabako Musika Klasikoaren Zikloaren parte da. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak antolatutako ziklo honek urtez urte musika klasikoa lurraldeko hainbat herritara eramatearen aldeko apustua egiten du.
25 urtetik gorako ibilbidea duen musika ziklo hau, 2011tik, "Donostiako Musika Hamabostaldia"rekin lankidetzan ospatzen da, eta horrek lehen mailako interpreteen kartela ziurtatzen du. Arrakasta hau, gainera, udalerri parte-hartzaileek kontzertu bakoitzaren antolakuntzan eta garapenean duten funtsezko inplikazioari esker borobiltzen da.
Aurtengo edizioan 6 kontzertu eskainiko dira, Arabako kuadrilletan banatuta. 2026ko Arabako Musika Klasikoaren Zikloa abuztuan zehar izango da Done Bikendi Harana, Iekora, Argantzon, Berganzo, Zalduondo eta Aramaio herrietan.
Expressio duo
- María Zubimendi, akordeoia
- Garazi Navas, akordeoia
“Elementuak”.
Barroko garaiko oihartzunak eta euskal paisaiak
Aita Donostia, Guridi, Rameau, Rebel eta Lullyren lanak
Obras de Aita Donostia, Guridi, Rameau, Rebel y Lully.

Barroko garaiko oihartzunak eta euskal paisaiak
Akordeoia XIX. Mendean sortutako tresna bada ere, azken hamarkadetan izan du bere benetako garapen artistikoa. Interprete, pedagogo eta hainbat konpositorek egindako lanari esker, gaur egun musika klasikoaren eszenan leku sendoa du, eta honen errepertorioa etengabe zabaltzen ari da, bai obra berrien bidez, bai iraganeko musikaren transkripzioen bitartez.
Egitarau honek azken puntuan jartzen du arreta, transkripzioenean: hiru mendetako musika akordeoi duoaren musika adierazpenera ekarria. Frantziako barrokoaren dotoretasunetik hasi, Jean-Baptiste Lully eta Jean-Philippe Rameauren lanekin; Jean-Féry Rebelen ausardiara igaro, zeinak soinuaren bidez kaosaren eta naturaren indarrak irudikatzen dituen; eta azkenik, euskal musikaren unibertsora heldu, Aita Donostiaren eta Jesus Guridiren obren bidez.
Transkripzio hauek jatorrizko lanen funtsa errespetatzen dute, baina akordeoiaren berezko baliabideak —tinbrea, dinamika eta adierazkortasuna— baliatuz, irakurketa berriak eskaintzen dituzte. Horrela, instrumentuaren moldakortasun eta espresibitate aukerak agerian geratzen dira.
Testuinguru honetan kokatzen da Expressio Duoren ELEMENTUAK proiektua, Garazi Navas eta Maria Zubimendik osatua. Musikenen elkar ezagutu ondoren sortu zuten proiektuak akordeoi bikotearen aukerak muturreraino eramatea du helburu, eta orkestra-musikaren kolore eta testurak duoaren bidez berrasmatzea.
Programa honetako musika-bidaia gorteko dantzetatik naturaren irudikapenera eta euskal soinu- paisaietara hedatzen da. Emaitza, ezagutzen ditugun lanen irakurketa berria ez ezik, akordeoiak garai eta estilo ezberdinen arteko zubi gisa duen ahalmenaren erakusgarri ere bada, zalantzarik gabe.
Programa:
Jean-Baptiste Lully: Entrée et danse des Zéphyrs
Jean-Philippe Rameau: Gavotte et six Doubles
Jean-Baptiste Lully: Atys (Ouverture)
Jean Féry Rebel
Les Elements (Le Chaos)
Air pour l'Amour, Sicilienne y Rossignols
Caprice - Tambourins I - Il
Aita Donostia
Acuarelas Vascas
l. Zubero herrialde
II. Edate-dantza
Ill. Sagar-dantza
IV. Esku-dantza
V. Zozo-dantza
Jesús Guridi
El Caserio (Preludio)
El Caserio (Biribilketa)
Maria Zubimendi
Bere belaunaldiko soinujole garrantzitsuenetakotzat goraipatua, Maria Zubimendik kritikaren laudorioak jaso ditu bere teknika eta musikaltasun bikanengatik, baita bere «presentzia eta keinu sendoagatik» (Scherzo) ere.
Zumaian (Gipuzkoa) jaio zen 1994an eta Miren Iñargarekin hasi zituen akordeoi-ikasketak, gero Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian, interpretazio espezialitatean graduatuz Iñaki Alberdiren gidaritzapean. Basileako Musikhochschule FHNW-n musika garaikideko master batekin osatu zuen bere prestakuntza.
Hainbat sari jaso ditu nazioko eta nazioarteko lehiaketetan, besteak beste, bigarren saria Klingenthalgo (Alemania) Nazioarteko Akordeoi Lehiaketan, lehen saria Erromako Concorso Internazionale di Fisarmonica Santa Cecilia-n eta lehen saria Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketan. Bakarlari gisa, errezitaldiak eskaini ditu agertoki garrantzitsuetan: Madrilgo Auditorio Nacional de Música, Fundación Juan March, Auditorio de Tenerife, Centro Galego de Arte Contemporánea edo Luganoko LAC Teatrostudio, besteak beste.
Interpretazio tradizionalarekin batera, eta bere esperimentazioarekiko interesak bultzatuta, Zubimendi diziplina anitzeko artistekin aritzen da sarritan elkarlanean. Estilo eta tipologia guztietako proiektu artistiko ausartetan parte hartu du, eta musika garaikidearekin duen konpromisoa José María Sánchez-Verdú, Félix Ibarrondo, Francisco Domínguez, Ramon Lazkano, Caspar Johannes Walter, Chantale Laplante, Mikel Chamizo edo Sofia Avramidou bezalako konpositoreen lanen estreinaldietan islatzen da.
Hainbat talde klasiko zein garaikiderekin kolaboratzen du, baina bere ganbera-musika proiektuen artean aipatzekoak dira Garazi Navas akordeoi-jotzailearekin osatzen duen eXpreSSio bikotea, eta bereziki Zukan Hirukotea, Jon Ansorena (txistua) eta Gorka Catediano (perkusioa) lagun dituen taldea. Zukan Espainiako musika garaikidearen panoraman erreferentzia gisa finkatu da, eta Kanada, Herbehereak, Zipre eta Suedia bezalako herrialdeetan eskeini ditu emanaldiak.
Zubimendi kultura-kudeaketan espezializatu zen Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean, eta, gaur egun, musika-interpretazioa eta Euskal Herriko musika-erakunde garrantzitsuetarako kudeaketa lanak uztartzen ditu bere ibilbidea profesionalean.

Garazi Navas Mundiñano
Usansolon (Bizkaia) 1995ean jaioa, Garazi Navasek 2019an Musikako Goi-Mailako Ikasketak eta 2021ean Musika-Interpretazioko Irakaskuntza Artistikoen Masterra burutu zituen Musikenen (Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian), akordeoi espezialitatean. 2020an Euskal Musika Tradizionalean Graduondoko Espezializazio-Ikastaroa egin zuen ere ikastegi horretan.
Proiektu ezberdin askotan parte hartu du musika garaikidea, klasikoa, tradizionala eta baita beste estilo batzuetakoa ere interpretatuz. Diziplina desberdinetako artistekin elkarlanean aritu ohi da, dantza, poesia, antzerkia edota instalazio artistikoak barne hartzen dituzten lanetan, bakarlari gisa zein talde handiagoetan. Zinemarako soinu-banden sorkuntzan ere parte hartu du.
2020an Donostiako Orfeoia-Musikene Saria jaso zuen bere ikasketa amaierako lanagatik eta 2024an Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria irabazi zuen Maite Aizpurua aktore eta idazlearekin batera Adarbakarra eta soinujolea proiektuagatik.
Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin bakarlari modura jo du Iker Sánchez zuzendariaren gidaritzapean, eta orkestra beraren barruan Jean-Philippe Wurtz, Ernest Martínez Izquierdo, Jordi Francés eta Shih-Hung Young zuzendariekin ere aritu da. Espainiako Gazte Orkestra Nazionalarekin (JONDErekin) ere lan egin du, Fabián Paniselloren gidaritzapean.
Jatorri anitzeko artista ezberdinekin grabatu eta argitaratu du (Miguel A. García, Àlex Reviriego, Vasco Trilla, Bilbao Sinfonietta, ĒTHĘR Ensemble, Maite Arroitajauregi, Ibon RG, Manu Gaigne, etab.) eta hainbat jaialdi eta antzokitan aritu da, besteak beste: LIMO Zikloa (CentroCentro, Madril), Rafael Frühbeck de Burgos Auditoriuma (Burgos), Meakusma Festival (Belgika), Next Festival (Bratislava) edo Jauna Muzika (Vilnius).

2026/08/15
20:00
Eliza
ARGANTZON