Arabako Organo Jaialdia 2023 - kulturaraba
Organo jaialdia

ARABAKO ORGANO JAIALDIA XXXVII. ediziora iritsiko da 2023an, eta aurten maiatzean eta ekainean izango da. Jaialdiak udako bero itogarria aldatzen du, beraz, udaberriko epeltasunagatik eta usain eta kolore gozoengatik.
Arabako zenbait elizak ateak ireki dituzte berriro, beren edertasuna eta barruan arretaz gordetzen dituzten organoen soinu berezia erakusteko.
Horrela, Jaialdia 3 kontzerturekin hasiko da Araban: Organoa Ostiraletan:
- Oion - Maiatzak 12, ostirala. - Silvia Márquez & Pablo garcía López
- Lantziego - Maiatzak 19, ostirala. - Lucie Žáková
- Aramaio - Maiatzak 26, ostirala. - Sara Johnson & Josetxu Obregón
Ondoren GASTEIZERA joango da eta han izango dira Organoa Ostegunetan:
- Karmengo Komentuko eliza - Ekainak 1, osteguna - Daniel Oyarzabal & Miriam Hontana
- San Pedro eliza - Ekainak 8, osteguna- Paolo Oreni
- Karmengo Komentuko eliza - Ekainak 15, osteguna - Alberto Saéz Puente & Bilboko Koral elkarteko haur abesbatza
Pandemia eta edukiera murriztuak ahaztuta, organoak beste instrumentu eta ahots batzuen konpainia berreskuratu zuen 2022an, baita jendearen beroa ere. 800 pertsona inguruk gozatu zuten egindako kontzertuez.
2023an, Pablo García-Lópezen eta Jose Luis Ormazabalek zuzendutako Bilboko Koral Elkarteko haurren abesbatzaren ahotsek eta Miriam Hontana eta Josetxu Obregón biolin eta biolontxeloaren soinu beroak babestuko dute organoa.
Eta bere notarik onenak ateratzeko, momentuko organista onenetako batzuk izango ditugu: Silvia Márquez, Lucie Zakova, Sara Johnson, Daniel Oyarzabal, Paolo Orenieta Alberto Saéz.
Kontzertuek, ohikoa den bezala, pantaila bat izango dute elizetan, bertaratzen diren pertsonek organistak ikusteko aukera izan dezaten.
Arabako Organo Jaialdia erakusleiho bat da, non,organo kontzertuen bidez, Arabako ondare artistiko baliotsuaren aberastasuna zabaltzen baita. Urtero, Arabako Organo Jaialdia instrumentu preziatu hori duten Arabako herri batzuetara hurbiltzen da. Kultura eta Kirol Sailaren gainerako musika-programazioarekin batera eskaintza orekatu bat mantentzea gogoan izanik, kontzertuak egiten diren herriak txandakatzen dira urtero.
AURREKO EDIZIOAK
Arabako organo jaialdia 2022
Sei kontzertu egin ziren, ekainean batez ere. hiru Gasteizen, Karmengo elizan eta San Pedro elizan, eta beste hiru Arabako Lurralde Historikoan programatu ziren, Aramaion, Eltziegon eta Bastidan. 800 pertsona inguruk gozatu zuten egindako kontzertuez.
2022an, berritasun gisa, programatutako kontzertuek organoaz gain beste elementu bat ere hartzen zuten. Horrela, organoaren lagun izan ziren, eta zein ondo, Musikako Udal Banda, Samaniego Abesbatza, Faustoren irudiak, Lorena Garcíaren ahotsa eta Enrique Abellóren tronpeta.
Organoa San Pedro elizara ere itzuli zen. Behar zuen konponketa eta garbiketa izan ondoren, munduko organistarik eta inprobisatzailerik onenetako batekin, Juan de la Rubiarekin, itzuli zen musika jardunera, Murnauren "FAUSTO" filmaren irudi ederren aurrean egindako inprobisazio batekin. Gasteizen ez zen halakorik ikusi inoiz.
Organo Jaialdiaren historia
Arabako Organo Jaialdia 1986. urtean egin zen lehenbiziko aldiz. Urte batzuk lehenago, 1982an hain zuzen ere, Felix Martín Latorre Kulturako diputatua zelarik, eta José Santos de la Iglesia Ugarteren proposamenez, XVIII. eta XIX. mendeetako organo batzuk lehengoratzeko lana hasi zen. Organo horiek, musika eta ondare aldetik balio handikoak izan arren, hondatze nari ziren nabarmen.
1984ko udan, lan horietako lehenengoa bukatu zen: Bastidako Jasokundeko Andra Mariaren elizako organoa, eta haren ondotik beste asko etorri ziren.
Organoak zaharberritzeko egitasmo honen ondorioz, errezitaldiak eta kontzertuak antolatzeko aukera ikusi zen. Asmotan hartu zen organorako musika errepertorio zabala ezagutaraztea eta instrumentu handi horren balioa nabarmenaraztea, haren soinuak elizkizunetan duen presentziatik haratago. Horrela sortu zen Arabako Organo Jaialdiaren lehenengo edizioa. Lehenengo edizio hartan, Eskuernagan, Gasteizen, Laudion eta Elciegon eman ziren kontzertuak, 1986ko maiatzetik urrira arteko hilabeteetan.
Ondoren, organo zaharberritu gehiago egoteak programazio zabalagoa eta desberdinagoa taxutzeko aukera eman zuen. Askotariko programazio hori eta instrumentu bakoitzaren soinu berezitasuna errespetatzea izan dira Arabako Organo Jaialdiaren printzipio gidari musikalak.
Arabako Organo Jaialdiaren arrakastaren eta iraupenaren oinarriak dira, batetik, parte hartzen duten organo jotzaileen gogobetetzea, zeinek azpimarratzen baitute organo historikoen kontserbazio eta fintze egoera ona, parrokiekiko koordinazioa eta entseguetarako behar beste denbora izateko aukera; eta bestetik, entzuleen harrera ona, zeinak urtero joaten baitira organo kontzertuetara.
Horregatik guztiagatik, Arabako Organo Jaialdia erreferente egonkor bat da Arabako Lurralde Historikoko udako kultura programazioan: hogeita hamar urte baino gehiago bete ditu, eta 135 kontzertu inguru izan dira leku desberdinetan, 80 organo jotzailek baino gehiagok emanda.