Sara Águeda eta Pepe Viyuela - Arabako Musika Klasikoko Zikloa - kulturaraba
Festival
Sara Águeda eta Pepe Viyuela - Arabako Musika Klasikoko Zikloa
Kontzertu hau Arabako Musika Klasikoaren Zikloaren parte da. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak antolatutako ziklo honek urtez urte musika klasikoa lurraldeko hainbat herritara eramatearen aldeko apustua egiten du.
Programa hau 2011tik egiten da "Donostiako Musika Hamabostaldia"rekin elkarlanean, hortaz, interpreteen kalitatea ziurtatuta dago. Parte hartzen duten udalek ere laguntzen dute kontzertuak gauzatzen.
Aurtengo edizioan 6 kontzertu eskainiko dira, Arabako kuadrilletan banatuta. 2024ko Arabako Musika Klasikoaren Zikloa abuztuan zehar izango da Artziniega, Sarria, Lagrán, Eltziego, Zalduondo eta Quintanilla de la Ribera herrietan.
Programa – Los Milagros de Nuestra Señora
Gonzalo de Berceo, ezagutzen den gaztelaniazko lehen poeta, zortzi menderen ondoren eszenara itzultzen da. Mester de Clerecíaren adierazgarririk handienetako bat bere "Milagros de Nuestra Señora"-ren aukeraketa batekin aurkezten da berriro, non giza kondizioa ia ez dela lekutik mugitu hautematen dugun; dena galduta ez dagoela pentsatu beharrean jarraitzen dugula; egoerarik okerrenetan ere konfiantza izaten jarrai dezakegula; poesia eta musika hondoratzearen erdian baltsa bat direla; eta, azken batean, azken horien eta edertasunaren bitartez oraindik posible dela itxaropena.
Musikak bat egiten du “La Gloriosa” balentria batetik bestera hegaldarazteko. Ama Birjinaren agerpenek soinuen arrasto bat merezi dute, bere ekintzen magia indartzeko. XIII. mendean, Iberiar Penintsulan, ez dago gure heroiaren ontasunak eta ongietorriak “Cantigas de Santa María” ospetsuek (Alfontso X.a "Jakituna" ren gortean idatziak) baino hobeto biltzen dituen musikarik. XIII. mendeko ariman murgildu eta gure garaiko espirituari buruz gogoeta egiteko aukera paregabea dira kantu hauek.
Pepe Viyuela
Aktorea, pailazoa, Filosofia eta Arte Dramatikoan lizentziatua. Bere ibilbidea antzerkian garatu du batez ere, "La fundación", "El retablo de la avaricia, la lujuria y la muerte", "Rinoceronte", "El Alcalde de Zalamea", "El burlador de Sevilla", "Miles Gloriosus", "Las ranas", "Metamorfosis", "Esperando Godot" eta "Tartufo" funtzioetan parte hartuz.
Pailazo gisa 35 urte baino gehiago daramatza lanean. Payasos sin Fronteras GKEko kidea da, eta harekin gatazkan dauden leku askotara bidaiatu du (Kosovo, Palestina, Irak, Saharako Kanpamenduak).
Zineman eta telebistan ere lan egin du eta sei poema liburu idatzi ditu, horietako batek "Margarita Hierro" Nazioarteko Poesia Saria jaso du.
Ondas saria eta Max saria ere jaso ditu aktore gisa egindako lanagatik.
Sara Águeda
Madrilgo Arturo Soria Kontserbatorioan hasi zituen ikasketak. 2005ean Antzerki Klasikoko Konpainia Nazionalean (CNTC) hasi zen eszenako musikari gisa, zortzi denboralditan zehar, bira nazional eta internazional ugari eginez.
Nuria Llopisen eskutik bi ordenatako harpa deskubritu ondoren, antzinako musikarekiko zaletasunak Escola Superior de Música de Catalunyara (ESMUC) eraman zuen, bere formazioa Mara Galassi harpa jotzailearekin osatzeko.
Munduko jaialdi garrantzitsuenetan jo ohi du, eta Vienako Konzerthaus, Parisko eta Berlingo Philharmonie, Musikako Auditorio Nazionala, Madrilgo Errege Antzokia eta Versailleseko Opera Royal, besteak beste, bisitatzen ditu maiz. Bakarlari jarduteaz gain, interpretazio historikoa lantzen duten hainbat talderekin kolaboratzen du: Música Ficta, La Capilla Jerónimo de Carrión, Música Alchemica, La Ritirata, La Grande Chapelle, Vandalia, Opera Omnia, Freiburger Barockorchester, Capella de Ministrers, Capella Sanctae Crucis, Le Poème Harmonique...
Antzerki-ekoizpen eta irakurketa dramatizatu ugaritan parte hartu du, interprete, konpositore eta soinu-espazioen diseinatzaile gisa. Berrogei disko baino gehiago ditu, besteak beste, Glossa, Alpha, Harmonia Mundi, Panclassics, Warner, Dux... zigiluetan. “UN VIAJE A NÁPOLES”, “EL TEATRO DEL ARPA”, “STRAVAGANZA” eta “IM-POSIBLES” (TAÑER taldearekin) dira bere bakarkako proiektu diskografikoak.
2024/08/27
19:00
Tolosako San Saturnino Eliza
Zalduondo
Taldea:
- Sara Ageda, Erdi Aroko harpa eta musika moldaketak
- Pepe Viyuela, errezitatzailea