null XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. Santa Maria Katedrala, irailak 6.

XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. Santa Maria Katedrala, irailak 6.

06/09/2019

Ordutegia: 20:15
Tokia: Santa Maria Katedrala, Vitoria-Gasteiz
Prezioa: Sarrera inbitazioarekin, edukiera bete arte


Jordi Savall, Arku lira, rabel-a & rebab-a.

Pedro Estevan, perkusioak.

 

PEDRO ESTEVAN perkusio ikasketak egiten ari da Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Bestalde, Frantziako Aix-en-Provence hirian perkusio garaikidea ikasten ari da Sylvio Gualda irakaslearekin, eta perkusio afrikarra, Doudou Ndiaye Rose irakasle senegaldarrarekin. Halaber, «hand-drums» teknika ikasi du Glen Velez-ekin.


Orquesta de las Nubes orkestraren eta Grupo de Percusión de Madrid taldearen sortzaile izan zen. Horrez gain, hainbat orkestrarekin aritu izan da elkarlanean: Espainiako Orkestra Nazionala, RTVE, Madrilgo Orkestra Sinfonikoa, Lisboako Gulbenkian eta Orchestra of the 18th Century; eta hainbat talderekin ere bai, hala nola Koan, Sacqueboutiers de Toulouse, Paul Winter Consort, Camerata Iberia, AnLeuT Música, Accentus, Sinfonye, Ensemble Baroque de Limoges, The Harp Consort, Ensemble Kapsberger, Orphénica Lyra, Mudéjar eta Orquesta Barroca de Sevilla.


Musikari eklektikoa da, eta batez ere antzinako musikan (Hespèrion XXI, Le Concert des Nations, Laberintos Ingeniosos) eta musika garaikidean (Rarafonía-rekin) aritzen da. Bakarlari gisa ere aritu izan da Espainiako Ganbera Orkestra Nazionalarekin eta Reina Sofia Orkestrarekin.


Bestalde, Lluís Pasqual eta Núria Espert-en antzezlan ugaritan ere parte hartu du. Musika konposatu du Ignacio García May-ren «Alesio» eta Adolfo Marsillach-ek zuzendutako Cervantesen «La Gran Sultana» lanetarako. Musika zuzendaria ere izan da, Lluís Pasqual zuzendariak Odeon-Théâtre de l’Europe-n aurkeztutako Lope de Vegaren «El Caballero de Olmedo» lanaren muntaketan.


Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Norvegia, Estatu Batuak, Kanada, Japonia eta Australiako irrati eta telebistetarako grabatu du, eta 100 disko baino gehiagotan parte hartu du. Disko horietako batzuk bere lanak izan dira: «Nocturnos y Alevosias» eta «El aroma del Tiempo». Parte hartu zuen 1993an Grammy saria lortu zuen Paul Winterren diskoan.


Perkusio Historikoko irakaslea da ESMUC eskolan (Kataluniako Goi Mailako Musika Eskola).

 

 

 

Bere belaunaldiko musikagile pluralenetako bat da JORDI SAVALL . Axolagabetasunak eta ahanzturak bazter batean utzi dituzten musika altxorrak munduari eskaintzen dizkio duela berrogeita hamar urte baino gehiagotik hona. Izan ere, antzinako musika lan horien ikerketan aritzen da, lanok irakurri eta bere zango biolarekin jotzen ditu, eta zuzendari gisa ere lantzen ditu. Kontzertu emaile, pedagogo, ikertzaile eta proiektu musikal eta kultural berrien sortzaile gisa egiten dituen jarduerei esker, esan dezakegu musika historikoari berriz balioa emateko fenomenoaren erantzule nagusietako bat dela. Hespèrion XXI (1974), La Capella Reial de Catalunya (1987) eta Le Concert des Nations (1989) musika taldeen sortzailea izan da Montserrat Figueras-ekin batera. Horiekin, emozioz eta edertasunez beteriko unibertsoa ikertu eta sortzen du, eta musikaren milioika zaleri eta munduari eskaintzen die.

 

Parte hartze funtsezkoa izan zuen Alain Corneau-ren Tous les matins du monde filmean (soinu bandarik onenaren Cesar saria jaso zuen), kontzertu ugari ematen du (140 kontzertu urtean) eta diskogintzan ere gogor dihardu (6 grabazio urtean), eta ALIA VOX izeneko bere zigilua sortu zuen 1998an, Montserrat Figuerasekin batera. Horrekin guztiarekin, Jordi Savallek erakusten du antzinako musikak ez duela zertan nahitaez elitista izan, eta harekiko interesa duela adin guztietako jendeak, eta gero eta entzule askotarikoagoak eta gehiago dituela. Kontzertuak ematen eta grabaziogintzan egiten duen lan eskerga, Allan Kozinn kritikariak The New York Times-i (2005) adierazi bezala, «ez da musika berreskuratze kontua bakarrik; sorkuntzaren suspertzea da, batez ere».

 

Bere ibilbidean, Erdi Aroko, Errenazimentuko, barrokoko eta klasizismoko musikaren errepertorioak grabatu eta editatu ditu 230 diskotan baino gehiagotan, eta arreta berezia eskaini dio ondare musikal hispaniar eta mediterraneoari. Ekoizpen horrek hainbat sari jaso ditu, hala nola Midem, International Classical Music eta Grammy sariak. Bere kontzertuetako programek zubiak eraikitzeko tresna bihurtu dute musika, herri eta kulturen artean (batzuetan gatazka dutenen artean ere bai) elkar ulertzeko eta bakea eraikitzeko bitartekari gisa. Zerbaitegatik izendatu zuten 2008an «Kulturarteko komunikaziorako Europar Batasunaren enbaxadorea» eta, Montserrat Figuerasekin batera, «Bakearen aldeko Artista», UNESCOren «Borondate Oneko Enbaxadoreak» programaren barruan.

 

Nabarmentzekoa da Vicent Martín i Soler-en Una cosa rara eta Il burbero di buon cuore lanen aurkikuntzan eta antzezpenean izan zuen parte hartzea. Zuzendari lanak ere egin ditu Le Concert des Nations-en eta La Capella Reial de Catalunya-n, Claudio Monteverdi-ren L’Orfeo lanaren, Antonio Vivaldi-ren Farnace eta Il Teuzzone obren eta Johann Joseph Fux-en Orfeo ed Euridice lanaren antzezpenetan.

 

Bere ibilbide musikal oparoari esker, nazioko eta nazioarteko izendapen edo saririk onenak jaso ditu, besteak beste: honoris causa doktore titulua Evora (Portugal), Bartzelona (Katalunia), Lovaina (Belgika) eta Basilea (Suitza) hirietako unibertsitateetan; Frantziar Errepublikako Ohorezko Legioko Zaldun titulua; Saxonia Behereko Kultura eta Zientzia Ministerioak ematen duen Bakearen aldeko Musikaren Nazioarteko Saria; Kataluniako Generalitateko Urrezko Domina eta Leoni Sonning izen handiko saria, musikako Nobel saritzat har daitekeena. «Aberastasun neurtezina duen ondare kultural komuna erakusten digu Jordi Savallek. Gure garaiaren neurriko gizona da» (The Guardian, 2011).

 

 


EGITARAUA

 

“Ekialdea - Mendebaldea. Arimen elkarrizketa"

Elkarrizketa, askotariko musika instrumentalen artean: antzinako Hispania kristau, judutar eta musulmaneko musika; Erdi Aroko Italiako musika; eta Maroko, Israel, Afganistan, Armenia eta antzinako Otomandar Inperioko musika.

 

 

Alba (Castelló / berberea)

Erotokritos – Bizantziar dantza (Grezia)

Haizearen dantza – Tradizio berberea

La Quarte Estampie Royal – Le Manuscrit du Roi (Paris, XIII. mendea)

Saltarello – Alfontso X.a Jakituna (CSM 77-119)

 

 

Arrosa loratu da – Sefardi tradizionala (Istanbul)

Laïli Djân – Tradizionala (Afganistan)

Azat astvatsn & Ter kedzo (Oda askatasunari) – Tradizionala (Armenia)

Makām-ı Uzzäl Sakîl "Turna" Semâ’î – Mss. D. Cantemir (324)

 

 

Rotundellus – Alfontso X.a Jakituna (CSM 105)

Menk kadj tohmi – Tradizionala (Armenia)

Nastaran (Naghma instr.) – Tradizionala (Afganistan)

Lamento di Tristano - Trecento mss. (Italia, XIII. mendea)

In pro – Trecento mss. (Italia, XIII. mendea)

 

 

El Rey Nimrod – Sefardi tradizionala

Makām-ı Hüseynī Sakīl-i Ağa Rıżā – Mss D. Cantemir (89)

Alagyeaz & Khnki tsar – Tradizionala (Armenia)

Saltarello – Trecento mss. (Italia, XIII. mendea)

 

 

Kataluniako Generalitateko Kultura Sailaren eta Ramon Llull Institutuaren babesarekin.

 

 


PROGRAMAREN GAINEKO IRUZKINAK

 

Jordi Savall

Haize bera arnasten dugu, baina bananduta bizi gara. Hala eta guztiz ere, bereizten gaituena baino askoz ere handiagoa da batzen gaituena. Mediterraneo itsas eder eta urdinak harrera egingo digu estimu handian ditugun udako jardunaldi hauetan. Itsas beraren indar boteretsuak hainbat pertsonaren itxaropena itotzen du egunero, pertsona batzuen enpatiarik eza eta axolagabetasuna urgaineratuta, baita beste pertsona batzuen laguntza, elkartasuna eta onberatasuna ere. Historian betidanik gertatu diren kultura-loturen seme-alabak gara, itsas berean arrantza egin zuten beste herri batzuekin nahasi nahian, itsas hori zeharkatu duten herrien ondorengoak gara. Beste aldera begiratu baino, edo ezberdintasunei soilik erreparatu baino, hobe genuke onartuko bagenu batzen gaituen hori.

Kulturen arteko elkarrizketan, jatorri eta erlijio askotariko pertsonen arteko bakea eta adiskidetasuna lortzeko asmoan, musikaren hizkuntza da gizakien adierazpen zintzoena, benetakoena. Jordi Savall adituak dio musikak baduela pertsonak lotzeko gaitasuna: «musika eta maitasuna bakea lortzen saiatzeko azken gotorlekuak dira». Musikak, emozioen dimentsiotik eta dimentsio espiritualetik aztertuta, duela hainbat mende lur partekatu batean sortu ziren erritmo eta melodia batzuekin konektatzen gaitu; garai hartan eta lur hartan ez zegoen mugarik, ezta banaketarik ere. Hortaz, gure tradizioan eta Mediterraneoaren historia partekatzen dugun herri guztien historian antzinako musika-nota horiek ditugu.

Jordi Savallek ekialdeko eta mendebaldeko musikak lotzeko proiektuan parte hartzen du. Berak, beste helburu batzuen artean, erakutsi nahi du «gaur egungo arazorik nagusia amnesia dela», eta zerbait berria edo mundu baketsua eraikiko badugu, aurrez gogoratu egin behar dugula. Musikak guregan eragiten du oroitzeko gaitasuna, emozioen hizkuntzan hitz egiten digu: «umetan lo-kanten bidez ikasten dugu, Jainkoarekin zein galdu ditugun pertsonekin hitz egiteko balio du». Pertsonen arimara heltzeko biderik zuzenena da.

Amin Maalouf idazleak —Libanon jaioa, Parisen bizi da— zintzotasun handiz eta modu oso poetikoan azaldu digu zer sentitu zuen Jordi Savallek eta Pedro Estevan-ek aurkeztutako ekialdeko eta mendebaldeko musika entzun zuenean: «Ezohiko eta aparteko bizipena izan zen. Emozio estetikoarekin batera, sentimendu askoz ere sakonagoa sentitu nuen, gizon-emakume guztiok bat-batean, bakeak eginda, elkarrekin bat egingo bagenu bezala». Eta, adostasunaz eta kulturen eta erlijioen arteko elkarrizketaz gain, Maaloufek hauxe adierazi du: «arimen arteko elkarrizketa da beharrezkoa; eta horixe bera sentitzen dugu, hain zuzen ere, askotariko garai eta lur horietako melodia ederrak entzuten ditugunean. Bat-batean urrutikoak iruditzen zitzaizkigun edo etsaitzat jotzen genituen zibilizazioak gugandik hurbil sentitzen ditugu, konplizitate ikaragarriaz».

Jordi Svallek erabat errespetatzen du Mediterraneo itsasoaren inguruan eta haratago, ekialderantz, bizi zen kultura bakoitzeko musika-identitatea. Arabiarrek, kristauek eta juduek melodiak eta erritmoak sortu zituzten, elkarrekin bizi zireneko garaian. Musika-tresnak zituzten, eta interpretazio-estiloak eta kantu monodikoko estiloak osatu zituzten. Kantu monodikoak, adibidez, garrantzi handia izan zuen Iberiar Penintsulan, Erdi Aroan.

Musika-trena batzuen historiak hoberen azaltzen du kulturen arteko aspaldiko lotura. Organologiari lotutako azterlanen bidez, gaur egun ezagutu ahal izan ditugu musika-tresna askoren jatorria eta bilakaera. Musika-tresna ezagunenetako batzuk (adibidez, hari igurtzi edo pultsatuko musika-tresnak) oso antzinakoak dira, eta Antzinaroan Mediterraneo itsas ertzetan eta Ekialde Ertaineko lurretan bizi ziren kulturei lotuta dago haien jatorria. Gogora dezagun, esaterako, Mesopotamiako edota Egiptoko artean jasota dagoen ikonografia musikala. Era berean, geroago, arku-instrumentuak edo hari pultsatuko instrumentuak hedatu eta gure Erdi Aroko artean nagusitu ziren. Agerikoa da lautea edo arrabita Iberiar Penintsulan sortu zirela, eta haien jatorria islamikoa dela. Musika-tresna horien hedapena oso garrantzitsua izan zen Erdi Aroan, eta arku-bihuelekin batera bilakatu ziren; izan ere, Europako Aro Modernoan arrakasta handia lortu zuten, biola edota biolin bilakatuta. Eta zer esanik ez perkusioari buruz. Ondoriozta dezakegu, beraz, mendebaldeko orkestraren jatorria antzinako kultura horietako musika-tresnen konbinazio oroitarazle eta aberats horri lotuta dagoela.

Jordi Savallek adierazi du mendebaldeko kulturetan antzinako dantzak eta abestiak ahoz transmititzeari esker kontserbatu direla musika-tresna ugari (adibidez, lautea, arrabita, salterioa edo lira) eta hainbat mendetan erabili ziren teknika instrumentalak eta haien jatorrizko soinuak. Horrenbestez, ekialdeko herrietan ahozko tradizioaren bidez herritarren artean bizirik jarraitzen duten kulturen musika-aberastasun handia ezagutzen badugu, ulertu ahalko dugu nolakoa izan zen gure musika, kristauen, musulmanen eta juduen kulturen arteko aldeak hain agerikoak ez zirenean. Cantigas de Santa María [Santa Mariari kantak] kodexetan hiru kultura horietako instrumentu-jotzaileen irudiak jaso dira, eta, badakigu teknika instrumental oso birtuosoak menderatzen zituztela, Alfontso X.a Jakitunaren gortean, XIII. mendearen erdialdean; beraz, herrien artean hartu-eman musikala zegoela erakusten dute balio handiko adibide horiek.

Musika horiek guztiek partekatzen dituzten ezaugarrietako bat testura monodikoa da, baita melodien izaera modala ere. Savallek adierazten duen bezala, kulturen arteko «kutsadura» eta kulturen arteko «trukea eta trafikoa» galduz joan zen, eta mendebaldeko edo iparraldeko kulturen eta ekialdeko edo hegoaldeko kulturen arteko harremana ezabatzen joan zen: batetik, polifonia asmatu eta garatu zenean; eta, bestetik, judu sefardiak eta musulmanak Iberiar Penintsulatik kanporatu zituztenean, eta tonu-armonia gero eta nabariagoa izan zenean. Hori gertatu baino lehen, ornamentazio melodiko adierazkor eta iradokitzailea eta interpretazio-tekniken freskura (adibidez, inprobisatzearena) beti izan ziren haietako osagaiak. Savallek eta Estevanek landu dituzten lanen artean, baliteke Makam lanak interpretazio-askatasun handienekoak izatea. Konposizio horiek bereber jatorrikoak dira, eta Erdialdeko Ekialdera zabaldu ziren; haien musika-notek botere mistiko eta espiritualak omen dituzte, baita sendagarriak ere.

Bestalde, kultura sefardiaren tradizio musikala ezin ederragoa da, eta beraren erritmo eta biratze melodikoetan eta estrofa-ereduetan agerikoa da olerki tradizionalen fintasuna. Musika bizia da, benetan, belaunaldiz belaunaldi transmititua, eta sefardiek, Iberiar Penintsulatik kanporatu ondoren, immigrazioan zeharkatu zituzten lur guztietatik igaro da. Kanporatu arren, ez zen ezabatu kanta sefardien identitatea, baina abeslariek zer lurra zeharkatu, hango kultura- eta musika-elementuak hartzen zituzten; besteak beste, Afrikako iparraldetik eta Mediterraneo itsasoaren ekialdeko itsasertzetik bidaiatu zuten. El rey Nimrod [Nimrod erregea] da kanta sefardi ezagunenetako bat. Pertsonaia legendarioa da. Babel dorrea eraiki omen zuen, eta Abrahamen etsaia da. La rosa enflorece [Arrosaren loraldia] kantaren adierazkortasuna bereziki ederra da. Kanta horri Los bilbilicos [Urretxindorrak] ere esaten zaio, eta Rodas irlako komunitatean kontserbatu da.

Erdi Aroko Europa kristautik hamaika istorio eta kanta igaro ziren, eta hainbat mendetan jarraitu dute bizirik, ahozko tradizioari esker. Haietako bat Trista eta Isolda pertsonaien kondaira zen. Jatorriz, kondaira zelta da, eta geroago idatziz ere kontserbatu da. Garai hartan abesti eta dantza ugari hedatu ziren: esaterako, Lamento di Tristano, XIII. mendeko italiar eskuizkribu batean kontserbatutako dantza. Barrokoa hasi arte, lehenengo musika instrumentalek izan zuten joera inprobisatzailea hainbat mendetan kontserbatu da dantzatzeko musiketan. Erdi Aroko dantza zaharrenetako batzuk liburuen bitartez kontserbatu dira. Liburu horiek dira, besteak beste, El manuscrito del Rey, Frantzian XIII. mendetik kontserbatua; eta Cántigas de Santa María, Alfontso X.ak bilduta.

Musika artea da, eta pertsonak biltzen ditu, kultura-, erlijio- eta geografia-mugak ezabatuta; musika, era horretan ulertua, Savallen eta Estevanen programaren oinarria da, hain zuzen ere. Jordi Savallek honela azaldu zuen: «Kultura-elkarrizketaren ezinbesteko funtsa kultura guztiak aintzat hartzea da, haien garrantzia edo ospea alde batera utzita. Musikaren hizkuntzan ideiak eta emozioak (...) adierazi eta trukatu ahal dira, eta, gure ustez, gaur egun inoiz baino beharrezkoago eta garrantzitsuagoa da sinestea hori posiblea dela. Garai guztietako juglareek eta musikariek bezala, geuk ere benetan uste dugu, erlijio- eta kultura-aldeak egon arren, “musikak guztioi lagundu ahal digula gure gogoa aldatzen, ausardiaz eta sendotasunez jokatzen eta eskuzabaltasunez eta zintzotasunez aritzen. Eta ausardia, sendotasuna, eskuzabaltasuna eta zintzotasuna gobernu onaren ardatzak dira”».

 

 


ERABATEKO PROGRAMA - XXXVII.ARABAKO AINTZINAKO MUSIKA ASTEA