null Xabier Gullón e

Xabier Gullón Elgarresta

 

Xabier Gullónek beka jaso du Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak arte eszenikoen eta musikalen arloan emandako 2022ko prestakuntza-beketako batekin.

 

Gasteizen jaio zen, 1997an. Patxi Divar eta Isaac Rodríguez-ekin egin zituen klarinete ikasketak, eta kalifikaziorik gorenak lortu zituen. Gaur egun, bizitza profesionalarekin batera, ikasten jarraitzen du Koninklijk Conservatorium Den Haag-en, Olivier Patey irakaslea, Amsterdam-eko Royal Concertgebouw Orchestra-ko bakarlaria, tutore duelarik.

 

Interprete moduan, zenbait sari eta ezagutza jaso ditu, hala nola Euskal Herriko Interprete Gazteen Lehiaketako A eta B kategorietako lehenengo saria eta Bartzelonako XIX. “Cicle de primavera” lehiaketako lehenengo saria. Bai 2017an, bai 2018an, kanporatze faseen ondoren, Ferrer-Salat Musika Fundazioak ematen duen bikaintasun bekaz saritua izan zen, eta 2019an Fundació Conservatori Liceu-k beka osoa eman zion master ikasketak egiteko. 2022an, Yamaha Music Europe Foundation ospetsuak bere beka bakanetako bat eman zion, haren talentua aitortuz. Portugalgo Verano Classico musikaldiak gonbidatu du talentu berrientzako TalentFest Concert kontzertuan jotzera, non Deutsche Grammophone prestigiotsuaren kritika bikaina jaso baitu.

 

Bakarlari moduan aritu da hainbat aldiz, bai Gasteizko Udalaren Musika Bandarekin, bai EIO Gaztearekin, Euskal Herrian, eta Ensemble Liceu XXI-rekin Katalunian, J. Cañizares-en “Dance Movement” klarinete eta orkestrarako kontzertua estreinatuz.

 

Ganbera musikaren arloan, nazioarteko hainbat ziklo eta musikalditan aritu da. Nabarmentzekoak dira Pablo Casals Musikaldia (Frantzian), Davos Festival (Suitzan), Rencontres Musicales de Méditerranée (Kortsikan), Festival Emergents (Bartzelonan) eta Fringe Festival (Torroella de Montgrí). Modalitate horretan, Euskal Herriko Interprete Gazteen Lehiaketako A kategoriako lehenengo saria ere irabazi du, eta XIII. Higini Anglès Musika Lehiaketaren kategoria goreneko lehenengo saria.  Hainbat aldiz nazioarteko ospea duten zenbait interpreterekin jardun du, hala nola André Cazalet, Jean Louis Cappezzali, Marc Bouchkov, Guillermo Salcedo, Ji-Young Lim eta Hayoung Choi.

 

Mahler Chamber Orchestra prestigiotsuko kide akademista izan zen 2020/21 denboraldian. Orkestra-hastapenak Euskal Herriko Ikasle Orkestra – EIOrekin egin zituen. Orquestra Simfònica del Vallès, Orquesta Simfònica del Gran Teatre del Liceu eta Luxembourg Kammerorchester-ekin lankidetzan jardun ohi du. Gaur egun, Joven Orquesta Nacional de España – JONDEko kide titularra da, eta Jove Orquestra Nacional de Catalunya – JONCeko kidea ere izan zen, baita Suitzako Davos Festival-eko akademista ere, Animato Foundation-en beka batekin.

 

Arte eszenikoen eta musikalen arloko prestakuntza-bekak 2022 itzuli