null Arabako Antzinako Musikaren Astea

Antzinako Musika Asteak bere 41. edizioa egingo du, "Hitzetik abiatuta eraikitzen" lelopean

Antzinako Musika Asteak bere 41. edizioa egingo du,

Arabako Antzinako Musika Astearen 41. edizioak 14 kontzertu orokor, hiru musika jarduera Txikien Astean, bi hitzaldi eta proiekzio bat izango ditu, irailaren 1etik 10era bitartean, eta lurraldeko kuadrilla guztiak eta Trebiñuko enklabea hartuko ditu barnean; azken urteetan bezala, naturan dauden ondare kokapenetan egingo da.

 

"Hitzetik abiatuta eraikitzen" da Antzinako Musika Astearen 41. ediziorako proposatutako leloa. Bat ez etortze eta desadostasunetako garai konplexu hauetan, inoiz baino beharrezkoagoa dirudi gelditzea, geure buruari begiratzeko denbora ematea eta elkarrizketa eraikitzaile bat hastea, lehenik norberarekiko eta gero besteekin.

 

Horiek horrela, musika da gure aliatua: isiltasuna, kontzentrazioa, entzutea, elkar ulertzea, barrutik kanporantz ateratzea eta berriz ere barrura itzultzea eskatzen du. Izan ere, musika isilunez eta kodez osatuta dago, beste hizkuntza bat izaki. Hizkuntzarik gabe, hitzik gabe, ez dago ez hausnarketarik ez kontzentraziorik.

 

Hartara, Arabako Antzinako Musika Asteak airea hartu nahi du, eta, inoiz baino gehiago, topaketarako, hitzerako, pentsamendurako eta komunikaziorako espazio egokia izan nahi du. Programetako askok testua dute beren lanaren oinarri; hasteko, Juan de Anchieta (edo Johannes de Antxieta, bi eratara sinatzen baitzuen) daukagu, zeina baita antzinako musikaren euskal konpositore garrantzitsuena, eta haren corpusa polifoniaz osatuta dago, batez ere erlijiozkoa. Haren heriotzaren 500. urteurrena ospatuko dugu, bi kantari gasteiztar espezializaturi egindako enkarguekin: Carlos Mena eta David Sagastume. Bi formazio oso desberdinek (lehenengoak organoa du, eta bigarrenak lau ahots eta organoa) konpositore azpeitiarraren aberastasuna eta originaltasuna erakutsiko digute.

 

Anchieta beste programa batzuetan ere egongo da, bere estiloa bere garaikideenarekin kontrajarri ahal izateko, hala nola Armonía Concertada-ren proposamena egongo da (María Cristina Kiehr, Jonathan Alvarado eta Ariel Abramovich), bai eta KEA ahots taldearen edo Tetraphillia ensemblearen eta Ander Telleriaren proposamenak ere.

 

Ahots musikak presentzia izaten jarraituko du, El León de Oro asturiar abesbatza ospetsuaren aurkezpena egingo delako Gasteizen; "arimaren elkarrizketa" aurkeztuko dute, polifonista espainiar eta ingelesen lanek osatua. Era berean, Alicia Amo sopranoa entzuteko aukera izango dugu, Musica Boscareccia ensemblearekin batera. Hura, Andoni Mercerorekin batera, zuzendari ari da Nebra eta Corselli-ren kantaten errezitaldi batean. Taldea, zeina Dulantzin kokatua baitago, musika bikain hori arrakastaz ari da berreskuratzen.

 

Baina hitzak, batzuetan, ez du ahotsik behar komunikatzeko: hori erakutsiko digu Jorge Jiménez biolinista barrokoak, zeinak, bere talde Tercia Realidad-en buruan, Farinelliren ertz birtuosistikoak biolinera eraman baititu. Bai eta Isabel Villanueva biolak ere, zeinak, isiltasunetik abiatuta, "erritual" bat egingo baitu San Vicentejo ermitan (han kokatu zuen Eva García Sáenz de Urturik El silencio de la ciudad blanca eleberria). Errepertorioa oso berezia eta zentzuz egina da, Hildelgarda von Bingen abiapuntu eta Kurtág helmuga izango baitira.

 

Kirmen Uribe poetari egindako enkargua da edizio honetarako proiektu berezi bat. Poetak bere bertso eta pentsamenduei ahotsa emango die, Enrike Solinís sortzailearen gitarra lagun duela.

 

Eta Astean ez dira ahaztuko txikienak eta haien familiak, Txikien Astearen bidez musika eta antzerkiko hainbat ikuskizun eskainiko baitira hiriburuko eta probintziako oso gune desberdinetan, hilaren 2an, 5ean eta 8an. Gainera, hilaren 5ean dokumental bat proiektatuko da, eta hilaren 6an eta 7an bi hitzaldi emango dira.

 

Bi kontzertutan - Kirmen Uriberena (larunbata, hilak 2) eta Carlos Mena Daniel Oyazabalarekin (astelehena, hilak 4)- 3 euroko prezio sinbolikoa ordaindu beharko bada ere besteak doakoak izango dira, baina gonbidapena beharko da (hemen eskuratu ahalko da, bihar, uztailak 27an): www.entradium.com. Hitzaldietarako ez da gonbidapenik beharko.

 

Programa osoa eta sarrerak erreserbatzea

 

 

 

Arabako Antzinako Musikaren Astea

Arabako Antzinako Musikaren Asteak, Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatuta, Erdi Aroko, Errenazimenduko eta Barrokoko musika lanak interpretatzen diren kontzertuak eskaintzen ditu urtero irailean. Kontzertuetan garai horretako musika tresnak jotzen dira, jatorrizkoak edo jatorrizkoen kopiak.

Hogeita hemeretzi edizio eginda, “Astea” gure lurraldeko musika arloko erreferentzia puntu bat bilakatu da, eta bilgunerik jendetsuenetako bat, gonbit txartelen banaketa iragartzen den bakoitzean sortzen diren ilara luze-luzeek agerian jartzen duten bezala.

Astearen erdigunea Gasteizko Santa Maria katedrala da, bertan ematen baitira kontzertu gehien-gehienak. Baina Arabako hiriburua ez da protagonista bakarra, jaialdia Araba guztira zabalik baitago, lurraldeko hainbat herritan ematen diren kontzertuekin.

Historia

Bere historia luzean, Antzinako Musikaren Astea hainbat agertokitatik pasatu da, hala nola San Pedro eliza, San Bizente eliza, Santa Maria katedrala, Escoriaza-Esquivel jauregia edo Villasuso jauregia, eta 2016. urteaz gero Arabako Lurralde Historikoko zenbait herritako elizetara eta lekutara ere hedatu da.

Jotzaileak

Arabako Antzinako Musikaren Astean, Espainiako eta nazioarteko artistek parte hartu dute, hala nola Carlos Mena, Sara Mingardo, Emma Kirkby, Jordi Savall, Vittorio Ghielmi, Kenneth Weis, Pierre Hantaï, Hopkinson Smith; zuzendarien artean, aipa ditzagun Eduardo López Banzo, Peter Phillips, Fabio Biondi eta Rinaldo Alesandrini; eta taldeen artean, Tallis Scholars, Il Giardiano Armonico, Europar Batasuneko Orkestra Barrokoa, Orquesta Barroca de Sevilla, Al Ayre Español, His Majesty’s Sagbutts and Cornetts eta abar luze bat.

Sarrera

Doako kontzertuak, gonbidapenarekin, tokiak bete arte. 
2022an, kontserbatorioko kontzertuetarako sarreren prezioa 6 eta 9 euro artekoa izango da. 
Sarrerak eta gonbidapenak jendearen eskura egongo dira webgunean, uztailaren 4tik (astelehena) aurrera.

Edizioak