Kultura Etxeak lehenengo " Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia" antolatu du - kulturaraba
Kultura Etxeak lehenengo "Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia" antolatu du
Ignacio Aldecoa Kultur Etxea izango da programaren egoitza nagusia, eta literaturan eta irakurketan interesa duen edonori zuzendutako tailerrak, hitzaldiak eta irakurketak eskainiko ditu.
Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak "Aldecoa, Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia" izenekoaren lehen edizioa antolatu du. Jaialdi hori Iban Zaldua idazleak zuzenduko du, martxoaren 13tik 16ra bitartean, eta lurraldean dagoen potentziala aprobetxatu nahi du, Araba "ipuinaren erreferente bihurtzeko, jadanik dena baino gehiago".
Programa, nagusiki, Arabako Kultura Etxean gauzatuko da, baina ez bakarrik (Arabako Unibertsitate Campusera ere zabalduko da), eta literaturan eta irakurketan interesa duen edonori zuzendutako tailerrak, hitzaldiak eta irakurketak eskainiko ditu.
Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak aurkezpenan zera adierazi du jaialdiaren aurkezpenean: "Ipuina, literatura genero gisa, inoiz baino biziago dago: argitaletxe gehienek beren katalogoetan eskaintzen dituzte, irakurleek generoarekiko duten zaletasuna adierazten dute, egileek ez diote inoiz ipuinak lantzeari utzi, eta Euskadi, gainera, potentzia bat da ipuingintzaren arloan. Hori guztia eta Aldecoaren aitzindari lanari eta geroagoko autore askoren lanari esker lurraldean ipuinaren arloan dugun potentziala ezinbesteko osagai izan dira jaialdi honen aldeko apustua egiteko. Izan ere, jaialdi hau jarraitzeko asmoarekin jaio da, eta urteroko kultura hitzordu sendotuetako bat izateko asmoarekin”.
Horrez gain, horren guztiaren jakitun izanik, Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak Aldecoa, Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia sortu du. Arabako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua da, literaturaren eta liburuaren inguruko proposamen berezi bat eskaini nahi diena Gasteizko, lurralde historikoko eta aldameneko lurraldeetako herritarrei, Arabako hiriburua ipuin literarioaren nazioko eta nazioarteko erreferente bihur dadin.
Era berean, euskaraz eta euskaratik sortutako ekimen honek euskal ipuin literarioaren sorkuntza nabarmendu nahi du.
"Aldecoa jaialdiaren helburua, azken batean, nazioarteko kontakizun laburraren eremuko izen ospetsuak Arabara erakartzea da, genero literarioaren izaera unibertsala azpimarratzeko eta haren sorkuntzaren hedapena bultzatzeko, bai euskaraz, bai gaztelaniaz" adierazi du foru arduradunak.
Gonbidatuak
Eloy Tizón, Isaac Rosa, Tina Vallés, Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Ana Malagon, Aixa de la Cruz, Joseba Sarrionaindia, Pedro Ugarte, Mariasun Landa eta Benizze dira hitzorduan parte hartuko duten sortzaileak. Nagore Fernandez-Zabala, Mari Jose Olaziregi eta Irati Majuelo akademikoek osatzen dute programa.
Jardueretan parte hartzea doakoa izango da. Aurretik izena eman behar da, webgune honen bidez: aldecoafestibala.araba.eus.