null Kultura Sailak Ignacio Aldecoa Nazioarteko Ipuin Sariaren 55. ediziorako deialdia egin du; 12.000 euroz hornituta dago

“Premio Ignacio Aldecoa" gaztelaniazko ipuin lehiaketa

“Premio Ignacio Aldecoa” gaztelaniazko ipuin lehiaketa

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak Ignacio Aldecoa Nazioarteko Ipuin Sariaren 55. ediziorako deialdia ireki du. Sari hori Estatuko literatura lehiaketa sendoenetako bat da, eta gaztelaniazko literatura sorkuntza sustatzea eta finkatze prozesuan dauden ahots eta egile berriei laguntzea du helburu. 

Eskaerak aurkezteko epea 2026ko martxoaren 31ra arte zabalik egongo da. Saria 12.000 eurokoa da, eta zenbateko horrek indartu egiten du Aldundiak literatura sorkuntzarekin duen konpromisoa.

16 urtetik gorako pertsonek parte hartu ahal izango dute, nazionalitatea edo bizilekua edozein dela ere. Lanak jatorrizkoak, argitaragabeak, aurretik saritu gabeak eta jatorriz gaztelaniaz idatziak izango dira. Parte hartzaile bakoitzak gutxienez 20.000 hitzeko ipuin bilduma bat aurkeztu behar du. Bilduma horretatik ipuin bat aukeratu behar du lehiaketan parte hartzeko.

Arabako Foru Aldundiak saritutako ipuina eta lehiaketara aurkeztutako bilduma osoa argitaratuko ditu ospe handiko argitaletxe batekin, epaimahaiak epaia eman eta hamabi hilabeteko epean. 

Hautagaiak telematikoki aurkeztu ahal dira, Arabako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, edo, aurrez aurre, Erregistro Orokorrean, oinarrietan ezarritako baldintzei eta formatuei jarraituz. Kasu guztietan, obrak modu anonimoan aurkeztu beharko dira, ezizena bakarrik jarrita.

Epaimahaiak, literatura arloko profesionalek osatua eta emakumeen eta gizonen arteko osaera orekatua duena, sormen eta originaltasun irizpideak, egitura eta erritmo narratiboa, eta hizkuntzaren aberastasuna eta koherentzia kontuan hartuta baloratuko ditu lanak. Epaia apelaezina izango da, eta epaimahaiak saria eman gabe utzi ahal izango du, egoki iritziz gero.

Lanak aurkeztea

“Premio Ignacio Aldecoa” ipuin lehiaketa gaztelaniaz - Egoitza

 


José Ignacio de Aldecoa Isasi  Gasteizen jaio zen, 1925ean. Haren idazle talentua eleberri eta ipuinetan garatu zen erabat. Kritikaren Saria jaso zuen 1958an eta garrantzi handia izan zuen Espainiako 50eko hamarkadako narrazioaren errealismo berriaren testuinguruan.