Irabazleak -‘Gazte Talent’ musika-taldeen eta -bakarlarien gazteentzako lehiaketa - kulturaraba
Irabazleak -‘Gazte Talent’ musika-taldeen eta -bakarlarien gazteentzako lehiaketa

Gazte Talent 2025 talde eta bakarlari gazteentzako lehiaketaren 11. edizioak baditu irabazleak: Taldeak Dirdaia eta Makriba izan dira.
Euskarazko talde onenaren saria Nun-ek jaso du, eta emakumeen presentzia duen proiektu onenaren akzesita, berriz, Deus Ez-ek.
Jasotako 41 proposamenetatik, hautaketa batzordeak Dalton & Co, Dirdaia, Deriba, Deus Ez, Nun eta Makriba aukeratu zituen finalerako.
Abenduaren 8an eta 9an Jimmy Jazz aretoan emandako kontzertuen ondoren, epaimahaiak Dirdaiari Laboral Kutxa Gazte Talent saria eman zion 25 eta 35 urte bitarteko gazteen kategorian. Bestalde, Makribak Gazte Talent Saria lortu zuen, 14 eta 24 urte bitarteko parte-hartzaileei zuzendua.
Epaimahaia Jorge Gonzalez musikari, musika-kazetari eta managerrak, Irantzu Martinitz-Xil musikologo eta irakasleak eta Xabier Arratibel musikari eta argiztapen-teknikariak osatu zuten. Bere erabakiari bertaratutakoen botoak gehitu zitzaizkion: abenduaren 8an gehiengoak Dalton & Co babestu zuen, eta abenduaren 9an Makriba.
Sariak
- Talde eta bakarlari finalista guztiek 200 € jaso dituzte abenduaren 8 eta 9an zuzeneko kontzertuak eskaintzeagatik.
- Gazte Talent & Laboral kutxa sariak (Makriba eta Dirdaia): 1000 € talde bakoitzeko, eta Gasteizko jaietako programazioaren baitan Falerina lorategian jotzeko aukera, boloa kobratuta (taldeek hala nahiko balute).
- Accesit-a euskarazko talde edo bakarlaririk onenarentzat (Nun): 500 € eta Gazte Plaza ekimenean kontzertua emateko aukera, boloa kobratuta (taldeak hala nahiko balu). Nahi izanez gero, Araba Euskarazen ere jotzeko aukera izango luke.
- Accesit-a emakumeen presentzia duten talde edo emakumezko bakarlaririk onenarentzat (Deus Ez): 500 € eta Arabako Foru Aldundiak antolatutako San Prudentzioko jaietan, Armentiako zelaietan kontzertua emateko aukera, boloa kobratuta (taldeak hala nahiko balu).
- Erresidentzia: Hurrengo asteetan, Jimmy Jazzeko talde teknikoak erabakiko du zein taldek egingo duen aretoan antolatutako musika-egoitza, kontzeptu teknikoak eta ekoizpenekoak finkatzeko.
Talde irabazleei buruzko informazioa
14-24 urteko kategoria:
- Makriba (Gazte Talent saria): lau lagunek osatzen dute Gasteizko rock taldea. Gitarra eta koruak nabarmentzen dira Covid garaian sortu zen eta The Cure edo Itoiz bezalako taldeen soinuak bilatzen dituen banda honetan.
Deus Ez (Akzesita Emakumeen presentzia): 2024an Errekaleorreko janari-denda zaharrean (orain entsegu lokal bihurtu da) sortutako rock alternatiboko banda. The Pixies, Sonic Youth, Belako eta Idles dira haien influentziak. Abestiak euskaraz idazten dituzte eta ingelesetik euskarara ekarri nahi dute jotzera animatu zituzten taldeen estiloa.

- Nun (Akzesita Euskara): mitologia eta gaurkotasuna euskarazko pop-rock musikarekin nahasten dituen Gasteizko musika-proiektua. Bi urtez bakarlari izan ondoren, Nun bandarekin itzuli da eta, orain, bere lehen formatuetakoa baino askoz ere formatu instrumentalagoa aurkeztu du.

25-35 urteko kategoria:
- Dirdaia (Laboral Kutxa Gazte Talent Saria): Gasteizko euskarazko rock alternatiboko hirukotea, potentzia, pasarte melodikoak eta puntu esperimentala uztartzen dituena. Proiektuak genero askotako bandetan kideek aurrez izandako ibilbideetako eraginak biltzen ditu: besteak beste, Twin Rebels, The Brewgrass Society edo Bele Zuriak. ‘Printzak’ izeneko lehen disko autoekoitzia grabatzen ari dira.

Gazte Talent-i buruz
Gazte Talent Jimmy Jazz Elkarteak Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzua eta Kultura Zerbitzuarekin elkarlanean antolatzen duen musika talde eta bakarlari gazteen lehiaketa da.
Laboral Kutxaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Araba Euskarazen laguntza du.
2025ean bere 11. edizioa ospatu du lehiaketak.
‘Gazte Talent’ musika-taldeen eta -bakarlarien gazteentzako lehiaketa Araban eta Trebiñun bizi diren, ikasten duten edo lan egiten duten gazteei zuzenduta dago. Lehiaketa musika-taldeen eta -bakarlarien modalitateetan eta 14-24 urte eta 25-35 urte bitarteko kategorietan egingo da. Salbuespen gisa, banda edo taldeen kategorian, taldeko kideen % 25ek 35 eta 40 urte bitarte izan ditzakete.
Parte hartu nahi dutenek beren lanaren grabazioren bat aurkeztu behar dute. Hura aztertu ondoren, antolakuntzako kideek osatutako hautaketa-batzordeak abenduan Jimmy Jazz aretoan egiten den zuzeneko kontzertuen fasera igaroko diren taldeak eta bakarlariak izendatzen ditu. Zuzeneko emanaldiak jendearentzat irekita egiten da eta epaimahaia dago. Horrez gain, entzuleek ere botoa emateko aukera dute.
