Gazte Arte eta Gazte Talent lehiaketetan izena emateko epea ireki da - kulturaraba
Gazte Arte eta Gazte Talent lehiaketetan izena emateko epea ireki da

Gaur, irailak 17, ireki da Gazte Arte eta Gazte Talent lehiaketetan izena emateko epea. Gazteen sorkuntza eta talentua bultzatzeko Udalak antolatutako lehiaketak dira. Izena emateko epea urriaren 18ra arte egongo da zabalik Gazte Artearen kasuan, eta azaroaren 16ra arte Gazte Talenten kasuan.
Bi ekimen horiek Sortzen gazteen sorkuntzarako programaren parte dira. Kultura eta Gazteriako udal-zerbitzuek, Arabako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, eta, Gazte Talenten kasuan, Jimmy Jazz aretoaren lankidetzarekin, elkarrekin egindako lanaren emaitza dira.
Ana López de Uralde Gazteriako zinegotziak azaldu duenez, “Gazteriaren Udal Zerbitzuan konfiantza osoa dugu gazteen talentuan eta sormenean, eta, horregatik, beren trebetasunak garatzea, esperimentatzea eta proiektuak ikusaraztea ahalbidetuko dieten ekimenak bultzatzen jarraitzen dugu. Gure konpromisoa da talentu hori hazteko eta sendotzeko espazioak eta aukerak sortzen jarraitzea, interesak dituzten, eta Vitoria-Gasteizko bizitza kulturala aberasteko eta ekarpenak egiteko gaitasuna duten gazte sortzaileak nahi baititugu”.
Gazte Arte 2023-2024ko azken edizioaren ondoren itzuliko da, berritasun garrantzitsu batekin: Montehermoso Kulturunea zuzenean sartu da antolakuntzara. Orain arte, Ur Biltegia lagatzen zuen tailerrak egiteko, baina edizio honetatik aurrera lehiaketaren diseinuan eta garapenean ere parte hartuko du.
“Montehermoso gehituta, beste pauso bat eman nahi dugu talentu artistiko gazteari laguntzeko. Gazte Arte ez da soilik proposamen bat hautatu eta saritzea. Hori beharrean, gazteei sorkuntza-prozesuan laguntzea, beren lana garatzeko espazioak eskaintzea eta ondoren jendeari erakusteko aukera ematea da. Prozesu hori Montehermoso bezalako erreferentziazko zentroarekin lotzeak, gainera, sorkuntza garaikidearekin duen lotura indartzen du, eta aukera berriak irekitzen dizkie beren ibilbide artistikoa garatzen hasi direnei”, nabarmendu du Sonia Díaz de Corcuera Kulturako zinegotziak.
Gazte Arte Gasteizen edo Araban bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Ikusizko arteen edozein diziplinatako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte, hala nola pintura, eskultura edo ilustrazioa, instalazioak, performancea, arte urbanoa, teknika mistoak, bideoa edo ehungintzako artea.
Lau proposamen aukeratuko dira, eta Montehermosoko Ur Biltegian garatuko dituzte, publikoari irekita egongo den tailerrean, 2027ko urtarrilaren 2tik 8ra. Ondoren, lanak erakusketa kolektibo batean ikusi ahal izango dira, Jovellanos aretoan, urtarrilaren 28tik otsailaren 28ra.
Sorkuntza-prozesuan, irabazleek Mel Arranz eta Alba Tojo Gasteizko artisten laguntza izango dute, Gazte Arteren aurreko edizio batean saritutako Ani Chkhartishvilirekin batera (azken hau izango da tutore laguntzailea).
Gazte Talent
Bestalde, Gazte Talentek bere hamabigarren edizioa egingo du, lankidetza berriak gehituz. Araban eta Trebiñu Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko talde eta bakarlariei zuzenduta dago lehiaketa.
Berritasun nagusietako bat Izaskun Arrue Kulturgunearen (IAK) eskutik iritsiko da; izan ere, egonaldi artistikoa eta mentoringa eskainiko dizkio euskarazko talde edo bakarlari onenaren accesita lortzen duenari. Jimmy Jazz aretoak ere egonaldia eskainiko dio epaimahaiak aukeratutako sei proiektu finalistetako bati. Gasteiz Hoy komunikabidea ere kolaboratzaile berria izango da.
Aurten ere, Gazte Talentek bi sari nagusi izango ditu, bakoitza 1.000 eurokoa, eta 500 euroko bi accesit euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat, eta emakumeen presentzia duen talde edo emakumezko bakarlari onenarentzat. Sariek Andre Maria Zuriaren, Araba Euskarazen eta San Prudentzio jaietan parte hartzeko aukera ematen dute.
Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru-diputatuak nabarmendu duenez, “lankidetza horrekin jarraitzeak erakusten du oso garrantzitsua dela ahaleginak batzea sortzaile gazteei benetako aukerak eskaintzeko. Edizio honetan, gainera, Gazte Talenteko talde edo bakarlarietako batek Armentiako zelaietan jo ahal izango du San Prudentzioko programazioan. Zalantzarik gabe, publiko berrien aurrean beren talentua erakusteko eta Arabako ospakizun nagusietako batean esperientzia profesionala bizitzeko aukera bikaina izango da”.
Gazte Arte eta Gazte Talent Gasteizko 2024-2028ko Kultura Plan Estrategikoan eta V. Udal Gazte Planean kokatzen dira, helburu berarekin: hiriko sortzaileen belaunaldi berriei aukerak, laguntza eta ikusgarritasuna eskaintzea.