Arabako Arte Ederren Museoak "Fantasia eta arrazoia" inauguratuko du, Goyaren serie handiak lehen aldiz biltzen dituen erakusketa - kulturaraba
Arabako Arte Ederren Museoak "Fantasia eta arrazoia" inauguratuko du, Goyaren serie handiak lehen aldiz biltzen dituen erakusketa

Arabako Arte Ederren Museoak "Fantasia eta arrazoia" erakusketa inauguratuko du bihar. Erakusketa horrek lehen aldiz bildu ditu Goyaren (1746-1828) lau estanpa serie handiak: Kapritxoak, Gerraren hondamendiak, Tauromakia eta Burugabekeriak, eta 2027ko otsailera arte egongo da ikusgai.
Lanok 2022an sartu ziren museoaren bilduman, Juan Celaya Letamendi Fundazioak Arabako Foru Aldundiarekin zituen zerga zorrak gauzatan ordaintzeko edo zorrak kitatzeko emanda. Dokumentazio, katalogazio, azterketa eta zaharberritze prozesu arduratsu baten ondoren, estanpak batera aurkezten dira lehen aldiz, eta publikoari Goyaren jeinuaren ikuspegi osoa eskaintzen diote.

Serie bakoitzak gizartearen eta giza izaeraren alderdi desberdinak islatzen ditu:
- Kapritxoak serieak (1799) ezjakintasuna, superstizioak, zenbait estamenturen bizioak eta nagusikeria kritikatzen ditu.
- Gerraren hondamendiak serieak (1810-1815) Independentzia Gerran izandako gatazka belikoko tragediak, indarkeria eta heriotza erakusten ditu.
- Tauromakia serieak (1816), begirada kritikoaren eta teknika finaren bidez, zezen jaiaren gaiari heltzen dio, eta jardueraren berezko indarkeria nabarmentzen du.
- Burugabekeriak serieak (1815-1824) Goyaren azken etapako sormen askatasuna islatzen du, bai eta anbiguotasuna, gizarte kritika eta giza izaerari buruzko gogoeta ere.
Serieetako hiru, Kapritxoak, Gerraren hondamendiak eta Burugabekeriak, lehenengo edizioak dira; Tauromakia, berriz, bigarren edizioa da. Horri esker, grabatu teknikaren garapenari antzeman dakioke: akuafortea, lehenbizi; urtinta, ondoren, eta punta lehorra azkenik.
Gaur, Museoen Egunean, aurkeztu dute erakusketa Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Sara González de Aspuru Arte Ederren Museoaren arduradunak, eta haren garrantzia nabarmendu dute: "Serie hauek gaur egungo sentsibilitatera hurbiltzen gaituzte, bere garaiaren denbora muga gaindituta. Haren begirada kritiko, independente eta sakonki gizatiarrak gogoeta eta inspirazio iturri izaten jarraitzen du sortzaileentzat eta publiko garaikidearentzat".
Arte Ederren Museoak antolatu duen erakusketak José Manuel Matillaren eta Aldundiko Zaharberrikuntza Zerbitzuaren laguntza izan du. Zaharberrikuntza Zerbitzuaren lana funtsezkoa izan da erakusketa paregabe hau egin ahal izateko.