null Arabako Artxiboak Everesteko ametsa Dakar gogora

Arabako Artxiboak Everesteko ametsa Dakar gogora

Arabako Artxiboak Everesteko ametsa Dakar gogora

Vitoria-Gasteiz, 2026ko maiatzaren 14a. Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak «TXIMIST espedizioa: "EVERESTeko ametsa”» erakusketa inauguratu du gaur Arabako Artxiboan. Erakusketa hori euskal mendizaletasunak 1974an Everestera igotzeko egin zuen lehen ahalegineko protagonisten aintzatespena da. 

Erakusketak Vitoria-Gasteizen sortutako asmo handiko proiektu haren unerik garrantzitsuenetan zehar gidatzen gaitu, Himalaiarako sarbidea oraindik mugatua eta oso lehiakorra zen garai zail haiek dokumentatuz. Tximistek azkenean helburua betetzea lortu ez bazuen ere, oinarriak ezarri zituen eta ahalbidetu egin zuen sei urte geroago, 1980ko maiatzaren 14an, Everesten gailurra jotzea lortu zuen euskal espedizioak arrakasta hura gauzatu ahal izatea.

Erakusketan hainbat objektu eta dokumentuk laguntzen dute Tximist espedizioa zelan prestatu eta garatu zen kontatzen, nagusiki, EMMOA-Euskal Mendizale Fundazioaren bildumako argazkiek, jatorrizko ekipamenduek, zein Nepaleko oroigarri eta dokumentuek; guztiak ere euskal mendizaletasunaren esparrukoak dira.  Everest maketak osatzen du erakusketa, espedizioaren buru eta mediku izan zen Ignacio Lorente berak egina denak.

Ekitaldian hainbat alpinista eta espedizioko kide izan dira, hala nola, Luis Mari Sáenz de Olazagoitia «Petxu», Txomin Uriarte eta Ángel Lerma.

Inaugurazioan Ana del Valek adierazi du: "Arabako Artxiboaren zeregina ez da bakarrik gordetzen duen dokumentu ondarea kontserbatzea eta zabaltzea, baizik eta Arabako Kultura Planaren ardatza den memoriarako eskubidea edukiz betetzea, esaterako Arabako eta Euskal Herriaren historiako material garrantzitsuak erakutsiz. 1974ko Tximist espedizioari buruzko erakusketa hor kokatzen da, zalantza barik". 

Erakusketan doako argitalpen bat banatzen da. Argitalpenak espedizioaren mugarri nagusiak jasotzen ditu, kide batzuen bilduma pertsonaletako argazkiekin batera. Esteka honen bidez ekar daiteke behera katalogo osoa: https://web.araba.eus/documents/d/araba/expedicion-tximist-el-sueno-del-everest 

«TXIMIST espedizioa: "EVERESTeko ametsa”» erakusketa Arabako Artxiboan (Zumakadi pasealekua, 21) bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 16:30era, 2026ko uztailaren 3ra arte.