Carmen Martínez Guerra izango da berriz ere Antzinako Musikaren Asteko zuzendari artistikoa - kulturaraba
Carmen Martínez Guerra izango da berriz ere Antzinako Musikaren Asteko zuzendari artistikoa
Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak Carmen Martínez Guerra andreari adjudikatu dio, prozedura irekiaren bidez, Arabako Antzinako Musikaren Asteko zuzendaritza artistikoaren eta ekoizpenaren zerbitzua, 2024ko ediziorako, 4 ediziotan luzatzeko aukerarekin.
Arabako Foru Aldundiak antolatzen dituen programetan finkatuenetako bat da Arabako Antzinako Musikaren Astea. Urtero, antzinako musika, Erdi Arokoa, errenazentista, barrokoa eta preklasikoa eskaintzen ditu, batez ere europarra, baina baita beste musika tradizio batzuetakoa ere. Jaialdiaren 42. edizioa izango da aurten, irailaren 12tik 22ra, eta egitaraua hil honen amaieran aurkeztuko da.
Ana del Val foru diputatuak adierazi duenez, "Jaialdiaren eredua indartu eta eguneratzeko asmoz, 2020an Antzinako Musikaren Asteak zuzendari teknikoa izan zuen lehenbizikoz, eta Carmen Martínez Guerrak bete zuen eginkizun hori. Esperientzia ona izan ondoren, baina baita horrelako prozesuetan gardentasuna eta parte-hartzea hobetzeko eta jaialdi eredua indartzen jarraitzeko ere, zuzendaritza lehiaketara ateratzea erabaki genuen, kualifikazio handiko adituen lankidetza erakartzeko aukera emanez".
Carmen Martínez Guerra zuzendari artistikoa izan zen 2020ko edizioan, bai eta 2022an ere, Daniel Broncanok uko egin ondoren. Oraingo honetan, hurrengo edizioari ekingo dio "ilusio handiz eta Arabako Antzinako Musikaren Asteari nazioarteko prestigioa eta merezi duen kalitatea emateko konpromisoarekin".
"Arabako Antzinako Musikaren Astea nazioarteko erreferentziazko jaialdia izatea nahi dut, berrikuntzan oinarrituta lan eginez, kultura sarea indartuz eta landa ingurunera iritsiz", adierazi du.
Era berean, jardueren dinamizazio handia proposatzen da, "musikak gizartea hobetzeko duen botere eztabaidaezina erabiliz, proiektuaren erabilgarritasun sozial eta kulturalari eusteak duen garrantzia" azpimarratuta.
Carmen Martínez Guerra
Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatorioan hasi zuen musika prestakuntza. Ondoren, zeharkako flauta ikasi zuen Musikenen, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Graduondoko ikasketak Bartzelonako Conservatori Liceun egin zituen, eta interpretazio heziketa Ingalaterran eta Holandan osatu zuen.
Gainera, Kultura Kudeaketan eta Komunikazioan trebatu da. Era berean, Musika Zientzien Institutu Konplutentsean (ICCMU) eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, SGAErekin lankidetzan, master bat egin zuen, "Kultura Kudeaketa: Arte Eszenikoak eta Musika" izenekoa, . Gainera, komunikazioan espezializatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, graduondoko ikastaro honen bidez: Kultura erakundeetako komunikazioaren kudeaketa: Arte Eszenikoak eta Musika.
Bere ibilbidean zehar, Carmen Martínez Guerra kudeaketaren arloko esperientzia baliotsua bereganatuz joan da kultura eta hezkuntza erakundeetan. Kulturaren Europako Hiriburua 2016 proiektuan lan egin du, eta jarduerak, ikastaroak eta kontzertuak kudeatu ditu Euskadiko Abesbatzen Konfederazioarentzat. Gainera, Musikaren Zabalkunderako Zentro Nazionalean, Auditorio Nazionalean, praktikak egin ondoren, Donostiako Musika Hamabostaldiko Ekoizpen Sailean eta Euskadiko Orkestrarentzat lan egin du, Zuzendaritza Teknikoari laguntza emanez. Ekoizpen eta zuzendaritza artistikoan duen esperientziaren barruan dago Arabako Antzinako Musika Astea, non 2020an eta 2022an lan egin zuen.
Gainera, Fernando Velázquez konpositore eta zuzendariaren managerra izan da, eta zinematografia eta orkestra proiektuetako ordezkaritzaren, kontratazioren eta eskubideen kudeaketa lanak egin ditu, Netflix, HBO eta Warner konpainiekin egindako lanena barne, bai eta Bilbao Arenan eta BECen garrantzi handiko grabazio eta ikuskizunen ekoizpena ere.
Hezkuntzaren eremuan, irakasle izan da Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioan, Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatorioan eta Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan. Halaber, gidaritza eginkizunak izan ditu hezkuntza eremuan; izan ere, Jesus Guridi Kontserbatorioko zuzendariordea eta Euskadiko Ikasleen Orkestraren koordinatzaile laguntzailea izan da.
Musikan, kultura kudeaketan eta hezkuntzan izandako ibilbideak erreferente bihurtzen du bere eremuan, eta proiektu bakoitzean bikaintasunarekiko eta berrikuntzarekiko etengabeko konpromisoa erakusten du.