Arabako Kultura Batzordea eratzi da - kulturaraba
Arabako Kultura Batzordea eratzi da
Partaidetza, gogoeta, eztabaida, elkarrizketa eta ekintzarako organo gisa sortu da, lurraldeko kultura politiketan modu aktiboan eragiteko
2023-2027 aldirako Arabako Kultura Planari lotuta dago, eta teknikariek eta kulturaren munduko langileek parte hartuko dute bertan; % 50 eragile publikoak eta % 50 eragile pribatuak
Batzordea eratzeko dekretuak mahai sektorialen eta Lurralde Koordinaziorako Mahai Iraunkorraren araudia ere jasotzen du
Gaur, Arabako Kultura Batzordearen lehen saioa eratu da. Batzorde hori partaidetza, gogoeta, eztabaida, elkarrizketa eta ekintzarako organoa da, Arabako Plan Estrategikoari lotuta dago eta batzordearen bidez lortu nahi da gizarte eragileek lurraldeko kultura politiketan modu aktiboan eragin ahal izatea.
Zehazki, Planaren 5. ildo estrategikoan kokatzen da (parte hartzeko eskubidea), eta, espazio sektoriala den aldetik, Lurralde Koordinaziorako Mahai Iraunkorrarekin eta beste mahai sektorial batzuekin osatzen da.
"Batzordean, Arabako kultura sektoreko erakundeak, enpresak eta elkarteak ordezkatu nahi dira, parte hartzeko espazio gisa, ilusioa, elkarreragina eta jarduera zehatzak sortuko dituen espazio eraginkor gisa, beste mahaiekin batera, benetan funtzionala eta erabilgarria izango den entzute aktiboko iturri bat izateko", adierazi du Ana del Val foru diputatuak.
Eginkizun hauek izango ditu Arabako Kultura Batzordeak:
-
Arabako Foru Aldundiari kulturaren arloan aholku ematea.
-
Kulturari buruzko eztabaida eta ezagutza sortzea.
-
Oro har, kultura politiken formulazioa, aplikazioa eta ebaluazioa, eta bereziki indarrean dauden kulturaren plan estrategikoak erkatzen jarraitzea.
-
Sailarekin lankidetzan aritzea jardueren eta programen diseinuan, ebaluazioan eta jarraipenean; txostenak egitea, irizpenak egitea eta gomendioak ematea.
-
Arau, erregelamendu eta aurrekontu proiektuei buruzko txostenak egitea, bai eta plan estrategiko sektorial eta zeharkakoei buruzkoak ere.
-
Eta kultura eskubidearekin zerikusia duen beste edozein.
Osaera
-
Batzordeburua: Ana del Val, Kultura eta Kirol Saileko diputatua
-
Batzordeburuordea: Inma Sánchez, Kultura zuzendaria.
-
Arabako kultura sektoreko ordezkariak
-
Literatura sorkuntza, liburutegi eta argitalpen industriaren sektorea: Natalia Jiménez eta Arantza Cordero
-
Artearen eta diseinuaren sektorea: Iñaki Larrimbe eta Mikel Escalera
-
Zuzeneko arteen sektorea: Iker Arroniz eta Carmen San Esteban
-
Eratze zerbitzuen sektorea: Eduardo Hernando eta Helena González
-
-
Udal eta kuadrilletako teknikarien ordezkariak
-
Maite Martínez de Marañon, Dulantziko Udala
-
Zuriñe Zabala, Gorbeialdeko Kuadrilla
-
-
Kultura Zuzendaritzako zerbitzuen ordezkaritza
-
Cristina Aransay, Zaharberrikuntza Zerbitzuaren burua
-
Nagore García, Kultura Ekintza Zerbitzuaren burua
-
-
Idazkaria (botorik gabe): saileko teknikari bat.
Ikus daitekeenez, sektore publikoko sei pertsona eta sektore pribatuko sei pertsona dira. Bestalde, hamabitik lau baino ez dira Foru Aldundikoak eta boto eskubidedunak. "Sektoreari begira sinesgarritasuna izan nahi duen organoa da, baina, gainera, haren osaerarekin, entzute aktibo ona egin ahal izatea ahalbidetzen dugu".
Mahai sektorialak eta Lurralde Koordinaziorako Mahai Iraunkorra
Arabako Kultura Batzordea sortzen duen foru dekretuak Lurralde Koordinaziorako Mahai Iraunkorra eta mahai sektorialak arautzeko ere balio izan du.
Lehenengoari dagokionez, kulturaren arloan eskumena duen foru saileko eta Arabako Lurralde Historikoko udalerri eta kuadrilletako lantalde teknikoen arteko topagunea da. Hura arautzearen bidez, aldizkako harremanak eta hausnarketarako eta eztabaidarako hain beharrezkoa den espazioa ziurtatzen dira. Halaber, honako hauetarako ere balioko du: politikak eta programazioak koordinatzeko, sektore osoaren arteko harremana erraztuko duen eragile sarea sortzeko, programazioetan dauden gabeziak aztertzeko eta lurralde deszentralizazioan laguntzeko. "Haren onura nagusia da lankidetza ahalbidetuko duela Arabako kultura politikak diseinatzeko eta ezartzeko orduan, bai eta haien ondoriozko jarduketetan ere", adierazi du Del Valek.
Mahai sektorialei dagokienez, Kultura Batzordearen parez pareko espazioak dira, eta Arabako kultura ehunean dauden kultura eta sormen azpisektore guztien langune espezifikoak sortzen lagundu nahi dute. Mahai horien helburua da jomuga duten azpisektore osora zabaltzea, kultura sektore osoaren eragin zuzena bermatzeko.
Haiek arautzearen bidez, Kultura Batzorde osoarekiko etengabeko eta bi noranzkoko harremana bermatzen da, nahiz eta organo bakoitzak eraketa eta funtzionamendu independentea izaten jarraituko duen. Hori bai: azpisektoreen ordezkari diren Kultura Batzordeko kideek aktiboki parte hartu beharko dute dagozkien mahai sektorialetan.
"Mahai bakoitzarekin lan sareak eratu ahal izango dira, puntu komuntzat balio izango dute, hausnarketarako eta eztabaidarako gune bat sortu ahal izango da, eta Batzordeari bere azpisektorean egon daitezkeen kezka eta behar guztiak helarazten lagundu ahal izango zaio", adierazi du foru arduradunak.