null Arabako Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdiak nazioarteko dimentsioa sendotuko du hirugarren edizioan

Arabako Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdiak nazioarteko dimentsioa sendotuko du hirugarren edizioan

Arabako Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdiaren aurkezpena

Arabako Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdiaren hirugarren edizioa izango da Gasteizen eta Laudion, martxoaren 10etik 14ra, eta nazioarteko proiekzioa sendotuko du Uruguaitik eta Argentinatik etorritako egileen eta Iparraldeko gonbidatuen parte hartzearekin. Horrez gain, Estatuko eta Euskadiko kontakizun laburren ahots nabarmenetako batzuk ere izango dira.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Iban Zaldua jaialdiaren zuzendariak aurkeztu dute programa prentsaurrekoan gaur. 

Bost egunez, literatura elkarrizketak, mahai inguruak, irakurketak, euskarazko tailer bat eta literatura, musika eta zinema lotzen dituzten proposamenak eskainiko ditu jaialdiak. Edizio hau, gainera, lurraldeko beste toki batzuetara ere iritsiko da, jarduera bat izango baita Laudion, eta, hala, Araba osoan sendotuko da jaialdia.

Programaren nazioartekotasuna Fernanda Trías uruguaitarraren eta Clara Obligado eta Valeria Correa Fiz argentinarren presentziaren bidez gauzatuko da. Hiru autore horiek ibilbide aintzatetsia dute, eta egungo narratiba laburrari buruzko askotariko begiradak eskainiko dituzte.

Horiez gain, Manuel Rivas eta Juan Garzia bezalako erreferentziazko egileak izango dira. Horien ibilbide sendoek ipuina egungo literatura panoramaren erdigunean jartzen dute eta narrazio tradizioen arteko elkarrizketa indartzen dute.

Generoaren dinamismoa eta etengabeko berrikuntza nabarmentzen dituen edizio honek gero eta oihartzun handiagoa duten ahots berriak ere izango ditu, hala nola Irene Reyes-Noguerol edo Xan Idiart, bai eta euskal literatura garaikideko funtsezko idazleak ere, hala nola Uxue Alberdi.

Gainera, 2025eko Aldecoa saria irabazi zuen Fernando Garrigaren Un bucle de tiempo lana aurkeztuko da, eta 2025eko Aldecoa beka eskuratu zuen Ruben Sánchez Bakoikoak ere parte hartuko du programan. Bestalde, hibridazio artistikoaren aldeko apustua indartuko da, literatura eta musika lotzen dituen Uxue Alberdi eta Eñaut Elorrietaren arteko kolaborazioaren bidez, eta literatura eta zinema lotzen dituen eta José Ovejerok gidatuko duen saio baten bidez.

Kultura eta Kirol Saileko diputatu Ana del Valek honako hau adierazi du: "Arabako Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia ezinbesteko hitzordu bihurtu da gure lurraldean. Hiru edizio hauetan izandako hazkundeak erakusten du kontakizun laburrak eremu bizia eta garrantzitsua duela Araban, eta euskal literaturarekin eta nazioarteko proiekzioarekin dugun konpromisoak inoiz baino irmoagoa izaten jarraitzen duela. Gainera, programazioa Laudiora eta beste leku batzuetara zabaltzeak erakusten du gure helburua literatura lurraldeko txoko gehiagotara hurbiltzea dela".

Iban Zaldua jaialdiaren zuzendariaren arabera, "Ipuina literatura genero xumea da, itxuraz, eta haren anbiziorik handiena, laburtasunetik abiatuta, irakurleen gogoaren baitan haztea da, hunkitzen duten eta gogoeta egitera bultzatzen duten istorioak ehunduz, betiere argitaletxeen mainstreamaren zurrunbilotik urrun". Eta honako hau gaineratu du: "Jaialdia bat dator kontakizunaren jatorrizko apaltasun horrekin ez ezik, aurrera egiten jarraitzeko nahiarekin ere, eta, horretarako, egile ospetsuak erakartzen ditugu eta, aldi berean, ipuinaren tradizioa etengabe berritzen duten ahots berriak kontuan hartzen".

Irisgarritasunarekiko konpromisoa betetzeko, zeinu hizkuntzako interpretazioa izango du jaialdiak programako hiru saiotan.

 

2026KO PROGRAMA


Martxoak 10, asteartea
19:00
Elkarrizketa: 
Ignacio Aldecoa Kultura Etxea (zeinu hizkuntzako interpretazioa izango da)


Martxoak 11, asteazkena
11:00
Mahai ingurua: 
Ur Apalategi + Itxaro Borda + Xan Idiart + Irati Majuelo (moderatzailea)
Micaela Portilla Ikergunea, EHUko Arabako Kanpusa

19:00
Ignacio Aldecoaren ipuin baten irakurketa (gaztelaniaz)

Ignacio Aldecoa Kultura Etxea (zeinu hizkuntzako interpretazioa izango da)

Aurkezpena eta irakurketa: Un bucle de tiempo, 2025eko Aldecoa saria
Fernando Garriga + César Sánchez
Ignacio Aldekoa Kultura Etxea

Martxoak 12, osteguna
19:00
Mahai ingurua: 
Ruben Sánchez Bakaikoa (2025eko Aldecoa bekaren irabazlea) + Patxi Iturregi + Txani Rodriguez (moderatzailea)
Laudioko Kultura Etxea

20:00
“Sehaska-kanta (2025-1975)”
Uxue Alberdi + Eñaut Elorrieta
Izaskun Arrue Kulturgunea

Martxoak 13, ostirala

Manuel Rivas + Juan Garzia + Itziar Otegi (moderatzailea)
Ignacio Aldecoa Kultura Etxea (zeinu hizkuntzako interpretazioa izango da)


Martxoak 14, larunbata
10:00
Ipuin lantegia
Yurre Ugarte
Ignacio Aldekoa Kultura Etxea

12:00
Film laburraren proiekzioa eta elkarrizketa: “De cuento a película:  
Ignacio Aldekoa Kultura Etxea

18:00
Mahai ingurua: “¿Una edad de oro? 
Clara Obligado + José Ovejero + Valeria Correa Fiz + Irene Reyes-Noguerol + Iban Zaldua (moderatzailea)
Ignacio Aldekoa Kultura Etxea