Irailaren 12tik 21era egingo da jaialdiaren 43. edizioa - kulturaraba
Arabako Antzinako Musikaren Astea

Arabako antzinako musikaren 43. asteak aukerak zabalduko ditu, programazio parte-hartzaile, berritzaile eta lurraldeari dagokionez irekia prestatuta
Irailaren 12tik 21era egingo da jaialdiaren 43. edizioa, parte-hartzaile nabarmenekin, hala nola Forma Antiqva, Cantoría, Tamar Lalo & Ignacio Prego eta Jone Martínez e Il Fervore; gainera, zuzenean grabatuko da ‘El Vomitorio’ podcasta, eta agertoki berriak estreinatuko dira Araban, Okina, Andetxa eta Quintanilla de la Ribera Baja (Erriberabeiti)
Arabako Antzinako Musikaren Astea, Estatu mailako jaialdi sendo eta berezienetakoa, irailean itzuliko da, antzinako musika hurbileko esperientzia ireki eta parte-hartzaile bihurtzeko bereziki diseinatutako edizio batekin. Arabako Foru Aldundiko Kultura departamentuak antolatzen du jaialdia, eta irailaren 12tik 21era ospatuko da, kalitate artistikoarekin, lurralde-deszentralizazioarekin eta herritarrekiko konexioarekin duen konpromisoari eutsiz.
Sustraiak lurralde osoan dituen jaialdia
Edizio honetako apustu nagusietako izango da kontzertuen sarea Arabako hainbat kuadrillatara hedatzea, jaialdia benetan probintziala izango den egitasmo gisa finkatzeko helburuz. Besteak beste, Okinak, Andetxak eta Quintanilla de la Ribera Baja herriek antzinako errepertorioa ondare- eta natura-ingurunearekin uztartuko dituzten musika-ikuskizunak hartuko dituzte.
Ibilaldi bat egingo da Okina eta Saseta arteko ibilbidean, Entrebescant talde ospetsuak lagunduta. Erdi Aroko musika eta El Cidek bere erbestean egin zuen lurren ahozko tradizioko musika joko du.
Antzinako musika bizi izateko modu berritzaileak
Edizio honek moldeak hausten ditu, formatu berritzaileak txertatuz; besteak beste, zuzenean grabatuko da ‘El Vomitorio’ podcasta, Mario Marzo piano-jotzaile eta aktoreak (entretenimenduko podcast onenaren 2024ko Ondas Saria) eta Nacho Castellanos kontratenoreak zuzenduta. Proposamen horrek musika, umorea eta dibulgazioa batzen ditu, antzinakoa eta garaikidea konektatzen dituen ekitaldi berezi batean, begirada fresko eta lotsagabe batekin.
Gainera, dantza-tailerreko ikasleek modu aktiboan parte hartuko dute inaugurazioko ikuskizunean, Probintziaren plazan (ostiralean, irailaren 12an), Eva Narejosek zuzentzen duen dantza barrokoko proposamen parte-hartzaileari esker, Armonia Danza konpainiarekin eta Ministriles de Reyna sozietatearekin batera.

Inklusioa eta talentu gaztea sustatzen dituen programazioa
Begirada inklusibo batekin, hainbat kolektiborekiko loturak estutzen ditu jaialdiak, Apdema elkartearekiko loturak, esaterako; elkarte horrekin, kolaborazio oso berezi bat bultzatu da, kulturari espazio komun gisa duen balioa emateko.
Musikari gazteen aldeko apustua ere indartu da, Jesus Guridi Kontserbatorioarekin egindako hainbat kolaborazioren bitartez; kontserbatorioko ikasleek jaialdiko hainbat ekitalditan hartuko dute parte, eta Santa Maria Katedraleko eszenatokian izango dira kontzertu berezi batean, kolaborazioko lan-ildo bat sendotuz; bertan, talentudun gure musikari gazteei programazio eta eszenatoki profesional berrietan parte hartzeko aukera ematen zaie.
Ahots sagaratuak eta nazioarteko talentu berriak
Musika-programazioak nazioarteko izen nabarmenenetako batzuk ekarriko ditu, hala nola Forma Antiqva, Zapico anaiak, Jone Martínez eta Il Fervore, Cantoría eta Tamar Lalok eta Ignacio Pregok osatutako duoa, lehiaketa prestigiotsuetan saritutako bikotea, bere bikaintasunagatik eta interpretazioko orijinaltasunagatik ezaguna.
Igandean, irailak 14, Cantoria taldearen kontzertuarekin bat egiteko aukera izango du publikoak, Jorge Losanak emango duen abesbatza-tailerrean parte hartu ondoren; horrela, edizio honetan ere, proposamen parte-hartzaile bat egingo da, izen handiko artistak eta herritarrak batuko dituena.
Aamar egunez, musika, ondarea eta esperientzia partekatuak
Hamar egunez, espazio enblematikoetan egingo diren kontzertuak –hala nola Santa Maria katedralean, Jesus Guridi kontserbatorioan eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxean- eta Arabako hainbat herri ezagutzeko bisitak konbinatuko ditu Arabako Antzinako Musikaren 43. Asteak, Errenazimendutik Barrokora arteko garaiak hartuko dituzten tailerrekin, txangoekin eta proposamen didaktikoekin, familia-formatuekin eta ekintza pedagogikoekin.
Ildo horretan, Kixoteren abenturek haurrez beteko dute Ignacio Aldecoa Kultura Etxea, familia-kontzertu interesgarria izango da, musika-tresna historikoekin, Mantxako pertsonaia horren ingurukoa.
Edizio honek jaialdiaren esentziari eusten dio: antzinako musika ahalik eta jende gehienarengana eramatea, emozionalki orainarekin lotuta dauden kalitatezko proposamen zorrotz eta irisgarriekin.
Ana del Val Kulturako diputatuaren hitzetan, “Antzinako Musikaren Astea lurraldearekin, berrikuntzarekin eta pertsonekin konprometituta dagoen kultura-proposamena da. Aurten, beste urrats bat egin dugu jaialdia Araba osora zabaltzeko nahi horretan, musika-proposamenak hainbat kuadrilletako eszenatoki berrietara eramanda, eta kulturaren eta paisaiaren, tradizioaren eta orainaren arteko lotura hori indartuz. Jaialdiaren izaera parte-hartzailea eta inklusiboa ere indartu nahi izan dugu, publikoari irekitako tailerrekin, ikastetxe eta kolektibo sozialekin kolaborazioak eginda, bai eta proposamen berritzaileekin ere: besteak beste, zuzenean grabatuko da antzinakoa eta garaikidea lotzen dituen podcast kultural bat”.

Ana del Val hitzeta, “43. edizio honetan, antzinako musikan espezializatutako nazioarteko maila goreneko musikariak batzen dituen programazioa dugu; horietako asko, gainera, energia berritua dakarten musikari gazteak dira. Uste dugu antzinako musika miretsi beharreko ondarea ez ezik, etorkizunerako inspirazio-iturria ere badela. Eta jaialdi honek tradizioaren eta sormenaren, memoriaren eta berrikuntzaren arteko zubia izan nahi du. Baina gure jaialdia kontzertuak baino zerbait gehiago da. Aurten, musika beste ikuspegi batzuetatik bizi izatera gonbidatzen gaituzten proposamenak ditugu: hitzorduak natura bete-betean, tailer parte-hartzaileak, jarduera hezitzaileak, bisita gidatuak, eta musika pertsonen bizitza gehien hobetu dezakeen lekuetara eramatera bultzatzen gaituen konpromiso sozial sendoa.
Sarrerak saltzea eta gonbidapenak eskuratzea:
Ekainaren 23an 12:00etan entradiumean
40 URTETIK GORAKO BERMEA DU EKIMEN OSPETSU HORREK
Arabako Foru Aldundiak antolatzen duen Arabako Antzinako Musika Asteak Erdi Aroko,
Errenazimentuko eta barrokoko piezak garai haietako musika tresnez jotzen diren kontzertuak
eskaintzen ditu urtero, irailean.
Erreferentzia da Espainian, eta oso ezaguna probintzian. Gasteizko hainbat agertokitan egiten da
(Santa Maria katedrala, Done Petri eliza, Done Bikendi eliza, Eskoriatza-Eskibel jauregia edo Goiuri
jauregia), baita Arabako lurralde historikoko hainbat tokitan ere. Jaialdiaren historian Espainiako eta nazioarteko artista, zuzendari eta talde ospetsuak izan dira.
Arabako Antzinako Musikaren Astean, Espainiako eta nazioarteko artistek parte hartu dute, hala nola Carlos Mena, Sara Mingardo, Emma Kirkby, Jordi Savall, Vittorio Ghielmi, Kenneth Weis, Pierre Hantaï, Hopkinson Smith; zuzendarien artean, aipa ditzagun Eduardo López Banzo, Peter Phillips, Fabio Biondi eta Rinaldo Alesandrini; eta taldeen artean, Tallis Scholars, Il Giardiano Armonico, Europar Batasuneko Orkestra Barrokoa, Orquesta Barroca de Sevilla, Al Ayre Español, His Majesty’s Sagbutts and Cornetts eta abar luze bat.
Aurreko edizioak