null Ipuinak Arabako mugak gaindituko ditu Aldecoa, Ipuin Literarioen II. Jaialdian

Ipuinak Arabako mugak gaindituko ditu Aldecoa, Ipuin Literarioen II. Jaialdian

Aldecoa Festibalaren aurkezpena

Programako jarduerak kultura etxean izango dira gehienbat,  eta topaketak, mahai inguruak eta irakurraldiak eskainiko dira literaturan eta irakurketan interesa duen edonori

Araba ipuin literarioaren gune nagusi bihurtuko da berriz ere martxoaren 11tik 15era bitartean, Aldecoa, Ipuin Literarioaren Nazioarteko II Jaialdiaren bidez. Jaialdiak lurraldean dagoen potentziala aprobetxatu nahi du, Araba "ipuinaren eta literatura laburraren funtsezko erreferente" izaten jarraitzeko.

"Ipuina mugan. Ipuinaren mugak" izenburupean, lehiaketak "poesiaren eta eleberriaren, fantasiaren eta errealitatearen, tradizioaren eta abangoardiaren artean mugitzen den” genero horren mugarri izaera aztertuko du.

Ana del Val Kultura eta Kiroleko foru diputatuak eta Iban Zaldua jaialdiaren zuzendariak aurkeztu dute prentsaurrekoan gaur. 

"Ipuina, literatura genero gisa, inoiz baino biziago dago: argitaletxe gehienek beren katalogoetan eskaintzen dute, irakurleek generoarekiko zaletasuna adierazten dute, egileek ez diote inoiz ipuinak lantzeari utzi, eta Euskadi, gainera, potentzia bat da ipuingintzaren arloan". Foru arduradunak adierazi duenez, hori guztia eta Ignacio Aldecoaren aitzindari lanari eta geroagoko autore askoren lanari esker lurraldean dugun potentziala ezinbesteko osagai izan dira aurten ere jaialdiaren aldeko apustua egiteko. Izan ere, jaialdi hau urteroko kultura hitzordu sendoenetako bat izango da. 

Horrez gain, horren guztiaren jakitun izanik, Ignacio Aldecoa Kultura Etxeak Aldecoa, Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia sortu zuen iaz. Arabako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua da, Arabako eta aldameneko lurraldeetako herritarrei literaturaren eta liburuaren inguruko proposamen berezi bat eskaini nahi diena, Arabako hiriburua ipuin literarioaren nazioko eta nazioarteko erreferente bihur dadin. 

Iban Zaldua jaialdiaren zuzendariaren arabera, "ipuina da, beharbada, genero moldakorrena eta, aldi berean, kontatzeko giza esentziatik hurbilen dagoena".Elkargune horretan, kontakizunek “muga literarioei aurre egiteaz gain, pertsonen arteko mugak ere eraisten dituzte”. María Fernanda Ampuero idazleak bere ipuinetako batean zioen bezala: «Sin sueño, titilando de tan excitadas, nos contábamos los cuentos que sabíamos e inventábamos otros nuevos. Era hermosísimo contar cuentos para maravillar a otro, para hacerlo reír, para hacerlo asustar, para ser, durante un ratito, la misma persona».

Era berean, euskaraz eta euskaratik sortutako ekimen honek euskal ipuin literarioaren sorkuntza nabarmendu nahi du.

Jaialdiaren II. edizioak Ignacio Aldecoa Kultur Etxean izango du egoitza nagusi, baina hiriko beste kulturagune batzuetara zabalduko dira jarduerak, hala nola Florida zinemetara, Arabako Unibertsitate Campusera, Izaskun Arrue Kulturgunera, Elkar liburu dendara, Aldabe Gizarte Etxeko liburutegira eta Mara-Mara liburu dendara.

Edizio honetan honako hauek izango dira: Cristina Fernández Cubas, Elvira Navarro, Luis Mateo Díez, José María Merino, Juan Pedro Aparicio, Eider Rodríguez, Joxemari Iturralde, María Fernanda Ampuero, Jon Bilbao eta Karmele Jaio, literaturan ezinbestekoak diren beste ahots batzuekin batera. Topaketen, mahai inguruen eta irakurraldien bidez, jaialdiak ipuinaren aberastasun eta aniztasun osoa deskubritzera gonbidatuko du.

Gainera, Aldecoa Jaialdiaren II. Edizioak esanahi berezia izango du, Ignacio Aldecoaren jaiotzaren mendeurrenarekin (1925) bat egiten baitu. Figura hori funtsezkoa da gaztelaniazko literatura ipuinaren bilakaeran. Haren lana erreferentea da, oraindik ere, narratzaileen eta irakurleen egungo belaunaldientzat.

Parte hartzea doakoa da eta sarrera librea da aretoa bete arte (zinema emanaldian eta lantegian izan ezik).  

 

Webgunea bisitatu