Erakusketak

"Zesarra Gasteizen"

"Zesarra Gasteizen" erakusketa inauguratu da Gasteizko Kordoi Etxean (Aiztogile kalea, 24). Arabako Artxiboak antolatu du erakusketa, Karlos I.a enperadorearen irudia eta Arabarekin izan zuen harremana gogorarazteko.

Iaz, Karlos I.ak 1524ko urtarrilean eta otsailean Gasteizen egindako egonaldiaren bosgarren mendeurrena bete zen. 24 urteko enperadore gaztea Arabako hiriburuan kokatu zen Gaztelako, Italiako eta Alemaniako kontseilariekin, Frantziak setiatutako Hondarribiko gotorlekua berreskuratzeko operazio militarrak zuzentzeko. Baina, gainera, "Zesarrak" Portugalgo ordezkariak hartu zituen Moluka uharteen jabetza eztabaidatzeko –Magallanesek eta Elkanok munduari lehenengo bira egin zutenetik ez ziren bi urte igaro –, bai eta San Joan Ordenako enbaxadoreak ere, Malta uhartea eman baitzien Mediterraneoa turkiarren aurka defendatzeko. Zortzi aste horietan, Gasteiz nazioarteko gorte baten egoitza izan zen, zeinak, lehenengoz historian, kontinente guztiei eragin zieten erabakiak hartu baitzituen.

Egun bizi horiek funtsezkoak izan ziren Arabaren eraldaketa ekonomiko eta sozialerako hurrengo hamarkadetan: Gasteizko biztanleria ia % 15 hazi zen, jauregi errenazentista berriak eraiki ziren, tokiko burgesia handitu zen nazioarteko merkataritzari esker, etab.

Xehetasun horiek guztiak gogoratzeko, Arabako Artxiboak dibulgaziozko erakusketa bat egin du, eta artxiboan bertan gordetako dokumentu historikoak hautatu ditu erakusteko, bai eta Aguraingo eta Hondarribiko udalen maileguak eta Gasteizko Apaiztegiko Liburutegiarenak ere. Erakusgai dauden dokumentuen artean, honako hauek nabarmentzen dira: 1537ko Arabako Ordenantzak –Karlosek berak sinatutakoak–, 1522an Aguraingo hiribilduari eman zitzaion erregeren pribilegioa, edo 1518an Rotterdamgo Erasmok enperadoreari eskainitako "Printze kristau baten heziketa" lanaren Veneziako edizioa.

Erakusketa apirilaren 4ra arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera, 8:30etik 14:00etara, eta arratsaldez, 16:30etik 19:00etara, astelehenetik ostegunera.

Erakusgai dauden dokumentu bakoitzaren historia hobeto ezagutzeko, taldeentzako bisita gidatuak eska daitezke Arabako Artxiboarekin harremanetan jarriz archivo@araba.eus helbidean eta 945 181 927 telefonoan.

Datak

06/02/2025 - 04/04/2025

Tokia

Kordoi Etxea