Jaialdiak

Zinemastea 2025 - Euskal Zinemaren Festibala

2024an, Vital Fundazioak urtero antolatzen duen ZINEMASTEAREN berrogeigarren edizioak benetako iraultza ekarri zuen dagoeneko finkatuta zegoen Euskal Zinemaren Astera, eta aldaketa horiek geratzeko etorri ziren, hala nola jatorrizko izena berreskuratzea, film luzeak baino ez ematea eta jaialdiaren iraupena luzatzea. Oraingoan, urtarrilera aurreratu da hitzordua, urtarrilaren 24tik 31ra izango da, eta emanaldiak ohiko eszenatokian izango dira, hau da, Vital Fundazioa Kulturunean (Bakea kalea 5, Dendarabako 1. solairua, Gasteiz). Amaiera ekitaldia eta sari banaketa otsailaren 1ean egingo dira, Gasteizko Europa Jauregian.

41. edizio honetan bederatzi film emango dira, egunean bat (19:30ean), larunbatean, urtarrilaren 25ean, izan ezik, saio bikoitza izango baita (16:45ean eta 19:30ean). Saio guztietara eta amaiera ekitaldira joateko abonuak (22 €) eta eguneko sarrerak (3 €) gaurtik aurrera eros daitezke www.zinemastea.eus webgunean, Kordoi Etxean eta jaialdiaren leihatilan, emanaldiaren egunean, oraindik salgai baleude. Programan, besteak beste, La infiltradaMarco eta Soy Nevenka filmak nabarmendu daitezke, eta, guztira, Goya sarietarako izendatuta izan diren 22 film ekarri dituzte, baita Donostia, Venezia, Sitges nahiz Malagako jaialdietarako eta Forque nahiz Feroz sarietarako izendatutako beste horrenbeste film ere. Gainera, ZINEMASTEARI esker DeviantUna ballena eta Daniela forever filmak, esaterako, Araban lehendabiziko aldiz emango dira.

Aurtengo berrikuntzen artean, Vital Fundazioak www.zinemastea.eus webgune ofiziala estreinatuko du. Webgune horretan, zinemaldiari buruzko informazio guztia argitaratuko da, hala nola filmak, fitxa teknikoak, sariak, epaimahaia, historia, albisteak eta sarreren eta abonamenduen salmenta. Sari berri bat ere badakar aurtengo edizioak, ZINEMASTEA Sari Berezia. Sari horren bidez, Vital Fundazioak urtero sarituko ditu euskal zinemaren ekoizpenari laguntzeko egindako lanagatik nabarmendu diren erakundeak mahiz eragileak. Gainera, amaiera ekitaldian Dokumental Onenarentzako Publikoaren Saria emango da, Vital Fundazioak antolatzen duen Euskal Zinema Dokumentalaren Astearen iazko edizioan ezarri zen sari hori, eta Los Williams dokumentalari egokitu zitzaion.  

Amaiera ekitaldia eta gonbidapenak

ZINEMASTEAREN itxiera euskal zinema omenduko duen jaia izango da, urteko ekoizpen garrantzitsuenak sarituko ditu-eta. Jon Plazaola eta Maria Cruickshank arituko dira gidari amaiera ekitaldian, eta, aurten, protagonismo berezia emango zaio Arabari, agertoki zinematografiko den aldetik, azken aldian Lurraldean filmatu diren zenbait filmetako ordezkariek hartuko baitute parte. Hitzordu ikusgarri horretan ez da umorea faltako, Gorka Aginagalderen eskutik, ezta musika ere, Primital Brothersen emanaldiaren eskutik. Soinu onomatopeikoen bidez, ikus-entzunezkoekin konektatzen duen azpikultura oso bat sortzen duen ahots laukotea da talde hori, eta horren emaitza surrealismo, birtuosismo eta komediaren batuketa iradokitzailea da. Euskal eszenako aktore eta protagonista ugari bertaratuko dira gau-ekitaldira.

Hitzordua otsailaren 1ean izango da, 20:00etan, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, eta ikusle joateko gonbidapenak gaurtik aurrera lortu daitezke Vital Fundazioaren egoitzan, Kordoi Etxean (Aiztogile kalea, 24), lekuak agortu arte.

Programa

ZINEMASTEA ostiralean, hilaren 24an, inauguratuko da, 19:30ean, Pablo Hernando gasteiztarrak zuzendutako Una ballena filmaren eskutik. Hernando egungo zinema independentearen ahots originalenetakoa dugu. Zinema-areto komertzialetan estreinatzear dago film hori eta Sitgeseko Fantasiazko Zinemaren Nazioarteko Jaialdian film onenaren sarirako izendatu dute. Istorioan, Ingridek arrastorik utzi gabe infiltratu eta desagertzeko duen trebetasunak hiltzaile gupidagabe bihurtuko du. Hala ere, izaki berezien bizileku den beste mundu batetik datorkio botere hori, eta erabiltzen duen bakoitzean gizaki egiten duten ezaugarriak galtzen joango da.

Larunbatean, hilak 25, saio bikoitza izango da: El bus de la vida (16:45ean) eta Deviant (19:30). Ibon Cormenzana zinegile bilbotarrak benetako gertakarietan oinarritutako istorioa dakar ZINEMASTEARA, Dani Rovira protagonista duela. Andres izango da filmean Rovira, eta Euskal Herriko herri batera musika irakasle lan egitera doan pertsonaia da. Lehenengo eskola-egunean txistu handi bat entzungo du belarrian: minbizia da. Tratamendua jasotzeko, Bilboko ospitalera joan behar du, El bus de la vida delakoan. Bestalde, Daniel M. Caneiroren Deviant beldurrezko komedia da, Gabonetan girotua. Bilboko Zinemaldi Fantastikoan estreinatu zen, eta umorea eta izugarrikeria konbinatzeko duen gaitasunagatik nabarmendu zen. Javierrek 45 urte ditu eta ezkonduta dago. Lagun batek zita-aplikazio bat probatzeko tentatuko du. Monica ezagutuko du, eta mezu lizunen eta argazki ausarten bidez liluratuko du Monicak. Emakumeak gau bat elkarrekin pasatzera gonbidatzen duenean, onartu egingo du, eta mendeku irrikaz dabilen soziopata baten tranpan eroriko da.

Igandean, hilak 26Nina emango da, Andrea Jaurrieta zuzendari nafarrarena. Bere bigarren film luzea da, kostaldeko herri batean kokatutako western kutsuko obra. Patricia López Arnaiz aktoreak interpretatu du Nina. Hazi zen herrira itzultzea erabaki du Ninak, eta eskopeta bat darama poltsan eta helburu bat du: mendeku hartzea Pedrori, omenaldi bat egingo dioten idazle ospetsuari. Malagako Zinemaldian Kritikaren Saria jaso zuen film horrek.

Astelehenean, hilak 27David Pérez Sañudoren Azken erromantikoak izango da ikusgai. Pérez Sañudo dugu egungo euskal zinemaren ahots garrantzitsuenetakoa, eta bere bigarren film luzearen eskutik itzuliko da ZINEMASTEARA. Ane lehenengo filmari esker Publikoaren Saria lortu zuen, 2020an. Oraingo honetan, Iruneren istorioa kontatuko du. Segurtasun falta duen eta bakartia den emakumea, eta bere hartu-emanak oso mugatuak dira, lankideekin, auzokide batekin eta Renfeko operadore batekin besterik ez. Azken horri inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkio. Emakumearen oreka hauskorra lehertu egingo da, bular batean koskor bat duela antzemango baitu lan gatazka bat bizi duen aldi berean.

Asteartean, hilak 28Iciar Bollainen Soy Nevenka lanaren txanda izango da. Film luze zirraragarria da, eta Nevenka Fernándezen benetako kasuan sakontzen du. Hori izan zen, Espainiako politikan, sexu jazarpenaren lehenengo kasu publikoa, eta horrek eman zion hasiera #metoo mugimenduari. Sentsibilitatea eta zorroztasuna uztartzen ditu lanak, emakumeen eskubideen aldeko borrokan mugarri izan zen historiari ahotsa emateko.

Asteazkenean, hilak 29Arantxa Echevarríak zuzendutako La infiltrada filmaren unea izango da. Zuzendari bilbotarra Estatuko zinema garaikideko ahots nabarmenetakoa da, eta estilo zintzoa nahiz sozialki konprometitua du ezaugarri. Oraingoan, benetako historia zirraragarri batera hurbilduko gaituen thriller baten eskutik itzuliko da ZINEMASTEARA. Zinemetan milioi bat ikusle baino gehiagoren interesa bereganatu du, hamahiru izendapen izan ditu Goya sarietan, beste hiru Forque sarietan, non Carolina Yustek emakumezko interpretazio onenaren saria eskuratu zuen, eta beste hiru Feroz sarietanHainbat urtez ezker abertzalearen giroetan ETA talde terroristaren jarraitzaile gazte bat balitz bezala infiltratu ondoren, polizia agente batek ETArekin harremanetan jartzea lortu zuela kontatuko du filmak. Bere pisuan atentatu batzuk prestatzeko helburua duten etakide bi har ditzala eskatuko diote. Une horretatik aurrera, bere bizitzako misiorik zailena hasiko da: terrorista birekin bizi den bitartean, poliziako bere nagusiei informazioa ematea; izan ere, terroristek, uneren batean susmorik badute, ez dute bera hiltzeko zalantzarik izango.

Osteguna, hilak 30, azken hilabeteetako beste film aipagarrienetakoari eskainiko zaio: Jon Garaño eta Aitor Arregiren Marco lanari. Zuzendari gipuzkoar horien zinemaren ezaugarri nagusia gai unibertsalak tokiko ikuspegietatik jorratzeko sentsibilitatea da, eta Donostiako jaialdian nahiz Goya sarietan sari ugari jaso ditu. Oraingoan, Enric Marcoren bizitza kontatuko dute. Nazien kontzentrazio-esparru batetik bizirik atera zen Marco, eta Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidentea izan zen. Bertan, bere ausardiagatik eta sufrimenduagatik miretsitako pertsona zen, harik eta egun batean historialari batek bere kontakizuna faltsua dela jakin zuen arte.

Programazioa ostiralean, hilak 31, amaituko da, Nacho Vigalondoren Daniela forever filmaren eskutik. Bere estilo berritzaileagatik eta generoak nahasteko gaitasunagatik da ezaguna zuzendari hori, eta bere ibilbidea Fikziozko Film Labur Onenaren Oscar sarirako izendatua izan zen 7:35 de la mañana (2003) film laburraren eskutik hasi zen. Daniela forever lanean, bizitzak ez du zentzurik Nicolásentzat, Daniela neska-laguna galdu ondoren. Egun batean, entsegu kliniko batean parte hartzera gonbidatuko dute, eta entsegu horrek gauero emaztegaiarekin amets egitea ahalbidetuko dio baita harremana berriz hastea ere, inoiz baino idilikoagoa, gainera.

Datak

24/01/2025 - 01/02/2025

Tokia

Vital Fundazioa Kulturunea