Jaialdiak

Kultura Pintxoak 2024

Laudioko Udalak udalerriko lehen Kultur Jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 17 eta 18an “Kultura Pintxoak” izenarekin.

Ekimen honen helburua tokiko kultur eragileek garatutako diziplina artistikoei balioa ematea eta ikusaraztea da. “Ideia Kultura Kontseiluan egindako ekarpenetatik eta udalerriko eragileekin izandako bileretatik abiatzen da. Asmoa herriko hainbat espaziotan esku-hartze kultural txikiak biltzea da “, aurreratu du Nerea González Kultura zinegotziak.

Jarduerak maiatzaren 17ko 19:30ean hasiko dira KULTURLABen, Nerea Apodaka artistaren “26101983” erakusketaren estreinaldiarekin. Eta 20:30ean, Aldai Plazan, dantza erakustaldia izango da Itxarkundia Dantza Taldea, Andaluzia Etxea, Nuria eta Rakel dantza akademia, Laudio Wellness, Lautxirrinka Kirol Elkartea, Untzueta Dantza Taldea, Baisala Dantza taldea eta Leongo Etxearen eskutik.

Programazioak hurrengo egunean jarraituko du, 12:00etatik aurrera, Lankaietako Lagunen kalejira batekin. Ordu berean, baina Alberto Acero plazan, haurrentzako jarduerak izango dira: tailerrak eta buruhandiak; Kirikiño Atseden Taldearen, Sorginlarreren, Galtzagorriren eta Erraldoien Elkartearen eskutik. Bitartean, udal tailerretako ikasleek beren lanak erakutsiko dituzte Herriko Plazan eta tailatze, estanpatze eta pintura “dripping” teknika aplikatzeko tailerretan parte hartuko dute.

Musika ere ez da faltako lehen jardunaldi kultural hauetan. Oraingoan, 19:00etatik aurrera, Alberto Acero plaza Santa Luzia abesbatzak, Igor Arzuagak, Ecos dultzaina elkarteak, eta Arte On eskolaniak Paula Urkijo dantzariaren laguntzarekin, girotuko dute.

Lehenen jardunaldi hauen ondoren, ekitaldi eta topaketa berriak aztertzen joango gara horrelako ekimenak udalerrian garatzeko. Asmoa da herriko artistak ezagutaraztea“, ondorioztatu du zinegotziak.

Datak

17/05/2024 - 18/05/2024