Agenda - kulturaraba
Jaialdiak
Irudika 2022- Nazioarteko Ilustrazio Topaketa Profesionala

Ilustrazioaren Nazioarteko Topaketa Profesionalaren seigarren edizioa irailaren 29tik urriaren 1era egingo da Gasteizko Artium Museoan. Ekitaldiz betetako hiru egunetan, Txekiar Errepublika, Libano eta Estatu Batuetan sortutako zein herrialde horiekin lotutako 38 proiekturen inguruko mahai-inguruak, topaketa profesionalak eta tailerrak izango dira, gehi hitzordu profesionalak hiru herrialde horietako eta Brasil, Mexiko, Uruguai, Txile eta Italiako agenteekin. Irudikak onlineko bertsioari eusten dio irudika.eus plataforma digitalaren bidez.
Irudika jaialdiaren seigarren edizioa irailaren 29 eta 30ean eta urriaren 1ean egingo da Gasteizko Artium Museoan, eta bertan bilduko dira Estatu Batuetako, Libano eta Txekiar Errepublikako ilustratzaile profesionalak, argitaletxeak eta agenteak. Hamar herrialdetako ilustrazio arloko 37 profesional, argitaletxe eta agente. Egitarauan orobat izango dira Euskadiko bederatzi artista eta agente. Irudikak lau ekintza-lerro ditu: hitzaldiak, hitzordu profesionalak (eta networking saioak), tailerrak eta bi egonaldi artistiko:
1.Sektore Paraleloak: Irudikaren lehen jardunaldia, irailaren 29koa (osteguna), sektore paraleloei eskainiko zaie. Jardunaldiarekin hasteko, Mexikora abiatuko gara eta Liburuaren Munduko Hiriburutzaz mintzatuko gara hango argitaletxe batzuekin —Petra Ediciones edo Impronta Casa Editorarekin—, MAZ museoarekin, Biombo azokarekin eta Mexikoko Guadalajarako Zapopán hiriko La Casa del Autor zentroarekin, bai eta Maison des Auteurs de Angoulême-ekin, azken erakunde horiek 2023ko Egonaldietan elkarrekin egiten duten lanaren erakusgarri. Ondoren, hizpide hartuko dugu ilustrazioaren, diseinuaren eta musikaren arteko erlazioa, eta Malagako Canela Party kasua aztertuko dugu Cristina Daura, Jabier Rodriguez eta Álvaro Fernández arduradun grafikoekin. Gero, zeramikaren eta zuraren mundura hurbilduko gara bidelagun hartuta Raisa Alava eta Valerio Vidali artistak eta Maria Altuna Lizarragak eta Nuria Santaulariak osatutako Hiru Zutabe espazioa. Azkenik, aukera izango dugu solasaldi bat egiteko Euskadiko eta Estatuko eszenako artista grabatzaile garrantzitsuenetako batekin: Mari Puri Herrero. Jardunaldi hau Artium Museoko A4 Aretoan egingo da berrehundik gora lagunentzako aforoarekin.
2.Hitzaldiak eta mahai-inguruak: hitzaldiak eskainiko dira lan bat elkarrekin editatu duten edo beren proiektuen gaiek zerikusia duten ilustratzaile eta argitaletxeekin, Euskadiko profesional bat egongo delarik beti herrialde bakoitza ordezkatzeko gonbidatutako editore eta ilustratzaileen artean. Mahai-inguruak ere egingo ditugu honelako gai zehatzei buruz: haurrentzako liburuak, Leonard Marcus, Isabel Lopes Coelho, Samir Editeur eta A Fin De Cuentos euskal argitaletxearekin; arte-zuzendaritza bilduma ilustratu, aldizkari eta proiektuetan, The New York Times egunkariko Tala Safie-rekin, Enchanted Lion argitaletxea, Violeta Lópiz egilearekin eta Julen Saenzekin, azken hau Apple eta Adolfo Dominguez enpresekin lan egin duen euskal freelance artista. Orobat izango ditugu argitaletxeak eta ilustrazio jaialdiak, hala nola Lustr Festival, Samandal Comics eta Tabook. Egitaraua osatzeko, jardunaldian izango dira Txekiar Errepublikako ilustratzaileak (Tereza Ricanova, Anna Plestilova eta Iker Ayestarán), Libanokoak (Mazen Kerbaj, Lena Merhej eta Iñaki Landa) eta Estatu Batuetakoak (Tara Booth, Lale Westvind eta Aitor Lajarín). Hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira irudika.eus plataforman.
3.Hitzorduak eta elkarrizketa profesionalak (networking): bertaratutako ilustratzaileek posible izango dute hitzorduak egitea argitaletxe eta profesionalekin beren portfolioa hobetzeko, zalantzak argitzeko zein lan-akordioak ixteko. Hitzaldiak emango dituzten agente eta editoreekin ez eze, posible izango da hitzorduak egitea baita ere aurreko urteetan etorri diren beste agente batzuekin edo kanpoko gonbidatuekin, guztira hamazazpi izango direlarik.
4.Sorpresa tailerrak: hiru tailer izango dira tematika banarekin, baina isilpean gordetzen dugu nork emango duen tailer bakoitza. Gaiak dira: nola egiten diren exlibris-ak (liburuak markatzeko zigiluak), tira formako ilustrazio animatua zootropo batean instalatzeko, grabaketako esperimentazioa tetrabrick-ak birziklatuz eta, hirugarrena, pigmentuak sortzea papera tindatu eta maskarak fabrikatzeko.
5.Lehiaketak eta egonaldi artistikoa: sorkuntzari laguntzeko eta etorkizunera begira, Irudika jaialdiaren barruan ilustrazio eta animazio lehiaketa bi antolatuko dira Vital Fundazioa eta AC/E-Acción Cultural Española erakundeen babesarekin. Sarituek egonaldi artistiko bana irabaziko dute Gasteizen, Bilbaoarten eta La Maison des Auteurs d’Angoulême-n, eta baita ere —aurtengo nobedadea— Mexikoko
Guadalajara eta Zapopán hirietan. Mahai-inguru bat egingo dugu 2021ean ilustratzaile egoiliar izandako Bea Lozano eta Santiago Colomborekin, eta epaimahaiko bi ordezkarirekin: Cristobal Schmal ilustratzaile uruguaitarrarekin eta Uruguaiko INAV erakundeko Cecilia Bertolinirekin. Ekitaldi horretan emango dira ezagutzera 2023ko Irudika Egonaldietarako hautatuen izenak.
Euskal Irudigileak-Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak antolatzen du Irudika jaialdia, laguntzaile dituela Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioa, Artium Museoa eta beste hainbat erakunde kolaboratzaile. Irudika egonaldiak posible dira Vital Fundazioa, Acción Cultural Española (AC/E), Bilbaoarte Fundazioa, La Maison des Auteurs d’Angoulême, Guadalajarako Udala (Mexiko) eta Zapopan hiriko (Mexiko) La Casa del Autor erakundeen babesari esker.
29/09/2022 - 01/10/2022
Artium