XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. San Pedro eliza, irailak 3. - kulturaraba
XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. San Pedro eliza, irailak 3.
03/09/2019
Ordutegia: 20:15
Tokia: San Pedro eliza, Vitoria-Gasteiz
Prezioa: Sarrera inbitazioarekin, edukiera bete arte
INTONATIONES.
Quiteria Muñoz, sopranoa.
David Sagastume, altua.
Lluís Vilamajó, tenorea.
Daniele Carnovich, baxua.
Edwin García, gitarra, tiorba.
Daniel Garay, perkusioa.
Daniel Oyarzabal, organoa.
QUITERIA MUÑOZ.
Valentzian jaio zen eta, hiri horretan, piano eta kantu ikasketak amaitu zituen “Joaquín Rodrigo” Goi Mailako Kontserbatorioan, Ana Luisa Chova, Patricia Lloréns eta Husan Park irakasleen eskutik.
Martina Franca (Bari, Italia) udalerriko “Accademia italiana de belcanto, Rodolfo Celletti” delakoan taldeko kidea da.
Mina Lacambra lehiaketaren XVII. edizioa irabazi zuen, Mozarten “Die Zauberflöte” laneko “Erste Dame” eginkizuna hartuta, eta finalista izan zen Bartzelonako “Les Corts” lehiaketan, 2014ko maiatzean.
Urte horretako udan, Martina Franca (Italia) udalerriko “Della Valle d'Itria” musika jaialdian parte hartu zuen eta ikus-entzuleen lehen saria irabazi zuen. Gainera, “Rotary International” erakundearen beka eskuratu zuen.
Abesbatza eta ganbera talde entzutetsu askotan abestu du, hala nola Cappella Mediterranea deritzonean, Leonardo García Alarcón zuzendariarekin; Amystis cor de cambra; Harmonia del Parnàs; Capella de Ministrers; Cor Victoria Musicae, Jose Ramón Gil-Tàrrega zuzendariarekin; Valentziako katedraleko abesbatzan; Neovocalis abesbatzan; eta Eduardo López-Banzo zuzendariarekin. Azkenaren ikasleen artean aukeratu zuten Leongo katedralean kontzertua emateko.Beste alde batetik, Abchordis Ensemble izeneko talde italiar barrokoaren abeslari bakarlaria da.
Valentziako “Palau de les Arts” antzokiko “Plácido Domingo” Hobekuntza zentroan hautatu zuten 2011n eta, bertan, Plácido Domingo edo Roger Vignoles maisuen eskolak jaso zituen eta hainbat operatan abestu zuen, besteak beste, “Figaroren ezteiak”, “Dido eta Eneas” edo Plácido Domingok berak zuzendutako “Amelia al ballo” operan.
Valentziako Generalitatearen Abesbatzako errefortzua da eta Valentziako orkestrarekin edo Palau de les Arts-eko orkestrarekin jardun du, besteak beste.
2015eko udan, Monteverdiren “L´incoronazzione di Poppea” operaren “Poppea” lana hartu zuen lehen aldiz , Antonio Greco zuzendariaren eta “Cremona Antiqua” orkestra barrokoaren eskutik, Martina Franca (Italia) udalerriko Itriako Haraneko jaialdiaren 41. edizioan.
“Rodolfo Celleti” Bel Canto edo musika lirikoko akademiako ikaslea da, Alberto Triola arte zuzendari eta Fabio Luisi musika zuzendariarekin. Azkenaren hobekuntza eskolak jaso ditu, baita honako hauena guztiena ere: Stefania Bonfadello, Carmen Santoro, Lella Cuberli, Sherman Lowe, Sonia Prina, Roberta Mameli eta Paola Pittaluga.
2015eko azaroan, debuta egin zuen Napoliko San Carlo antzokian eta, saio horretan, Mahler-en bigarren sinfonia abestu zuen bakarlari gisa Fabio Luisi zuzendari eta San Carlo antzokiko orkestra eta abesbatzarekin batera.
2016ko urtarrilean, Debussyren “Pelléas et Mélisande” operako Mélisande gisa aritu zen aurreneko aldiz, Valentziako ganbera orkestrarekin, Juan Pablo Hellínek zuzenduta.
2017ko apirilean, emanaldia eskaini zuen Arriaga antzokian, “Enrike Solinís & Euskal Barrokensemble” taldearekin batera.
2017ko apirilean, Cristobal Soler orkestra zuzendariak aukeratu zuen “Academia de la Semana Religiosa de Cuenca, SMR 56” delako jaialdiaren lehen edizioan parte hartzeko.
Bere diskoetako batean, Juan Cabanilles meza abestu zuen bakarlari gisa eta, beste batean, Joan Bautista Comesen lanak. Brilliant Classics etxeak ekoitzitako bi disko horiek 2012 eta 2015 urteetan grabatu ziren, hurrenez hurren. Geroago, Christian Roca musikagileak egindako ahots eta pianorako abestiz osatutako beste disko bat grabatu zuen.
Orain dela gutxi, kantu frantsesez osatutako diskoa kaleratu su Úrsula Segarra arpa jotzailearekin batera. Muñozek “De soprano y arpa” izeneko musika talde iraunkorra eratuta dauka Segarrarekin.
2017ko ekainean, bi-biek sortutako lehen haur ikuskizuna aurkeztu zuten Valentziako musika jauregian: E. Grieg-en “Peer Gynt”.
DAVID SAGASTUME.
Gasteizen jaio zen, 1972an, eta biolontxelo ikasketa egin zituen Arabako hiriburuko Jesús Guridi Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, Gabriel Negoescu eta François Monciero irakasleen eskutik. Sagastumek sari berezia jaso zuen espezialitate horretako amaierako azterketan eta, biolontxeloa ikasteaz batera, klabea, ganbako biola, ganbera musika eta konposizioa ere ikasi zituen. Era berean, zona handiko hainbat irakasleren aholkuak jaso ditu, hala nola Sigfried Palm, Laurentiu Sbarcea eta José Luis Estellésenak.
Ikasteaz gain, XX. eta XXI. mendeetako musika jotzen duen “Jesús Guridi” talde instrumentaleko kide denez, saioak eskaintzen ditu. Hainbat urtetan, Euskadiko Gazte Orkestrako kide izan da eta sarritan jo du Euskadiko Orkestra Sinfonikoan.
Aldi berean, kontratenor gisa hasi zen Isabel Álvarez irakaslearekin eta, geroago, R. Levitt eta Carlos Mena irakasleekin. Jordi Savallek zuzentzen duen Kataluniako Capella Reial taldean aritu da askotan eta hainbat ekoizpenetan parte hartu du, besteak beste, Claudio Monteverdiren Vespro de la Beata Virgine edo J.S. Bach-en Si minorreko meza lanetan. Munduko jaialdi eta kontzertu areto anitzetan aritu da, besteak beste, honako hauetan: Flandriako Nazioarteko Jaialdia, Fontebreauko Jaialdia, Donostiako Musika Hamabostaldia, Cuencako Erlijio Musikaren Astea, Grazeko Styriarte, Berkeley Festival, Cartagena de Indiasko Nazioarteko Musika Jaialdia, Misteria Paschalia, Sydney Opera House, Concertgebouw (Amsterdam), Walt Disney Concert Hall (Los Angeles), Konzerthaus (Viena) edo Versallesko Jauregia. Haendelen “Giulio Cesare” operan oinarrituta, Herbert Wernickek moldatu eta Andreas Speringek zuzendutako ekoipenean parte hartu zuen Sevillako Maestranza zezen plazan.
Talde batzuetan jardun du bakarlari, besteak beste, ondokoetan: Los Ministriles de Marsias, Salamancako Orkestra Barrokoa, Sevillako Orkestra Barrokoa, Granada Hiriko Orkestra, Malagako Orkestra Filarmonikoan, Prusiako Ganbera Orkestra edo Orchestra of the Age of Enlightement, Concert Français, Zimmerman kafetegia eta Netherlands Bach Society, Gustav Leonhardt zuzendari zuela. Era berean, sarritan abesten du honako hauetan: La Grande Chapelle, Tolouseko Les Sacqueboutiers eta Ensemble Gilles Binchois. Grabaketa ugari egin ditu taldeka nahiz banaka. Horietan, hauexek nabarmendu behar dira: Johannes de Antxietaren Missa Sine Nomine, Biberren Missa Salisburgensis , Juan Vasquezen Agenda Defunctorum , F. Guerreroren Puer natus est meza, Mateo Flecharen Ensaladas, “Serpiente venenosa” deritzon CDa, Sevillako Orkestra Barrokoarekin batera eta Europako irrati batzuentzat egindako zenbait lan (Radio France, R2...). Era berean, Alia Vox ekoiztetxearen grabaketetan parte hartu du azken 15 urteotan; ildo horretan, konpainia horren Alia Vox Diversa markak argitaratutako lehen diskoan parte hartu du, Euskal Barrokensemble taldeko kide moduan.
Intonationes taldearen kide sortzailea da; talde horrek, funtsean, XVI. eta XVII. mendeetako Hispaniako errepertorio polifonikoa jotzen du. Talde horretako zuzendari legez, Johanes de Antxieta euskal musikariaren ustez osagabea zen Magnificat bat berreskuratu eta transkribatu du eta, horrela, Hispaniako XV. mendeko musikari garrantzitsuenetako baten katalogo guztiz urria (16 lan guztira, orain dela gutxi berreskuratutakoa aintzat hartuta) handitu da.
LLUÍS VILAMAJÓ.
Bartzelonan jaio zen eta musika ikasten hasi zen Montserrateko eskolanian; geroago, Bartzelonako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan ikasi zuen. Margarita Sabartés eta Carmen Martínez irakasleekin ikasi du kantua.
Gaur egun, Jordi Savall zuzendari duen Kataluniako Capella Reial, Hespérion XXI taldeko kidea da eta sarritan aritzen da beste zenbait talderekin, hala nola Al Ayre Español (zuzendaria: E. López Banzo), Tolouseko Les Saqueboutiers , La Fenice ensenblea, Limogeseko Ensemble Baroque eta Il Fondamento. Horiekin guztiekin, kontzertuak eskaini eta grabaketak egin ditu Europako entzungela askotan ,bai eta Estatu Batu, Mexiko eta Israelgoetan ere.
Bakarlari gisa, hainbat lan kantatu ditu: C. Monteverdiren Bezperak, J.S. Bach-en Magnificat, W. A. Mozarten Requiem , G. Pucciniren Aintza Meza, J. Haydn-en Kreazioa, C. Debussy-ren L’Enfant Prodigue, J.S. Bach-en Pasioa San Joanen arabera eta Pasioa San Mateoren arabera, G. F. Händel-en Mesias, J. S. Bach-en Si minorreko Meza.
Salvador Brotons, Pierre Cao, Jordi Casas, Juan José Mena, Antoni Ros Marbà, Manel Valdivieso, Andrew Parrot, Jordi Savall, Laszlo Heltay, E. Ericson, Salvador Mas, Ernest Martínez Izquierdo, Rinaldo Alessandrini, Attilio Cremonesi, Wieland Kuijken, Jordi Mora, Nicolas McGegan, Paul Dombrecht, Reinhard Goegel, Christophe Coin, Cristopher Hogwood eta Andre Marcon zuzendarien aginduetara lan egin du.
Ondoko ekoiztetxeentzat ere grabatu du: Astrée-Audivis, Alia-Vox, Fonti musicali, Sony-classical, Deutsche Harmonia Mundi , Accord, Discant, Cantus.
DANIELE CARNOVICH.
Daniele Carnovich Paduan (it. Padova) jaio zen eta hiri horretako musika kontserbatorioan ikasi zuen. Hasteko, xirulako diploma eskuratu zuen eta, geroago, konposizioa eta kantua ikasi zuen, musika barrokoan espezializatuta. 1981ean hasi zen kontzertuak eskaintzen eta Italiako nahiz Europako antzinako musika jaialdi ospetsuenetan parte hartzen. Geroago, Kandan, Estatu Batzuetan, Mexikon, Australian, Zeelanda Berrian, Israelen, Japonian, Brasilen, Kolonbian eta Argentinan aritu da kantuan.
Daniele Carnovich bakarlari gisa jardun du hainbat taldetan: The Consort of Musicke, Il Giardino Armonico, Ensemble Chiaroscuro, I Sonatori della Gioiosa Marca, Elyma Ensemble, Concert Palatino, Ensemble Daedalus (Frans Brüggen zuzendariaren aginduetara), Philippe Herreweghe, Paul Angerer, Nigelers, Andew Parrott, Alan Curtis, René Clemencic, Rinaldo Alessandrini, Diego Fasolis…
1986an, Jordi Savall-ekin lanean hasi zen Hespèrion XX taldean (gaur egun, Hespèrion XXI) eta Kataluniako Capella Reialen. Esan beharra dago bertako baxu bakarlaria izan dela hogeita hamar urtetik gorako aldian.
Concierto Italiano eta Venexiana taldeetako kide izan zen eta bi talde horiei nazioarteko ospea ekarri zieten grabaketa historikoetan parte hartu zuen eta, 2009. urtean, La Compagnia del Madrigale eratu zuen Rossana Bertini eta Giuseppe Malettorekin batera. Horiekin batera, madrigalak abesten ibili zen hogei urtean baino denbora luzeagoan. .
1993an, opera kantatzen debuta egin zuen Bartzelonako Lizeoaren Antzoki Handian, Karonterena eginda Monteverdiren Orfeo lanean (geroago, Londresen grabatu zen BBCrentzat). Plutonena ere egin zuen Orpheus operaren emanaldian 2002an, Bartzelonan (BBCk saioaren DVDa argitaratu zuen). Europako irrati garrantzitsuenentzat grabatzeaz gain, Daniele Carnovichek ehun CD baino gehiago grabatu ditu hainbat ekoiztetxerentzat: Decca, Accent, Astrée, Glossa, Opus 111, Tactus, Arcana, K617, Fontalis, Alia Vox, Naxos. Lan horietan guztietan, Monteverdiren madrigal guztien grabaketa aipatu behar dugu, bai eta Ama Birjina Santuaren Bezperen zazpi bertsio desberdinena ere bai
EDWIN GARCÍA.
Bogotan (Kolonbia) jaio zen eta gitarra klasikoaren goi mailako gradua jaso zuen 2004an, Pontifize Unibertsitate Xabiertarrean. 2011n, berriz, musika tresna historikoen goi mailako gradua jaso zuen Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan, Xavier Díaz Latorre tutore zuela.
2014an, interpretazio eta musikologia masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Espainiako eta nazioarteko lan ugaritan parte hartu du, gitarra eta tiorba jotzen. Gaur egun, notazio diastematikorik ez daukan XVII. eta XVIIII. mendeetako musika iberikoa ikertzen eta jotzen dihardu. La Sonorosa taldearen sortzailea eta zuzendaria.
DANIEL GARAY.
Bilbon jaio zen, pianoa eta zeharkako txirula ikasi zituen eta, azkenik, perkusioa lantzen amaitu zuen. Aldi berean, Bilboko Koral Elkarteko kide dela, opera, kontzertu eta grabaketa askotan parte hartu ohi du, besteak beste, Victor Pablo Pérez, Ros-Marbá edo Juanjo Mena zuzendarien eskutik.
Pedro Estevan irakasle zuela, perkusio historikoari buruzko goi mailako ikasketak amaitu zituen Bartzelonako Goi Mailako Musika Eskolan; bateria modernoaren ikasketak David Gómez, Ricardo Cantera eta Miguel Benito irakasleek gidatuta eta perkusio klasikoari buruzkoak Manolo Gallardo, Javier Alonso eta Joaquín Carrascosa irakasleekin.
Antzinako musikan aditua den perkusio jotzailea izanik, hainbat taldetako kide edo languntzailea da, besteak beste, Le Concert des Nations, Hesperion XXI, Euskal Barrokensemble, Concerto Copenhagen, Al Ayre Español, La Ritirata, Sevilla Orkestra Barrokoa, Santa Maria Kapera, Georgian Sinfonietta, El Concierto Español, Collegium Musicum Madrid, Nereydas, Secretvm, La Galanía, La Fenice eta Forma Antiqva. Talde horiekin guztiekin, CDak grabatu eta saio ugari eskaini ditu estatuko nahiz nazioarteko bazter askotan.
DANIEL OYARZABAL.
Gasteizen jaio zen, 1972an. Ikasketa amaierako ohorezko saria jaso zuen klabe eta organoaren espezialitateetan. Geroago, organoa, klabea eta musika tresna historikoak ikasi zituen Thomas Schmögner irakaslearekin Vienako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, organoa Jos van der Kooy irakaslearekin eta klabea Patrick Ayrton irakaslearekin Herbeheretako Hagako Errege Kontserbatorioan. Era berean, J. S. Bachen musikan sakontzeko ikasketak egin zituen Amsterdamgo Kontserbatorioan, Pieter van Dijk irakaslearekin. Aurrekoez gain, espezializazio ikastaroak egin zituen Pierre Hantaï, Jacques Ogg, Michael Posch, Lars Ulrik Mortensen, Michael Radulescu, Hans Fagius eta Oliver Latry irakasleekin.
1991n, Prentsaren sari berezia eman zioten Interprete Gazteen Nazio Erakustaldian, Eivissan. 1998an, Inprobisazioaren lehen saria jaso zuen Erromako Nazioarteko Musika Jaialdian, eta 2002an, hirugarren saria eman zioten Nimega (Herbehereak) Hiriko XIX. Nazioarteko Organo Lehiaketan. Oyarzabal dugu lehiaketa horren edizio guztietan saririk jaso duen espainiar bakarra.
Nazioarteko jaialdi ugaritan parte hartu du, bakarlari nahiz kontinuista gisa, eta kontzertu ugari eman ditu Europan eta Japonian. Azken proiektuetan, J. S. Bach-en Goldberg Bariazioen emanaldia aipatu behar dugu Espainiako hainbat hiritan, Reggio Emilian, Barin eta Vienan, eta Austrian emandako organo kontzertuen bira, St. Florian organo monumentalarekin emandakoa ere kontuan hartuta. Getafeko katedraleko organo jotzaile titularra da eta Espainiako Orkrestra Nazionaleko organo jotzaile nagusia.
EGITARAUA
“Disfrutar Nueva España”. Gaspar Fernandes.
Artzainei
Bat-bateko jarduna gitarrarekin
Ven y verás, zagalejo
Zagalejo de perlas
No haya más dulce alegría
Gitarra
Pide al cielo la tierra
Un relox ha visto Andrés
No corras Gil tan ufano
Oh labios decidme vos
Marionas
Haurrari
Xicochi
Norabuena vengáis al mundo
A no teneros mi Dios
Desnudito parece mi niño
En un portalejo pobre
Xacaras
Beltzei
Francisquillo, ¿dónde vamos?
Dame albricias mano Antón
De los reyes
PROGRAMAREN GAINEKO IRUZKINAK
Gaspar Fernández
Bizitza berri bat, mundu berri bat. XVI. mendeak aurrera egin ahala, Amerikako hasierako hiriak handituz joan ziren, eta pertsonen zein kulturen aniztasunak giza eta artea era paregabean aberastu zituen. XVII. mendea jada hastear zegoenean, Erdialdeko Amerikako katedral nagusiek Gaztelako katedral-ereduen bezala funtzionatzen zuten, eta inspirazio-iturritzat hartzen zituzten Espainian egiten zen artea eta musika; horrez gain, Kontrarreformaren funtsa errespetatzen zuten. Haietan guztietan kapera-maisuaren lanak egiten ziren, eta Atlantikoz bestaldeko kapera-maisuen betebehar eta eskubide berak zituzten. Kapera-maisu horiek goiz konturatu ziren erantzukizun handia zeukatela esku artean: ia «zerotik» hasita, Europa katolikoan egiten zen errepertorio polifonikoa Erdialdeko Amerikara ekartzea, lurralde horretako ezaugarrien eta biztanleen gustuen arabera moldatzea eta, ahal zuten heinean, handitzea.
Felipe II.ak eta beraren oinordekoa izan zen semeak arretaz ziurtatu zuten etorkizuneko abeslariak, apaizak eta elizgizonak trebatzeko katedraletan eta ikastegietan ozeanoz bestaldeko hezkuntza-eredu egokienei jarrai ziezaieten. Felipe II.ak eskatuta, Guatemalako Colegio Seminario de la Asunción fundatu zuten, 1598an. Asmoa Trentoko Kontzilioko ideiak eta arauak hedatzea zen. Apaizgaitegi horretan hasieran lehentasuna eman zioten aurkitzaileen eta konkistatzaileen semeak eta bilobak hartzeari. Omar Morales Abril musikologoaren azken azterlanen arabera, Gaspar Fernández (1575-1629 inguru) musikagileak, gaurko programan aurkeztuak, han ikasi zuen. Dena den, Gaspar Fernándezen biografiaren eta jatorriaren gainean oraindik ere erantzun gabeko galdera ugari daude, musikologo askoren ustez. Moralesen tesiari jarraikiz, Fernández kreolea zen; zehazki, Guatemalan jaioa, espainiarren ondorengoen familia baten semea zen. Horrek ez du bat egiten Amerikako Estatu Batuetako Robert Stevenson musikologoaren 1970eko teoriarekin. Stevensonen teoriaren arabera, Fernandes, portugaleraren grafiaz idatzita, Portugalgo Évora hiritik irten zen 1599an, eta organo-jotzaile eta organo-afinatzaile jardun zuen Guatemalako katedralean.
Stevensonek Puebla arkediozesiko katedraleko dokumentuetan oinarritu zuen bere azterlana, baina Moralesek, ordea, Guatemalako katedraleko dokumentu ugariak kontsultatu eta aztertu ditu; beraz, azkeneko ikerketa horiei erreparatzen badiegu, Fernández Guatemalako katedraleko kapera-maisu aritu zen hainbat urtetan, eta, organo-jotzaile jardun beharrean, lan handia egin zuen eskuizkribu polifonikoak kopiatzen, Puebla de Los Ángeles herriko katedralera 1606an lekualdatu baino lehen. Urte horietan Fernándezek Pedro Bermúdez (baliteke 1558-1605 urte bitartean bizi izana) ezagutu zuen. Bermúdez Granadako musikagilea zen, eta Guatemalan eta Pueblan kapera-maisu jardun zuen, Fernándezen aurretik. Bermúdezek Espainiatik hara eraman zituen XVI. mendean erlijio-musika konposatzen zuten musikagile nagusien eskuizkribu ugari, besteak beste, Cristóbal de Morales eta Rodrigo de Ceballos musikagileena, gaztetan lagunak izan baitziren, Bermúdez Espainia Berrira joateko itsasontzira igo aurretik. Horrez gain, Palestrinako edo Trentoko Kontzilio aurretiko musikagileen eskuizkribuak ere eraman zituen, adibidez, Francisco Guerrero musikagilearenak, bere garaian, Sevillako katedralean haren laguntzailea izan zelako.
Bermudezen irakasle-lana erabakigarria izan zen, musika-kapera aberasteko. Moralesen hitzetan, «hiru aldiz biderkatu zen abeslarien kopurua; jaiegun nagusietan baino deitzen ez zituzten biztanle indigenak ministril gisa kontratatu zituzten; eta errepertorio polifonikoa sistematikoki antolatu zen». Bermúdezek, gainera, Fernández animatu zuen Espainiatik ekarritako partitura guztiak kopia zitzan. Izatez, Fernándezek lan bikaina egin zuen kopiak egiten: Libro de canto de órgano de misas, Libro de salmos eta Libro de canto de órgano de himnos y magníficats para coro liburuetan lan polifoniko ugari bildu zituen, eta, hein handi batean, errepertorio oparoa osatzen lagundu zuten, Guatemalako katedraleko musika-kaperako. Lan horiek oso lagungarriak dira gaur egun ere, Erdialdeko Amerikako katedraletako XVI. mendearen amaieraren eta XVII. mendearen hasierara bitarteko musika ezagutzeko. Eskuizkribu horiek eta Oaxaca-ko Kodexa erkatuta, ondorioztatu egin da liburu biak pertsona berak kopiatu zituela, eta pertsona hori Gaspar Fernández izan zela. Oaxacako Kodexa, berez, Mundu Berrian gorde zuten kodexik garrantzitsu eta interesgarrienetako bat da.
Halaber, Oaxaca herriko katedralean Cancionero Musical de Gaspar Fernández edo Cancionero de Oaxaca-Puebla kantutegia aurkitu zuten, eta XVII. mendearen hasierako konposizio polifonikorik onenetako bat da, Espainia Berriko erregeordealdian egina. Badirudi Gabriel Ruiz de Morga izeneko abeslari batek Puebla herritik Oaxaca herrira eraman zuela kodexa. Aurelio Trelloren hitzetan, «Amerika osoko eskuz idatzitako Gabon-kanta eta txantxa-kanten (“chanzoneta”, gaztelaniaz) testigantza zaharrena da». Ia hirurehun obra kopiatu ziren, eta haietako ehun inguru Gaspar Fernándezek berak konposatu zituen. Omar Moralesen arabera, kantutegi horretako lanak egoeraren araberakoak ziren, eta horregatik dira «Puebla herrian garai artean bizi zen gizarte-, kultura- era erlijio-giroaren testigantza balioduna». Esteban Gutiérrez Quesada mexikar musikologoaren arabera, dokumentu horrek ziurtatzen du «musika funtsezko elementua izan zela beti: lehenik, instituzio eklesiastikoa finkatzeko; eta, bigarrenik, garai kolonial horretako gizarte-harremanak osatzeko».
XVII. mendearen hasierako urteetan Gabon-kanta polifonikoek harrera oso ona izan zuten komunitate hispano berrietan. Herri-kantak ziren eta, bereziki, liturgia katolikoan parte hartzen zuten eliztarrek atsegin zituzten. Kapera-maisuek eta, hortaz, Fernándezek ere bai, Gabon-kantak konposatu behar izan zituzten liturgiaren egutegiko jaiegun garrantzitsuetarako. Herri-hizkuntza batzuetan idatzi zituzten, hala nola gaztelaniaz, portugaleraz edota nahuatlez. Haietako batzuk literatura-maila oso handikoak dira, eta ondo frogatzen dute Fernández musikari jantzia zela; beste batzuk herri-jatorrizkoak dira, eta folklore hispanoan, indigenoan eta afrikarrean jasota daude, Gutiérrez Quesadak azaldutakoaren arabera.
Lan horien hizkuntza- eta kultura-balioa oso handia da. Horren harira, A. Tello-k musikagilearen sentsibilitatea azpimarratu du, zehazki, «kultura-elementuak ulertzeko eta bere konposizio sorta handian txertatzeko». Omar Murilloren arabera, «de remedo» deituriko Gabon-kanten bidez, herritar anitzek erlijio-musika ezagutu zuten: indioek, mestizoek, beltzek, espainiarrak ez ziren immigranteek, baita espainiarrek (kreoleek) ere. Hona hemen Gabon-kanta edo txantxa-kanta horietako batzuen izenburuak: «A los negros» [beltzei], «negrito» [beltz txikitxoa], «guineo» [Gineakoa] edo «negrilla» [emakume beltza]. Erregeordealdian gero eta gehiago ziren afrikar jatorriko herritarrentzat pentsatuta zeuden.
Estiloari dagokionez, Gaspar Fernándezen Gabon-kanta horiek errenazimentuaren eta barrokoaren arteko trantsizioko piezatzat har daitezke. Ahotsek idazkera kontrapuntistikoa dute. Honelakoa da lan horien idazketa ohikoena: sarrera bat, solista batentzat edo bi abeslariko duo batentzat; ahots guztientzako errepika bat; eta zenbait kopla edo estrofa. Horrela, solistentzako esaldiak, hainbat ahotsentzako koplak eta ahots guztientzako errepikak txandakatzen joaten dira. Hartara, ahots altuek eta baxuek ere kontrastea sortzen dute, baita intentsitatez eta izaeraz ere. Kontraste-elementu horrek erakusten du Iberiar Penintsulan gauzatzen ari zen barrokoaren lehen eragina.
ERABATEKO PROGRAMA - XXXVII.ARABAKO AINTZINAKO MUSIKA ASTEA