XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. Santa Maria Katedrala, irailak 5. - kulturaraba
XXXVII. Arabako aintzinako musika astea. Santa Maria Katedrala, irailak 5.
05/09/2019

Ordutegia: 20:15
Tokia: Santa Maria Katedrala, Vitoria-Gasteiz
Prezioa: Sarrera inbitazioarekin, edukiera bete arte
FORMA ANTIQVA.
Alejandro Villar, moko-txirula.
Daniel Pinteño, biolina.
Ruth Verona, biolontxeloa.
Pablo Zapico, gitarra barrokoa.
Aarón Zapico, klabezina.
Pablo, Daniel eta Aarón Zapico anaiak ardatz dituen Forma Antiqva musika barrokoko taldea da. Kideak aldatuz doaz eta, horri esker, belaunaldiko interpretatzaile bikainenak pasatzen dira taldetik. Ondorioz, Espainiako musika klasikoko talderik garrantzitsuenetakotzat du kritikak.
Bere ibilbide azkarrean, herrialdeko jaialdi eta ziklorik ospetsuenetan eman ditu kontzertuak taldeak: Errege Antzokia, Musika Auditorium Nazionala eta Madrilgo Juan March auditoriuma, Bartzelonako L'Auditori eta Palau de la Música Catalana, Valentziako Palau de la Música, Oviedoko eta Bilboko Arriaga antzokiko opera denboraldien inaugurazioa, Granadako Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdia, Santanderreko Nazioarteko Musika Jaialdia, Donostiako Musika Hamabostaldia eta Jazzaldia, Cuencako Erlijio Musikaren Astea, Zamorako Portico Jaialdia y el El Escorialeko antzoki-auditoriuma.
Nazioartean ere aritzen dira eta jaialdi eta areto entzutetsuetan jo izan dute: New Yorkeko Frick Collection; Erresuma Batuko York Early Music Festival; Alemaniako Ludwigsburger Schlossfestspiele, Musikfestpiele Postdam eta Thüringer Bachwochen; Brujaseko (Belgika) Van Vlaanderen; Txekiar Errepublikako Letní slavnosti staré hudby eta Prátelé Pražského jara, eta Australiako Camberra International Chamber Music Festival. Horrez gain, Forma Antiqva hainbat herrialdetako areto eta auditoriumetan izan da: Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Alemania, Suitza, Grezia, Txekiar Errepublika, Polonia, Serbia, Bolivia, Brasil, Peru, Txile, Panama, Kolonbia, Japonia eta Singapur.
2011n Antonio Vivaldiren Lau Urtaroak lanaren grabazioa egin zuten eta Espainiako eta Europako kritikariek “erreferentziazko” lantzat jo zuten, eta aurretik grabatutako Concerto Zapico lana bezala, salmenta arrakasta handia izan zen Europa osoan. Kultuzkotzat jotzen den Alemaniako Winter & Winter diskografikaren artista esklusibo hauek publikoaren eta kritikaren goraipamena jaso dute: Pizzicato-ren Supersonic, Scherzo-ren Excepcional, CD Compact-en Recomendado, Ritmo-ren Excelente, Prelude Classical Music Awards 2009, International Classical Music Awards sarien 2010eko, 2011ko y 2016ko izendapenak eta CD Compact-en Barrokoko Ahots Musikako Diskorik Onenaren Saria 2008/09. Crudo Amor (2016) diskoak Scherzo-ren Excepcional zigilua jaso zuen eta ekoizpen diskografiko onenari GEMA 2016 saria. Concerto Zapico Vol. 2 2018ko apirilean merkaturatu zuten eta 2010ean hasitako hirukote proiektuaren jarraipen arrakastatsua izan zen. Grabazio horrek Musika Klasikoaren 2019ko Diskorik Onenaren Musika Independentearen Saria (MIN Saria) jaso zuen.
Forma Antiqvak Asturiasko Printzerriko Irrati eta Telebistaren Saria jaso du, Asturiasko Musikaren Saria, Kultura Berrikuntzaren Serondaya Saria, Espainiako Musika Klasikoko Jaialdien Elkartearen Antzinako Musikaren Saria eta La Nueva España egunkariaren Asturiano del Mes saria. 2016an, barrokoko (XVIII.) eta klasizismoko Espainiako talderik onenaren GEMA saria jaso zuen.
Forma Antiqva taldea Grup Camera taldearen gonbidatua da.
2018-2019 denboraldian hainbat kontzertu emango dituzte, besteak beste, honako hauetan: Oviedoko Asturiasko Printzesa Fundazioaren Sarien Astea; Palma de Mallorcako, Bartzelonako eta Zaragozako Caixaforumak; Madrilgo eta El Escorialeko Erlijio Artearen Nazioarteko Jaialdia; Torroella de Montgri-ko jaialdia; Palma de Mallorcako Teatre Principal; San Lorenzo de El Escorialeko antzoki-auditoriumeko udako jaialdia eta Santanderreko Nazioarteko Jaialdia. Horrez gain, debuta egingo dute Turingo I concerti del Lingotto denboraldi entzutetsuan.
EGITARAUA
“Café Telemann”
1767ko ekainaren 25eko arratsaldean, Hamburgeko bere apartamentuan hil zen Georg Phillipp Telemann, bularreko gaitz baten ondorioz, 86 urteak beteak zituela. Handik egun gutxira ehortzi zuten, ekainaren 29an, Johannisfriedhof-en. Hiriko zenbait egunkari eta aldizkarik heriotza oharrak eta gorazarre poetikoak argitaratu zituzten haren omenez, baina Staats-und Gelehrte Zeitung des Hamburgischen unpartheyischen Correspondenten egunkariak hau baino ez zuen idatzi: «Bere izena da bere gorazarre». 2017an, hil zela 250 urte bete ziren: alemaniar konpositorerik emankorrena izan da musikaren historian. Urteurren esanguratsu eta itxarondako hori dela eta, Forma Antiqvak ganbera musikaren programa berria aurkeztu du, haren figurari oso-osorik eskainia: Café Telemann.
Bere garaiko alemaniar musikaririk ospetsuena izan arren, bizi zen artean izan zuen aintzatespena baino gehiago balioesten da gaur egun haren obra. Bada joera bat —saihetsezina, bestalde— bere garaikide J.S. Bach eta G.F. Händelekin alderatzeko eta, kalitateari begiratuta, haiek baino mailatxo bat beherago jartzeko. Egia esan, Telemannen musikak ez dauka Bachen sakontasunik, ez eta Händelen ekoizpen handien distira liluragarririk ere, baina haatik, bikain erakusten du lengoaia instrumentalaren erabateko maisutasuna. Bere partituren xede ziren musika tresnak jotzeko teknika, haien ezaugarriak eta baliabideak oso ondo ezagutzen zituen (Telemannek berak hainbat musika tresna jotzen zituen, flauta eztia ere bai), eta ezagutza sakon hori bereziki agerian dago bere formatu txikiko obran: ganbera musikakoan. «Musika tresna bakoitzari eskatzen duena ematea, instrumentistak atsegin har dezan eta konpositorea gogobeteta gera dadin». Berea zen esaera hori; hutsala edo sinplea iruditu dakiguke a piori, baina zentzu osoa hartzen du bere musika entzun eta aztertzean, musika idiomatikoa beste gutxi bezala, ikuspegi instrumentaletik. Café Telemann programaren abiapuntua «Essercizii Musici overo Dodeci Soli e Dodeci Trii à diversi stromenti» bilduma da, Hamburgen 1740an argitaratua. Bilduma horren barruan daude flauta ezti eta continuorako TWV 41:C5 eta TWV 41:d4 sonatak, zeinak erabateko erreferentzia baitira flautarako errepertorioaren barruan; eta La minorreko TWV 42:a4 triosonata, flauta, biolin eta continuorako. Bestalde, 3rentzako TWV 42:d10 sonata oinarrituta dago Bruselako Royal Conservatoire of Music-eko liburutegiko V7117 eskuizkribuan, non bakarlarien zatiak gorde baitira, akonpainamendurik gabeak. Flauta ezti, biolin eta continuorako TWV 42:a1 triosonata ere barnean hartzen du sei trioko bilduma batek, zeina zenbait musika tresnatarako baita eta 1718an argitaratu baitzuen Telemannek Frankfurten. Aparteko aipamena merezi du TWV 41:c2 sonatinak, antzeko beste lan batekin (TWV 41:a4) 1730ean Hamburgen argitaratuak. Horietatik bakarlariaren zatia bakarrik gorde da Kopenhageko Errege Liburutegian, baina duela gutxi baxuarena ere agertu da obra horien biolinerako beste bertsio batean, Dresden osoki gordeta egon dena. Do minorreko sonatina hori askoz geroago aurkitu denez alemaniar konpositorearen flautarako gainerako errepertorioa baino, ez da oso maiz entzuten, ez kontzertuetan ez grabazioetan.
Café Zimmermann Leipzig-eko establezimendu ospetsu barrokoan egin ohi ziren Telemannen beraren Collegium Musicum-en kontzertuak, eta haren ereduari jarraikiz diseinatu du Forma Antiqvak programa berri hau, zeinean musika modu natural eta atseginean sortuz joango baita, kontzertu klasikoen inpostaziorik gabe, kafe kikara on baten inguruko berriketaldietan bezala. Telemann bera hemen egongo balitz bezala, musikarien artean eserita.
Café Telemann
Georg Philipp Telemann (1681-1767)
Largo, Trio Sonata TWV 42:a1
Vivace, Trio Sonata TWV 42:a1
Affettuoso, Trio Sonata TWV 42:a1
Allegro, Trio Sonata TWV 42:a1
* * * *
Affettuoso, Trio Sonata TWV 42:a4
Vivace, Sonata TWV 41:C5
Macaron
Grave, Trio Sonata TWV 42:a4
Vivace, Trio Sonata TWV 42:a4
Menuet & Trio, Trio Sonata TWV 42:a4
* * * *
Petit Beurres
Affettuoso, Sonata TWV 41:d4
Presto, Sonata TWV 41:d4
Brioche
Larghetto, Sonata TWV 41:C5
Allegro, Trio Sonata TWV 42:d10
* * * *
Mille feuille
Grave, Sonata TWV 41:d4
Adagio, Trio Sonata TWV 42:d10
Allegro, Sonata TWV 41:d4
Allegro, Trio Sonata TWV 42:d10
Presto, Trio Sonata TWV 42:d10
PROGRAMAREN GAINEKO IRUZKINAK
Café Telemann
Georg Philipp Telemann (1681-1767) Magdeburg herrian jaio zen, eta jaioterrian ekin zion musika ikasteari. Garai hartan, hain zuzen ere, kulturaren loraldi handia bizi izaten ari ziren Alemaniako gorteetan, eta musikan aurkitu zuten artea eta hizkuntza adierazteko biderik onena; hortaz, musikak leku berezia izaten zuen gortesauen zein burgesen topaketetan, baita aditu luteranoen zaletasun eta interesen artean ere. Baliteke musikaren historiako musikagilerik emankorrena Telemann izatea. J. S. Bach (1685-1750) eta G. F. Händel (1685-1759) musikarien garai eta giro kultural berean bizi zen, eta, bere bizitzan, inork ez bezalako ospea bereganatu zuen konpositore eta enpresaburu gisa, baina, hil ondoren, ordea, beraren lana bidegabe ahaztu zen denbora handian.
Beraren familia luteranoa zen oso: aita artzaina zen; eta ama, artzainaren alaba. Telemannek prestakuntza autodidakta izan zuen haurtzaroan eta gaztaroan. Gurasoek ez zuten begi onez ikusten Telemann musikagilea izatea; hortaz, Leipzig hiriko unibertsitatean Zuzenbidea ikastea agindu zioten. Telemannek hasieran obeditu egin zuen, baina, azkenean, bere bideari ekin zion, eta Collegium Musicum ikastegia bere ardurapean hartu zuen. Collegium Musicum Kuhnau musikagileak sortua zuen bi urte lehenago, Leipzigen; eta urte batzuk geroago Bachek ere zuzenduko zuen. Telemannek elizako musika konposatu zuen, baita operak ere; berez, musika genero guztiak interesatzen zitzaizkion, eta Frantziatik edo Italiatik heltzen ziren musika-nobedade guztiak ezagutzen ahalegintzen zen. Hogeita lau urte zituela, Leipzig herritik irten eta Sorau herrira joan zen, Promnitzeko Erdmann II.aren gortean kapellmeister jarduteko asmoz. Versaillesko modak eragin handia zuen gizarte hartan, eta, harekin batera, Frantziako musikak ere bai. Paris labur bisitatu ondoren, Eisenach herrira joan zen 1707an, eta han Bach ezagutu zuen, Bach Weimar hirira joan aurretik. Telemann, Frankfurten egon ondoren, azkenean, Hanburgon finkatu zen.
Musika-ibilbidearen zatirik handiena Hanburgon egin zuen. Bertan lan ugari idatzi zituen, besteak beste, operak, erlijio-musika eta beste lan instrumental batzuk. Hanburgo, Alemaniako iparraldean kokatua, merkataritzako hiri kosmopolita zen. Telemannek bertako Opera musika-antzokiko zuzendaria izan zen hamasei urtean, eta Collegium Musicum ikastegia ere eraldatu zuen. Horrez gain, Der Getreue Musikmeister musika-aldizkariaren argitalpena zuzendu zuen, eta, L. Trullén-ek adierazi duen bezala, erregulartasunez egiten hasi zen lehen musika-argitalpen garrantzitsutzat jo daiteke. Aldizkarian Telemannen zein beste konpositore batzuen partiturak eta lan txikiak editatzen ziren. Telemannek aldizkariaren ale bakoitza argitaratzen zuen, partiturak barne, eta harpidetuei saltzen zien. Horrela, bezero finkoak lortu zituen; hasieran, Alemanian, eta, geroago, ia Europako herrialde guztietan (Espainian ere bai). Horren adibide dira Tafelmusik (1733) edo Musique de table.
Langile nekaezina zen, eta intuizio ona zeukan negozioetarako. Gainera, oso trebea izan zen garai bakoitzeko eragin estetiko modernoenak barneratzen; izan ere, bizitza osoan, baita zahartzaroan ere, ospe handia izan zuen musikagile gisa. Ospe hori bereganatzen lagundu zioten, besteak beste, honako ezaugarri hauek: frantziar musikaren bitartez, «gustu ona» garatu zuen; italiar musikaren adierazpen melodikoa eta Corelli kontzertuak ondo ezagutzen zituen, eta kontzertu horien kopiak Erdialdeko Europako printze eta printzesen gorte nagusietan banatzen ziren; Erdialdeko Europako herri-musikaren gaineko ikasketak zituen (batez ere, poloniar musikari buruzkoak); garaikideek baino askoz ere arinago erabiltzen zuen kontrapuntua; sinpletasuna eta arintasuna atsegin zituen; eta musika-tresnen tinbreak sakon ezagutzen zituen. Bestalde, bazeukan meritu handiko beste bertute bat ere: musikagile aurreratua izan zen bere garairako. Bere musika-lanetan tartekatzen hasi zen barroko garaian, geroago, hainbeste definituko ziren estilo «nazional»en eraginak. Aldi berean, arte «unibertsalago» batera ere jo zuen. Gluck musikariak honela definitu zuen joera hori: «musikak nazio guztien gustukoa izan behar zuen»; musika mota hori klasizismoan nagusitu zen, hain zuzen ere.
Dena den, bizirik egon bitartean arrakasta handia lortu arren, Telemann eta beraren lana bidegabe ahaztu ziren, bera hil ondoren. Bach eta Händel musikari garaikideen lanak musikologiaren bidez berreskuratzen eta aztertzen hasi zirenean, Telemannen musika gutxietsi zen, eta «familiarra», «etxekoa» edo «bihozbera» esan zioten. Gaur egun, berreskuratu egin da berak egin zituen ahots-musikako eta musika instrumentaleko lanen katalogo handiaren zati handi bat, eta azterlan zein analisi musikologiko interesgarriak egin dira. Azterlan horietan oinarrituta, ondorio gisa esan daiteke garai bereko beste musikagile batzuen musika berarena baino distiratsuagoa izan arren, duda barik, Telemannen musika modernoagoa eta berritzaileagoa izan zela. Gazte zela, alemaniar barrokoko konposizio-teknika ezagunenean trebatu zen, hots, kontrapuntuan. Zahartzaroan, Telemann gai izan zen estiloaren kontzeptuan aurrera egiteko; zehazki, barrokotik lehen klasizismora aldatzeko, eta Haydn edo Gluck musikagileen aurrekaritzat har daitezkeen lanak sortu zituen.
Telemannek lan instrumentalak konposatu zituen ikus-entzule burgesentzat, zeinak, ikus-entzule gero eta zorrotzagoak izateaz gain, ondo ordaintzeko prest ere baitzeuden. Lan horietako asko hainbat musika-tresnarako lanak eta gabera-musikako lanak izan ziren (Alemanian, ganbera-musikari askotan «Hausmusik» [etxeko musika] esaten zioten). Trio-sonata izan zen musikagileari kritika onenak ekarri zizkion generoa. Honako lan hau bere garaian biziki goraipatu zuten, eta Telemann bera oso harro zegoen: Essercizii Musici overo Dodeci Soli e Dodeci Trii a diversi stromenti. Hanburgon editatu zuen, 1740an. Telemannek berak hauxe idatzi zuen bilduma horretako trio-sonatei buruz: «Gortesauei eta herritarrei biziki gustatu zitzaizkien. Denbora laburrean guztien estimua ekarri zidaten, adeitasun handiarekin batera». Parisen egonaldi txikia eman ondoren konposatu zituen sonata horiek. Txirulaz, biolinez eta baxu jarraituz jotzekoak ziren, eta frantziar estiloaren ñabardurak antzematen zaizkie; izan ere, musikagileak bereziki maite zuen estilo hori.
Forma Antiqua taldeak bilduma horretako hiru lan joko ditu kontzertuan. Zehazki, honako sonata hauek: txirula eztiz eta baxu jarraituz jotzeko TWV 41:c5 eta TWV 41:d4 sonatak; eta txirulaz, biolinez eta baxu jarraituz, La minorrean jotzeko TWV 42:a4 trio-sonata. Telemannek genero horretako lan ugari konposatu zituen bere bizitzan, horregatik, bere obrari buruzko programa bat egiten den bakoitzean, aukera dago ikus-entzuleei nobedadeak aurkezteko. Haietako bat, adibidez, TWV 42:d10 trio-sonata da, eta, Forma Antiquak azaldu duen bezala, Bruselako Errege Kontserbatorioko liburutegiko eskuizkribu batean oinarrituta dago. Lan horren zati solistak kontserbatu dira, akonpainamendu barik. Lan guztien jatorrizko bertsioak bildu dira, «Café Telemann» titulupean. Titulu horrek erreferentzia egiten dio Leipzig herriko Zimmermann kafetegiari, Bachek bertan kontzertu eta lan instrumental gehienak aurkeztu zituelako. Forma Antiqua taldearen helburua giro atsegina sortzea da, eta, hein batean, «kontzertu klasiko»ko etiketatik urruntzea. Haiek honela azaldu dute: «kikara bat kafe gozoren inguruko solasaldietan bezala, Telemann bera bertan, musikarien artean eserita, egongo balitz bezala».
ERABATEKO PROGRAMA - XXXVII.ARABAKO AINTZINAKO MUSIKA ASTEA