null Gasteizko Arte Eszenikoen Lantegiak

Gasteizko Arte Eszenikoen Lantegiak

Taller de Artes Escénicas de Vitoria-Gasteiz

Gasteizko Arte Eszenikoen Lantegiak (AEL) hainbat talderentzako antzerki ikastaroak ematen ditu hirian: antzezle profesionalak edo profesionalizatzeko bidean daudenak, umeak, gazteak, irakasleak, etab.

Gasteizko Arte Eszenikoen Lantegiak 1977an hasi zuen bere jarduna, DENOK antzerkiko profesionalen kooperatibaren eskutik. 1983an desagertu zen talde horren helburuen artean, antzerki irakaskuntzaren deszentralizazioa zegoen.

Ateak itxi ere egin zituen urte nahaspilatsu batzuen ondoren, 1987an Arabako Foru Aldundiak bere kargu hartu zuen Gasteizko Arte Eszenikoen Lantegia, horren egoitza gaur egungo lekuan kokatu zen, Errege-Erregina Katolikoen kaleko 4 zenbakian, eta ikastaro erregularrez gainera, profesionalentzako ikastaro espezializatuak ere ematen hasi ziren.

1998az geroztik, Porpol Teatrok kudeatzen du Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren proiektu hau.

 

Programak

Gasteizko Arte Eszenikoen Lantegiaren egitaraua hainbat azpiprogramatan eratuta dago, beren edukiengatik nahiz hartzaileengatik bereizita:
 

  • Antzezle profesionalak edo profesional izan nahi dutenak prestatzea. Gasteizko Arte Eszenikoen Lantegirako Porpol Teatroren proiektuaren muina da. Urratsez urrats antzezpena irakasteko 3 ikasturtez eta aukerako urte batez osatzen da, azken hau ikastaro labur espezializatuz osaturik.  Antzezpena, clown lana, joko dramatikoa, mugimendua, dantza, ahotsa eta kantua lantzen dira. Horiez gainera, beste irakasgai batzuk ere jasotzen dira, makillajearekin, erritmoarekin edo ikus-entzunezko lengoaiaren teknikekin lotuak.

 

  • 1-14 urteko haurren eskola. Joko dramatikoaren bidez ematen den irakaskuntza, adin talde desberdinentzat egokitua. Helburua haurrak estimulatzea da, sozializaziotik hasi eta beren adierazmen motor, intelektual eta artistikoraino. Urtebete irauten duten ikastaroez gainera, Eguberrietan ikastaro monografikoak ere ematen dira, hala nola antzerki eta zirku ikastaroak. Hizkuntzei dagokienez, ingelesa gehitu egin zaie euskarari eta gaztelaniari eskoletan.

 

  • Gazteentzako antzerkia. Parte hartzen duten gazteek antzezpenaren gaian beharrezko ezaguerak eskuratzera eta sorkuntzarako eta talde jokaerarako beren gaitasunak garatzera bideratutako irakaskuntza.

 

  • Ikastaro monografikoak. Gasteizko Arte Eszenikoen Lantegiak, baita ere, ikastaro monografikoak eta birziklatze profesionalekoak ematen ditu, hala nola: kabareta, zinemako antzezpena, maisu eta maistrentzako ikastaro espezifikoak, edo desgaitasun psikikoa dutenentzakoak.

 

Elkartze eta antzerkiaren inguruko gogoeta eta eztabaidarako tokia

AEL, gainera, profesional topagune bat da, eskura dauden lokalak eta baliabideak erabiltzeko aukera ematen diena antzezle eta taldeei, amateurrak nahiz profesionalak direla. Antzerkiaren inguruko gogoeta eta eztabaidarako toki bat da, eta horretarako abagunerik hoberena publikoarentzat egiten diren jarduerak ditu.