Les Sylvains. Larunbat musikalak - kulturaraba
Les Sylvains. Larunbat musikalak
07/09/2019 - 07/09/2019
Ordutegia: 12:30
Tokia: Arabako Arte Ederren Museoa
Prezioa: Sarrera doan, aretoa bete arte
Les Sylvains
Armelle Morvan, sopranoa
Arrate Zubigaray, klabea
Les Sylvains duoak 2015ean hasi zuen bere ibilbidea, haren kideak Musikene Euskal Herriko Goi mailako Musika Ikastegian ikasten ari zirela. Hiru urte hauetan, Armelle Morvan-ek eta Arrate Zubigarayk antzinako musikan oinarritu dute beren karrera, eta besteak beste hauexek eman dizkiete masterclass-ak: Maria Cristina Kiehr, Carlos Mena, Pierre Hantaï eta Élisabeth Joyé.
Gijongo Antzinako Musikako Nazioarteko Lehiaketan, Fringe Utrecht Oude Muziek Festival-en eta MusaE 2018 proiektuan parte hartu du duoak.
PROGRAMA
Lacrime delle donne
Dolor y pasión
Maria, dolce Maria, Francesca Caccini (1587-1641)
Lasciatemi Qui Solo, Francesca Caccini (1587-1641)
Lagrime mie, Barbara Strozzi (1619-1677)
Ancidetemi pur, passegiato d'Archadelt, Girolamo Frescobaldi (1583-1643)
Pianto della Madonna, Giovanni Felice Sances (1600-1679)
Toccata Seconda, Libro II, Girolamo Frescobaldi (1583-1643)
Maddalena alla croce, Girolamo Frescobaldi (1583-1643)
Alme luci beate, Giulio Caccini (1587-1641)
Lacrime delle donne programa
Lacrime del Donne programaren bidez, Les Sylvains duoak emakumearen irudi musikala eta artistikoa erakutsi nahi du.
Programaren lan nagusia Sances-en Pianto della madonna da, zeina museoan dagoen Pietatearen eskulturaren oihartzuna baita. Hain zuzen ere, bi lan artistikoek begiratzen diote eliza katolikoak emakumea eta amen artean ama deitzen diotenari; hau da, semearen heriotzaren aurrean ama indartsu eta irmo mantentzen denari. Sentimenduen adierazpena izan da barrokoaren elementu nagusietako bat, eta aurkeztuko duten programan, Caccini-ren Alme lucci beate eta Strozzi-ren Lagrime mie lanak minaren adierazgarri dira eremu profanoan.
Mina eta pasioa programa
Frescobaldi-ren Magdalena alla croce lanean, soiltasun bera ageri da pasioen espresioan. Kasu honetan, bi artistak Magdalenaren pietatearen espresioan eta hark Jesusen pasioarekiko sentitzen duen minean oinarritzen dira, eta min hori bera Pietatearen eskulturan eta Pianto della Madonna-ren lanean ikus dezakegu.
Programa honetan, ez dute soilik Mariaren eta Magdalenaren irudia erakutsi nahi izan, bai eta emakume konpositoreak ere, eta Barbara Strozzi eta Francesca Caccini horren bi erakusle bikain dira. Haien lanak programa baten barruan entzutean beste konpositore ezagunago batzuekin, konturatu ahal izango gara zein kalitate handikoa zen barrokoan haien arteaz bizi ahal izan ziren bi artista horien lana.
PROGRAMAREN GAINEKO IRUZKINAK
“Antzinako musika” deiturikoa Europa guztiko musikaldien programazioko protagonista izaten hasi zenetik, XX. mendeko 60ko hamarkadaz geroztik alegia, konpositore eta lanen inguruko ikerlanek zabalagotu egin dituzte –eta zabalagotzen segitzen dute– interpreteen eta entzuleen ikuspegiak. Bach, Händel, Vivaldi eta garai horretako beste hainbat konpositoreren lanen exekuzio beti hunkigarri eta iradokitzaileez gainera, sarritan entzulearengan eragin emozionala sortu nahi baitute, kontrastea arakatzeaz eta eszenaratze originalez gainera, programazio berriek bide ematen digute garai hartako musikaren dibertsitate osoa ezagutzeko. Mendeak igaro eta denbora luze horretan gertatutako hainbat gorabeheraren ondoren, ahaztutako artista eta musika lanek beren interesa eta edertasuna berreskuratzen dituzte, interprete, ikertzaile eta zabalkunde proposamen berritzaileak direla medio.
“Ahaztu” eta, zorionez, “berreskuratu” horien artean, Barrokoko emakume konpositoreek merezi dute haien lanak guztiok aztertu, aitortu eta gozatzea. Harrigarria bada ere, Les Sylvains-en eta Lucía Caihuela eta Manuel Minguillón-en kontzertuetako protagonista diren bi konpositoreak, Francesca Caccini (1587-1641) eta Barbara Strozzi (1619-1677), ospetsuak izan ziren beren bizi denboran, eta garai hartako pertsona itzaltsuenei aurkeztu zizkieten beren konposizioak, baina geroago erabat ahazturik gertatu ziren duela oso urte gutxi arte. Konpositore horietako lehenengoa Giulio Cacciniren alaba zen (c. 1550-1618). Konpositore eta kantari birtuoso honek musikaren historia irauli egin zuen Medicitarren Florentzian, haren ekarpena erabakigarria izan baitzen Barroko musikalaren sorrera ekarri zuen monodia akonpainatuaren asmaketan. Francescak hezkuntza humanistiko oso-osoa jaso zuen eta haurra zenetik nabarmendu zen bere ahotsaz eta talentuaz, hamahiru urte bakarrik zituenean agertu baitzituen Frantziako Enrike IV.aren eta Maria de Mediciren arteko ezteietan. Florentzian musika ikastegi bat zuzentzeaz gainera, kanta ugari konposatu zituen, bai eta emakume batek egindako lehenengo opera ere: “La liberazione di Ruggiero”.
Barbara Strozzi konpositore veneziarra, zeinaren jaiotzaren laugarren mendeurrena ospatzen baitugu aurten, lehenengo Barroko italiarreko madrigal, kantata eta aria konpositore eta interpreteen bigarren belaunaldikoa izan zen. Bere aita Giulio Strozzi poeta eta antzerkigilearengandik erudiziozko hezkuntza hartu zuen. Cavallirekin ikasi eta Monteverdiren estilo dramatikoarekin trebatu ondoren, Barbarak aurkitu zuen musikak testuko sentimenduak transmititzeko eta interpreteak eta entzuleak hitz eta lerro bakoitzeko hunkidura sakonenetara eramateko duen ahalmena. Nahigabearen eta giza grinak adierazten maisua zen, eta berak kantatzen zituen bere lan asko, tesitura zorrotzeko ahotsaren ñabardura espresibo guztiak arakatzeko asmatuak. Argitara eman zituen zortzi madrigal, kantata, aria eta duetto liburuak, XVII. mende guztian Europan zehar ibili zirenak, guztiz garrantzitsuak izan ziren, eta nekez berdintzen ditu haren garaiko edozein konpositorek.
Azken hamarkada hauetan egin diren azterlan musikologikoak laguntzen ari dira hainbat konpositore ezagut ditzagun, bere garaian garrantzi handikoak izan zirenak eta, Francesca Caccini eta Barbara Strozzi bezala, berreskuratu eta beren merezimenduen arabera balioztatu behar direnak. Kanthoria taldeko kideek oso kontzertu programa interesgarrian bildu dituzte XVIII. mendeko euskal konpositore nagusietako biren lanak: Joakin Ojinaga (1719-1789), zeinaren jaiotzaren hirugarren mendeurrena baita aurten, eta Juan Andres Lonbide (1745-1811), biak tekla-musikari emanak (klabea eta organoa).
Joakin Ojinaga bere jaioterritik, Bilbotik alegia, Madrilera aldatu zen José de Nebra maisu handiarekin organoa ikasteko. Madrilgo Gizakundearen Errege Komentuko organista postuan jardun ondoren, Errege Kaperan aritu zen 1750 arte, urte hartan Toledoko katedraleko organista izendatu baitzuten. Postu horretan jardun zuen hil zen arte. Aita López Calok aztertu eta Eusko Ikaskuntzarekin argitara eman zituen, 1989an, gaur egun gordetzen diren Ojinagaren lan bakanak. Kanthoria taldeak klabeaz emango ditu, eta ganbera musikako egokitzapenetan jatorrizko musika-tresnekin.
Ojinagarekin, baita Bachekin eta Scarlattirekin ere, programa partekatuko duen beste euskal konpositorea Jose Andres Lonbide da, Gipuzkoako Elgetakoa. Bera ere organista aritu zen, Ojinagaren pausoei jarraituz, eta Madrilgo eta Toledoko katedraleko postuetarako lehiatu zen, baina lortu zuen lehenengo postua Bilboko katedraleko organistarena izan zen. Garrantzi handiagoko postuak eskuratu nahian, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko partaide izan zen, eta 1772an “bazkide irakasle” moduan onartua izan zen, biolin eta klaberako sonata bilduma bat aurkeztuta. Oviedoko katedralean jardun zuen eta, azkenean, Gizakundearen Monasterioko organista postua lortu zuen.
Oso desberdina baina orobat iradokitzailea dugu Musbika Ensemblek eskaintzen duen programa, gonbidatzen diguna munduaren inguruan bidaia egitera munduko itsasgizon handienetako baten ontzian: Antonio Gaztañeta (1656-1728). Haren bizipenak Kukubiltxo antzerki taldearen sortzailea den Josu Camarak dramatizatu ditu. Gaztañeta hamabi urterekin irten zen bere jaioterritik, Mutrikutik alegia, itsaso zabalak zeharkatzeko hainbat bidaia eta espediziotan. Espainiako XVII. mendeko nabigazio trataturik garrantzitsuena idatzi zuen, “Norte de la Navegación” izenekoa, eta garrantzizko berrikuntzak sartu zituen nautika espainolean, besteak beste, itsasontzien formari eta tamainari buruzkoak, Holanda, Frantzia eta Ingalaterrako gerra itsasontzien funtzionamendua sakonean ezagutu ondoren. Hortaz, Gaztañetak XVIII. mendeko Espainiako itsasontzi arkitekturaren oinarriak ezarri zituen.
Zer musika eta zer instrumentu entzun ote zuen Gaztañetak, porturatu zen leku guztietan? Zalantzarik gabe, bete-beteko musika barroko europarra baina, baita ere, musika amerikarra, hainbat aldiz bisitatu zituen Mendebaldeko Indietakoa eta, jakina, gauza segurua da berekin eraman zuela garai hartan haren herrian kantatu eta dantzatzen zen musikaren oroitzapena.
ERABATEKO PROGRAMA - XXXVII.ARABAKO AINTZINAKO MUSIKA ASTEA