Irudikak 2025eko Egonaldien programaren erakusketa inauguratu du Harriet Lennemanekin eta Tania Manzanalekin Gasteizko Kordoi Etxean - kulturaraba
Irudikak 2025eko Egonaldien programaren erakusketa inauguratu du Harriet Lennemanekin eta Tania Manzanalekin Gasteizko Kordoi Etxean

Gasteiz, 2025eko maiatzaren 23a. Irudika nazioarteko ilustrazio topaketa profesionalak Harriet Lennemanek eta Tania Manzanalek Angoulemeko Citè Internationale de la Bande Dessinée, Casa del Autor de Zapopán eta Bilbaoarte Fundazioaren artean antolatutako egonaldi artistikoan egindako lana aurkeztu du. Egonaldia martxoaren 3tik maiatzaren 23ra bitartean egin da, eta erakusketa honen inaugurazioak eman dio amaiera.
Harriet Lenneman Washington DCko ilustratzaile eta animatzailea da, eta Berlinen bizi da gaur egun. The Raisin at the End of the Hotdog lana aurkeztu du: hizkuntzak ikasteko esperientzia ardatz duen lana da, eta akatsak, gaizki ulertuak eta umorea barnean dituena. Irudikan egindako egonaldian, masterreko tesi proiektua garatu zuen: mundu osoko hizkuntzen adierazmoldeak alderatzen dituen liburu ilustratu bat. Erakusketan, bere hurrengo lanaren lau serigrafia erakutsiko dira, zeinek erakusten baitute adierazmolde bat zentzugabea izan daitekeela hitzez hitz interpretatuz gero.
Tània Manzanalek prentsa ilustratzaile gisa eta hainbat animazio proiektutan lan egin du. Liquidación Total, oraindik egiten ari diren animazioko film laburra, ikusteko moduan egongo da Irudikaren erakusketan. Amets moduko bat da, eta hainbat gairi buruz gogoeta egiten du, hala nola zoriari, jokoari, errealitateari, pentsamenduaren egiturari eta esperientziari buruz. Sormen prozesuak berak, marraztearen plazerak eta narratiba konbinatorio eta inprobisatuek ere ezinbesteko zeregina dute haren lanean. Erakusketan ikusgai egongo dira nazioarteko topaketaren bederatzigarren edizioa sustatzeko balioko duten kartel ofiziala eta animazioa ere. Bi lanak egonaldi horretatik sortu ziren, eta Harriet Lennemanek egin zuen kartela, eta Tania Manzanalek animazioa. Lan horiek Irudikaren iruditzat balioko dute, eta ibilbide luzea izango dute oso formatu desberdinetan: komunikabideak, publizitate euskarriak, sare sozialak eta abar.
Horrez gain, Irudikak 2026ko Egonaldietarako proiektuak aurkezteko epea irekiko du: maiatzaren 23tik beretik (ostirala) urriaren 1era arte. Egonaldiak 2026ko martxoaren 2tik maiatzaren 22ra bitartean egingo dira. Oinarriak helbide honetan kontsulta daitezke: irudika.eus Irudikako egonaldien programako ilustrazioaren atala Eusko Jaurlaritzaren, Vital Fundazioaren eta Euskal Irudigileen ekarpenari esker egiten da, eta animazioaren atala Acción Cultural de Españari (AC/E) esker. Irudikak honako hauen laguntza ere badu: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioa, Artium Museoa, Angulemako Udala, Citè Internationale de la Bande Dessinée, Casa del Autor de Zapopan (Mexiko) eta Bilbaoarte Fundazioa. Inaugurazioan Harriet Lenneman eta Tania Manzanal izan dira, 2025ean hautatutako artistak. Parte hartu dute, halaber, Elisabeth Pérez Irudikako zuzendariak, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta María Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak.
Programaren aurrerapena eta 2025eko Irudikaren datak: Grezia eta Finlandia, herrialde gonbidatuak
2025eko Irudika Artium Museoan egingo da, urriaren 23tik 25era bitartean. Topaketaren bederatzigarren edizioan Finlandia eta Grezia izango dira herrialde gonbidatuak. Mahai inguru, tailer eta hitzordu profesionalen protagonistak bi herrialde horietako proiektuak izango dira, betiere Euskadirekin lotura dutenak, eta Europako, Estatu Batuetako eta Latinoamerikako beste leku batzuetako gonbidatuak ere izango dira. Hainbat gai jorratuko dira, hala nola haurrentzako aldizkariak, sorkuntza prozesuak, edizio modu alternatiboak edo ironia argitalpen baliabide gisa.
Lehen aurrerapen horretan, honako artista, argitaletxe eta eragile hauek aipatu dira, besteak beste: Under The Leaf-eko Juliana Hyrri, Marika Maijala eta Hikari Nishida (Finlandia); Ifiyenia Kamperi eta Myrto Delivoria (Grezia); Another Press-eko Maite Caballero eta Begoña Cubería (Euskadi); Fanatic Female Frustration Zine-ko Lucile Ourvouai eta Editions Du Livre-ko Alexandre Chaize (Frantzia); Steven Guarnaccia (AEB); Hairspray Magazine-ko Karla Paloma (Alemania) eta Casa De Balneario-ko Germán Di Pierro (Uruguai). Sarrerak salgai daude dagoeneko, hemen: irudika-eus. Plataforma horrek aukera ematen die sektoreko profesionalei beren lana erakusteko eta Irudika komunitatearen bidez konektatzeko, bai eta Artiumen izango diren eduki eta hitzaldi guztietara sartzeko ere.
Informazioa eta elkarrizketak: media@irudika.eus// 658 70 31 51 (Guillermo Royo)