Homenaje por los 50 años de la Tamborrada en Gasteiz - kulturaraba
Danborradaren 50 urteei omenaldia Gasteizen
ARABAK DANBORRADAREN 50. URTEURRENA ETA ERRETRETAREN 100. URTEURRENA OSPATZEN DITU PROBINTZIA PLAZAN.
Arabako jaietako ospakizun ospetsuenen aurretik izaten diren tradiziozko bi ekitaldi nabarmendu behar ditugu: erretreta eta danborrada.
Lehenengoa lehenagokoa da. Ez dakigu zehazki nondik datorren erretreta; batzuek Erdi Arokoa dela diote, eta beste batzuek, aldiz, Napoleonen garaikoa. Dirudienez, jaiegunen bezperetan harresiak itxiko zirela abisatzeko hainbat dei egiteko ohiturarekin dago lotuta. Behin baino gehiagotan errepikatzen ziren "jendeak ez zuelako etxera itzuli nahi izaten".
Zehaztu gabeko data batean galdu zen ohitura hori, eta 1879an berreskuratu zuten. Urte horretan, Done Bikendi parrokiako bederatziurrena amaitzean, Foru Aldundiko kideak Gasteizko udaletxera joan ziren segizioan, eta bertan San Prudentzioren omenezko jaiaren bezperan erretreta jotzeko ohitura berreskuratu zen.
1925an, erretreta bai udaletxean, bai Probintzia plazako jauregian jo zen lehen aldiz, eta, hala, gaur egunera arte iraun duen ohitura hasi zen: udal eta foru atabalariek eta tronpetariek, elkarrekin, bi erakundeen balkoi korrituetan jotzen dute, apirilaren 27an.
Alabaina, Plaza Berria edo Espainia plaza eta Probintzia plaza ez dira tradizio horren agertoki bakarrak izan. 1888an, Santa Maria plazan jo zuten erretreta.
Bigarren tradizioa, danborrada, 1975ean hasi zen. Tradizio hori Donostiako danborradan inspiratu zen. Donostiako danborrada urtarrilaren 20an egiten dute, Gipuzkoako hiriburuaren onomastika ospatzeko. Arabako danborrada apirilaren 27ko gauean egiten da, eta herritarrek erretreta jai ekitaldi batekin luzatzeko eta, horrela, San Prudentzio bezpera animatzeko nahiari erantzun zion haren sorrerak.
Bitxikeria gisa, 1956ko danborradaren aurrekari bat aipa dezakegu: Gargantuaren afaria izenaz iragarri zen kabalgata bat. Elkarte gastronomiko batzuek Arabako zazpi kuadrillen armarriekin desfilatu zuten, Gargantuaren aurretik. Jai giroko saiakera bakar horren ondoren, 1974ko urrira arte ez zen besterik izan. Urte hartan, hain zuzen ere, Ametza elkarteak eta beste elkarte batzuk, danborrada ofizial bat egitea proposatu zioten Foru Aldundiari. Aldundiak proposamena onartu zuen, eta duela 50 urte, sanprudentzioetako lehen danborrada egin zen, hamahiru elkarte gastronomikoren parte hartzearekin. Soilik 2 aldiz eten da. 1976an, martxoak 3ko gertakariengatik, eta 2020an, Covid19aren pandemiagatik.
PABLO, Santiago; LOPEZ DE MATURANA, Virginia: Álava insólita. Símbolos, mitos y lugares de memoria, Sancho el Sabio Fundazioa eta Ediciones Beta, Vitoria-Gasteiz, 2018, 31.
"Suenan tronpetas eta tambores", in Gasteizko Udal Kazeta, 107 (1998ko apirila), 17.
Gasteizko udal txistulariek melodia jaso zuten Gipuzkoan, 1924 inguruan, eta ukitu berezi batzuk eman zizkioten. Luis Aranburuk harmonizatu zuen lehenengo danborradarako.
[1] SEDANO, José María: "Vitoria estrenó tamborrada en las fiestas de San Prudencio", in Gasteiz, XVIII. urtea, 18 (1975).
PRENTSA EBAKINA - 1925eko apirilak 29
Igandean, udaberriko egunik txarrena eta neguko txarrenetakoa -hotza, desatsegina, euritsua-, inork ez zuen pentsatuko San Prudentzio jaia ospatuko zenik beti bezala; baina eguraldiak, bere bitxitasunean eta erokerietan, beste modu batera antolatu zuen; astelehenean aldatu zuen, urdin eta alai jarrita, eta jai tradizionalen distira ziurtatu zigun.
Probintzia eta udal jauregien fatxadak argiztatuta zeuden; balkoietatik suziriak jaurtitzen ziren; erretretak interpretatu ziren, eta Konstituzio Plazako kioskoan udal bandak dantzagarriak jo zituen, eta, pentsatzekoa denez, ia-ia nazionala den "Zeledon"ekin amaitu zuten.
Horrela hasi ziren armentiar apezpikuaren omenezko jaiak.
Arratsaldeko ordu bietatik gaueko bederatziak arte, agintariek zaintza zerbitzu bikaina izan zuten martxan, ezustekorik edo nahasmenik gerta ez zedin, gertatzekoak baitira horrelako jaietan.
Txurro saltzaileek, saltzaile ibiltariek eta ardo eta askari saltzaileek herri historikoko San Andres parrokiaren ondoko zelaian jarri zituzten postuak, eta, bazkaldu eta gutxira, jendea iristen hasi zen, eta lauretatik ilunabarrera arte izan zen jende gehien.
Trakzio mekanikoko eta odoleko gurdiek erromeroak eramaten eta ekartzen zituzten, baina gehienak oinez joan ziren, itxura bitxia emanez Gaztelako errepideari eta Mineraleko bideari.
Gazteek, askaldu ondoren, dantzatu egin zuten eta asko dibertitu ziren, eta erromerian nabarmena izan zen ordena bikaina, hainbesteraino non gaueko hamarretan erretenean egon ginen eta bertan ez zegoen atxilotu bakar bat ere.
Aupa gazteak!
San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaiak 2025
Arabako jaiak apirilaren 24an hasiko dira eta maiatzaren 1ean amaituko dira Estibalizko erromeriarekin. Zortzi jaiegun 2025eko jaietan, programatutako 80 jarduera baino gehiagorekin
Aurten danborradak 50. urteurrena ospatuko du, eta Arabako Foru Aldundiaren Jauregian egiten den erretretak mendeurrena.
Kontsultatu hemen 2025ko Arabako Jaien egitarau osoa.