Doinu Miresgarriak Leku Miresgarriak bira Bitoriano - kulturaraba
Música
“Doinu Miresgarriak Leku Miresgarriak” bira – Karlos Subijana - Bitoriano
Karlos Subijanak, 40 urte baino gehiagoko esperientzia duen musikari arabarrak, "Zaharrak Berri" disko berria aurkeztu digu. Bertan, musika tradizionala eta musika elektronikoak eskaintzen dituen aukera berriak uztartzen ditu.
"DOINU MIRESGARRIAK LEKU MIRESGARRIAK" BIRA
Doinu Miresgarriak Leku Miresgarriak Arabako zazpi Kuadrilletan zehar burutuko den kontzertu bira bat da. Karlos Subijanak bere disko berriko obrak eta beste asko joko ditu, Xabier Martinez Otxagabia biolin jotzailearekin eta Xuxurlaka bikotearekin batera (Patxi Villenek, irlandar instrumentuekin, eta Ainara Morenok, harparekin, osatua).
Sarrera doakoa izango da lekua bete arte.
Ezusteko gonbidatuak ere egongo dira kontzertu bakoitzean. Zazpi hitzorduetatik lehena Lautadako Kuadrillari dagokio, eta irailaren 16an izango da, Gebarako jauregian. Oso leku berezia da Karlos Subijanarentzat, Gebarakoa baita.
Hurrengo kontzertuak Erriberako Quintanilla elizan (irailak 22), Bitorianoko elizan (urriak 6), Elizmendiko ermitan (Kontrasta, urriak 7), Arteko Gure Amaren Santutegian (Artziniega, urriak 14), eta Guardiako elizan (urriak 21) izango dira; eta bira urriaren 28an itxiko da Gasteizko Santa Maria katedralean.
Kontzertuak Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin antolatuko dira.
Karlos Subijanak hogeita hamar urte baino gehiago eman ditu flauta, alboka eta txalaparta irakasle Gasteizko Folklore Akademian eta Urkabustaizko Musika Eskolan. Carlos Núñez musikari ospetsuaren ohiko kolaboratzailea da, eta Niko Etxart, Xabaltx, eta Oreka TXrekin ere lan egin izan du, Dantza bezalako filmen soinu bandetan zein Pascal Gagneren hainbat produkziotan parte hartzeaz gain. Mundu erdia zeharkatu du bere alboka eta txirularekin batera, Gabon, Maroko, Kanada, Frantzia, Erresuma Batua eta Polonia bisitatuz, besteak beste. Erromerietan, jaietan eta mota guztietako ekitaldietan ere jotzen du.
Xabier Martínez Otxagabiak biolin espezialitateko musika klasikoko karrera egin zuen Gasteizko Jesús Guridi kontserbatorioan, ondoren Conservatorium van Amsterdamen hobekuntza ikasketak eta Rotterdamgo Codarts kontserbatorioan Biolin Tango Argentinarreko masterra egiteko. Bere ibilbidean zehar EGO eta JONDE bezalako orkestra gazteetako kide izan da, eta maila profesionalean orkestra askorekin kolaboratu du, hala nola Oviedo Filarmonía, OSPA, Gasteizko Ganbara Orkestra eta OLCS. Klasikoaz eta tangoaz gain, beste estilo batzuk ere landu ditu, esaterako folka, Parradust edo Kolme Katu bezalako taldeetan parte hartuz, eta Gontzal Mendibil edo Mikel Urdangarin bezalako kantautoreekin kolaboratuz.
Biolinista izateaz gain, musikoterapeuta ere bada Xabier, eta horretarako Gasteizko IMAPen ikasi du.
Xuxurlaka bikotea Ainara Morenok (harpa klasikoa) eta Patxi Villenek (uilleann pipea eta flautak) osatzen dute.
Ainara Moreno harpa jotzailea, musikoterapeuta eta Artearen Historian lizentziatua da. Hogei urte daramatza orkestra nazionalekin zein nazioartekoekin lan egiten, besteak beste, Euskadiko Sinfonikoarekin, Bilboko Sinfonikoarekin, Nafarroako Erresumako Sinfonikoarekin, Galiziako Errege Filarmoniarekin, Madrilgo Komunitateko Orkestrarekin, Massachussets Symphony Orchestra of Springfieldekin, Türingen Philharmonie Gotha-Shulerekin, Wiener Sinfoniettarekin edota Israel Philharmonic Orchestrarekin. Gasteiz, Bilbo eta Iruñeako taldeekin ere lan egin izan du; eta La Regenta, Pantaleón y las Visitadoras, Bajo la piel edo Open Windows bezalako soinu-banden grabazioan ere parte hartu du, besteak beste.
Patxi Villén. Musikari autodidakta. Bere eraginak arku atlantikoko musika tradizionaletik datoz argi eta garbi. Uilleann pipea jotzen ikasi zuen Na Piobairí Uilleannen ikastaroei jarraituz, Dublinen egoitza zuen gaita irlandarraren ondarea mantentzen zuen elkartea. Bere jotzeko estiloa bere erreferentzia nagusia izan den Liam O 'Flynn-engana hurbiltzen da. 8 urte baino gehiago daramatza Parradust taldearekin jotzen, eta harekin disko bat argitaratu du. Kirrinkalariak eta Gandarwa taldeetan ere parte hartu du. Duela 7 urtetik Aitzina Folk jaialdi solidarioa zuzentzen du (www.aitzinafolk.org), non folk musikarekiko grina eta ataxia-telangiektasia dutenekiko elkartasuna batzen diren.
2023/10/06
19:00
Bitorianoko eliza
Zuia
Doan