Foru Aldundiak eta Merkataritza Ganberak enpresei dei egiteko kanpaina hasi dute, Kultura Bonuan parte har dezaten - kulturaraba
Foru Aldundiak eta Merkataritza Ganberak enpresei dei egiteko kanpaina hasi dute, Kultura Bonuan parte har dezaten

4.575 bonu emango dira, eta enpresek abenduaren 1etik 15era bitarteko epea izango dute parte hartzeko. Kanpaina Gabonak baino lehen jarri nahi da abian.
Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Gregorio Rojo Merkataritza Ganberako presidenteak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur, Gabonak baino lehen Foru Aldundiak abian jarri nahi duen kultura bonuen programa gauzatzeko. Hitzarmen hori sinatzean, lehenengo fasea aktibatuko da, hau da, parte hartu nahi duten enpresei deitzea. Enpresek abenduaren 1etik 15era bitarteko epea izango dute parte hartzeko.
Ana del Val diputatuaren arabera, "Bonuen helburua Arabako kultura sustatzea eta zabaltzea da, gure lurraldean kultura produktuen eta zerbitzuen kontsumoa sustatuko duten bonu deskontuen bidez, eta, horrela, kultura sektorearen zati handi bat osatzen duten profesionalen, mikroenpresen, enpresa txiki eta ertainen ekonomia suspertzen laguntzea. Herritarren aldetik ondasunen eskaria sustatzeaz gain, zerbitzuena ere sustatuko da, eta hori da berrikuntza nagusia".
Lehenengo fasean, enpresei dei egingo zaie. Ondoren, bigarren fase bat egongo da, ustez Gabonak baino lehen hasiko dena, eta maiatzaren 31 arte iraungo duena. Fase horretan, herritarren esku jarriko dira bonuak eta atxikitako enpresen zerrenda.
Lau bonu mota egongo dira:
- lehenengo bonua euskarazko kultura ondasunen kontsumorako izango da, 10 euroko deskontua 20 euroko gutxieneko erosketarekin.
- bigarren bonua euskara ez den beste hizkuntza batean egindako kultura ondasunen kontsumorako eta musika tresnen kontsumorako izango da, 10 euroko deskontua 30 euroko gutxieneko erosketarekin.
- hirugarren bonua euskarazko kultura zerbitzuen kontsumorako izango da, 20 euroko deskontua 40 euroko gutxieneko erosketarekin.
- laugarren bonua edozein hizkuntzatan dauden kultura zerbitzuen kontsumorako izango da, 15 euroko deskontua 40 euroko gutxieneko erosketarekin.
Logoa
Kultura Bonurako, bigarren fasean aurkeztuko den komunikazio kanpaina eta kartelaz gain, logo bat diseinatu da, gaur bertan aurkeztu dena. Logo erraza da, eta BONUA eta BONO hitzak nabarmentzen dira beste guztiaren gainetik. Horrez gain, KulturArabaren anagrama birdiseinatu da eta K hizkia Bonuko B bihurtu da.