Fernando Garrigak irabazi du Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko 54 Saria - kulturaraba
Fernando Garrigak irabazi du Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko 54. Saria

Kultura eta Kirol Sailak urtero antolatzen dituen literatura sarien irabazleak iragarri ditu Arabako Foru Aldundiak.
Hauek dira:
• Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Saria: Fernando Garriga
• Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa, euskaraz: Nahia Intxausti Intxausti
• Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa, gaztelaniaz: Grethel Delgado Alvarez
• Euskarazko literatura sortzeko Ignacio Aldecoa Beka: Ruben Sanchez Bakaikoa
Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Saria
Fernando Garriga idazle argentinarrak irabazi du Ignacio Aldecoa Sariaren 54. edizioa. Arabako Foru Aldundiak 1971tik antolatzen du sari hau, eta José Hernández Polo idazle eta kazetari aragoiarrari eman zion lehen aldiz 1972an, Cuando mueran los colores lanagatik.
Egileak Un bucle de tiempo izeneko lanagatik jaso du saria. Munduko hainbat tokitatik aurten aurkeztu diren 350 hautagaitza baino gehiagoren artean aukeratu dute.
Hori izan da Antonio Altarribak, Juan Apariciok, Clara Obligadok, César Sánchezek eta Sabina Urracak osatutako epaimahaiak aurten lehiaketara aurkeztutako 350 hautagaitza baino gehiagoren artean aukeratutako irabazlea. Epaimahaiaren ustez, Un bucle de tiempo lanak irudimena pizten du, gaitasun formal ezohikoa erabilita, erritmoa erabat kontrolatuta eta imajinario aberatsa eta konplexua baliatuta.
Lehiaketak 12.000 euroko saria du, eta duela bost urtetik Arabako Foru Aldundiarekin harreman emankorra izan duen Fulgencio Pimentel argitaletxe ospetsuak saritutako ipuin bilduma argitaratuko du.
Fernando Garriga, Argentinan jaio zen 1964an, eta idazlea izateaz gain, musikaria eta paisaia pintorea ere bada, eta idazketa tailerrak egiten ditu. Besteak beste, honako lan hauek argitaratu ditu: Escuela para ciegos (2013), Cumpleaños en la isla (2016), Continuidad de la obra (2016), Las invasiones ranqueles según mama (2019), Casi una novela japonesa (2023). Gainera, zenbait sari lortu ditu, hala nola hirugarren postua Luis de Tejeda sarian, eta lehenengo postua Buenos Aires Hiria sarian, Continuidad de la obra lanagatik.
Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketa
Nahia Intxaustiren eta Crethel Delgadoren lanek irabazi dituzte Ernestina Champourcín 35. Poesia Lehiaketako euskarazko eta gaztelaniazko sariak, hurrenez hurren. Kategoria bakoitzean 2.000 euroko saria dago, eta irabazleen lanak argitaratu egingo dira.
Nahia Intxaustik, Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketako euskarazko lanik onenaren irabazleak, Zainetatik zilarra izeneko lanari esker eskuratu du saria. Gaixotasunaren bizipen pertsonalean, gorputzaren ahultasunean, nork bere burua onartu eta berreraikitzeko premian oinarritutako poema sorta da saritutakoa.
Egilea Donostiako EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea eta ikertzailea da. Eskolak ematen ditu Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetan eta Gizarte eta Hezkuntzako Eremuen Ikerketa Masterrean. Gaztetatik idatzi du poesia, eta sari hau da jasotzen duen lehena.
Bestalde, Grethel Delgado kazetari, idazle eta aktore kubatarrak Ernestina de Champourcín Poesia Lehiaketako gaztelaniazko lanik onenaren saria eskuratu du, Y solo estamos en verano poema sortari esker. Lan horrek amets amerikarra lortzeko emigratzea zein gogorra den islatzen du, bai eta etorkizun hobea bilatzeko bere jaioterritik ihes egin behar duen edonork pilatzen duen deserrotzea eta nostalgia ere.
Egilea zenbait lehiaketatan saritu dute, hala nola Hialeah Hiriaren Mendeurreneko Poesia Lehiaketan (2025) edo Mehdi Hajji Nazioarteko Poesia Sarian (2024). Zenbait liburu argitaratu ditu, besteak beste, Melancolía South Beach (2025) edo No me hablen de Cuba (2022).
Bi modalitateetako epaimahaikideak Ángel Erro, Catalina Garcés eta Kepa Murua izan dira.
Sari banaketa
Sari banaketa 2026ko martxoaren 9an izango da, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean.
Bestalde, ekainean iragarri zen Ignacio Aldecoa Bekaren irabazle Ruben Sanchezen lana ere argitaratuko dute, eta martxoaren 10etik 14ra bitartean izango den Ignacio Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdian aurkeztuko dute.