null El arte de volar eu

El arte de volar sorkuntza bekaren deialdia

El arte de volar sorkuntza bekaren deialdia

Antonio Altarriba beka aurkezten ikus dezakezu hemen, El arte de volar fundazioaren YouTube kanal berrian.

Irabazleak 8.000 euroko beka eskuratuko du, eta hautatutako obra argitaratzeko kontratua egingo du Norma Editorial argitaletxearekin. Eskaerak jasotzeko epea irekita izango da 2021eko otsailaren 15etik ekainaren 15eko 23:59ra bitartean.

 

 

DEIALDIAREN OINARRIAK

 

El arte de volar fundazioak eta Norma Editorial eta Grupo Edelvives argitaletxeek El arte de volar lehenengo sorkuntza bekaren deialdia egin dute, zeina jarraian jasotako oinarriek arautzen baitute. Haren helburua da komiki zerrendaren arloko sorkuntza bultzatzea, eta ikuspegi grafikotik zein narrazioarenetik jatorrizkoa eta berritzailea den proiektu bati laguntzea. Irabazleak beka bat eskuratuko du, eta hautatutako obra argitaratzeko kontratua egingo du Norma Editorial argitaletxearekin. Beka lortzeko hautagai gisa aurkezteak berekin dakar oinarri hauek osorik onartzea.

1. Edozein nazionalitatetako egileak aurkez daitezke deialdira, baldin adindunak badira eta Espainian bizi badira. Proposamenak bat etorri beharko du arrunki onartzen den komikiaren kontzeptuarekin, eta baldintza hauek bete beharko ditu:

  • Lan bakarra aurkez daiteke egileko edo lantaldeko (gidoilaria gehi marrazkilaria, adibidez)

  • Inoiz argitaratu gabea izan beharko du. Aldizkarietan —hala nola webkomikiak— edo beste edozein formatu fisiko edo elektronikotan inoiz argitaratu gabea izan beharko du.

  • Deialdira aurkezteko epea amaitzen denean, ez du egon beharko beste lehiaketa, sari edo bekaren bat emateko ebazpenaren zain.

  • Egileak ezingo ditu lagata izan obraren egile eskubideak hirugarrenei, eta ezin du hitzartuta izan eskubideok geroago lagatzeko konpromisorik ere.

  • Lana garatzeko gehienez ere hamabi hilabeteko epea izango da, epaimahaiak erabakia jakinarazten duenetik aurrera. Behar izanez gero, bi hilabetez luza daiteke epe hori, deialdia egiten duten erakundeekin adostuta.

  • Gutxienez 64 orrialde eta gehienez 128 izan beharko ditu; orri kopurua gehitu ahal izango da, deialdia egiten duten erakundeekin adostuta.

 

2. Parte hartzaileek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

  • Datu pertsonalak: izen osoa, abizenak, helbidea, telefonoa eta harremanetarako helbide elektronikoa; eta, horrez gain, nortasun agiri nazionalaren (NAN), pasaportearen edo legez onartutako beste edozein nortasun agiriren fotokopia.

  • Eskatzailearen curriculum vitaea; jaso duen prestakuntza eta komikiaren arloari egin dizkion ekarpen aipagarrienak jaso beharko ditu.

  • Aurkezpen gutuna, gehienez 800 hitzekoa, non azaldu beharko baitu eskatzaileak zer arrazoi dela eta aurkezten den beka lortzeko hautagai gisa.

  • Proiektua sortzeko behar den denbora, gutxi gorabehera.

  • Gidoiaren sinopsia, 1.000 eta 1.500 hitz artekoa.

  • Proiektuaren ondoz ondoko lehen zortzi orrialdeak. Bukatuta egon behar dira, lanari eman nahi zaion azken itxura izan behar dute eta gaztelaniaz errotulatuta egon behar dira. Lana edozein estilo edo generotakoa izan daiteke, betiere arrunki onartzen den komikiaren kontzeptuarekin bat badator.

  • Aukeran izango da proiektua ulertzen lagun dezaketen pertsonaien diseinuak edo bozeto osagarriak gehitzea, gehienez ere lau orrialde. 

 

3. Agiri guztiak aurreko apartatuan adierazitako ordenan bidali behar dira, PDF formatuko artxibo bakarrean, helbide elektroniko honetara: becacreacionelartedevolar@gmail.com. Gaian, honako hau jarri behar da: Beca de Creación. PDFaren pisu osoa gehienez ere 20 MB izan behar da (konprimatuta bidal daiteke).

Ez da onartuko agiri guztiak bidaltzen ez dituen lanik, ez eta deialdian zehaztutako formatua eta bidalketa baldintzak betetzen ez dituenik ere.

4. Eskaerak jasotzeko epea irekita izango da 2021eko otsailaren 15etik ekainaren 15eko 23:59ra bitartean. Ez da onartuko epez kanpo bidalitako proposamenik.

5. Beka hau jasotzea bateraezina da xede bererako emango den beste edozein laguntza, sari edo dirulaguntza jasotzearekin, bai hautagaiak beka ematen den unean jasotzen duenarekin bai beka eskuratu ondoren jaso dezakeenarekin.

6. Epaimahaia El arte de volar fundazioak eta Norma Editorial eta Grupo Edelvives argitaletxeek izendatuko dute. Komikiaren eta kulturaren munduko izen handiko ordezkariak ere izango dira epaimahaiko kide.

Deialdia egiten duten erakundeek beraientzat gordetzen dute, epaimahaiak lanak aztertu aurretik, irakurketa batzorde batek kalitate handieneko proposamenak hautatzeko aukera.

7. Balioespen irizpideak:

  • Proiektua zenbateraino den originala eta berritzailea.

  • Aurkeztutako gidoiaren eta marrazkien kalitatea.

  • Proposamenaren azalpenen argitasuna.

  • Eskatzailearen ibilbidea. Positibotzat joko da egilea hasiberria izatea. Hasiberritzat hartuko da deialdia ixten denera arte ISBNdun bi komiki baino gehiago argitaratu ez dituena (ez dira kontuan hartuko obra kolektiboetan istorio laburrak argitaratu izana). Edo azken hamar urteetan lanik argitaratu ez duena.

 

8. Beka bakarra emango da, guztira 8.000 eurokoa: 4.000 euroko laguntza zuzen bat, eta Norma Editorial argitaletxearekin argitaratzeko kontratua, egile eskubideak direla eta 4.000 euroko aurrerakinarekin.

Argitalpen kontratuak berekin dakar espainierazko munduko eskubideak 5 urtez lagatzea; haiek direla eta, egileak 4.000 euroko aipatutako aurrerakina jasoko du, egile eskubideen % 8ren kontura.

Ordainketa egiten den unean Espainiako zerga legedian aplikatzekoa den atxikipenen araudia aplikatuko zaio zenbatekoari. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

Ordainketa hiru zatitan egingo da: erdia, epaimahaiaren erabakia jakinarazten denean; % 25 sei hilabeteko garapenaren ondoren; eta gainerako % 25a lan osoa aurkezten denean. El arte de volar fundazioak eta Norma Editorial eta Grupo Edelvives argitaletxeek beraientzat gordetzen dute lana gauzatu bitartean txostenak, bozetoak edo orrialdeak eskatzeko eskubidea, zenbat aurreratu den egiaztatzeko.

El arte de volar fundazioak eta Norma Editorial eta Grupo Edelvives argitaletxeek beraientzat gordetzen dituzte argitalpen eskubideak, hautatutako lanaren egiletza errespetatuz. Eskubideok argitalpen kontratuaren bidez lagako dira, sektoreko usadio eta ohiturekin bat etorriz.

9. Epaimahaiak beka eman gabe utz dezake, eta egokitzat jotzen duen finalista eta ohorezko aipamen kopurua ezar dezake.

10. Aurkeztutako proposamenen PDF agiriak, laguntzarik jasotzen ez badute, suntsitu egingo dira deialdia ebatzi ondoren.

11. Egileak konpromisoa hartzen du bekaren berri emateko eta sustatzeko eskatzen zaizkion ekintzetan parte hartzeko; esate baterako, aldian behin materiala bidaltzea, sorkuntza prozesuaren berri zabaltzeko El arte de volar fundazioaren eta Norma Editorial eta Grupo Edelvives argitaletxeen webguneetan. Era berean, erakundeek beraientzat gordetzen dute eskubidea lanaren orrialdeak hedabide espezializatuetan argitaratzeko, haren zabalkundea indartze aldera.