null Arabako Foru Aldundiak "Ignacio Aldecoa. Istorioen kontalaria" erakusketa inauguratuko du

Arabako Foru Aldundiak "Ignacio Aldecoa. Istorioen kontalaria" erakusketa inauguratuko du

Arabako Foru Aldundiak

Gasteiz, 2025eko maiatzaren 23a. Ignacio Aldecoa Isasi (1925 – 1969) idazlearen jaiotzaren mendeurrena dela eta, datorren maiatzaren 26an, astelehena, 19:00etan, “Ignacio Aldecoa. Istorioen kontalaria” erakusketa egingo da haren izena duen Kultura Etxean. Erakusketa idazlearen bizitza, obra eta literatura ondarean zehar egindako ibilbidea izango da.

Erakusketa urtean antolatu diren oroitzapenezko jardueren programa oparoaren (irakurzaletasuna sustatzeko kanpainak, hitzaldi zikloak eta Aldecoaren lanen zinema egokitzapenei buruzko zineforumak) barruan dago. Erakusketa urriaren 15era arte ikusi ahal izango da.

Ignacio Aldecoa “50eko belaunaldia” deritzon gerraosteko belaunaldiko idazle garrantzitsuenetako bat izan zen. Bada, erakusketaren bidez, haren ibilbide pertsonala eta profesionala ezagutuko dugu.

 

Erakusketa bat lau ataletan

Erakusketa lau arlo tematikotan antolatuta dago, bisitariak obraren hainbat alderdi eta idazlearen nortasuna ezagutzeko aukera izan dezan:

 

Bio. Hurbilketa biografiko labur bat

Aldecoaren bizitzako funtsezko etapak labur aurkeztuko dira. Eta haren funtsezko kronologia erakutsiko da, bere bizitzaren eta karreraren funtsezko mugarriak jasotzen dituen denbora lerroa, hau da, Gasteizen 1925ean jaio zenetik 1969an hil zenera bitartekoa.

 

Ipuinetako bizitzak
Aldecoak, bere narratiba laburraren bidez, maila sozial guztietako pertsonaiak erretratatu zituen: zubi baten azpian bizi den haur ijito bat, Madrileko jende aberatsa, porrot egin duten toreatzaileak edo zahar poetikoak... Saioa Aginako ilustratzaileak, Gasteizko Mazoka marrazketa azokan 2024an bekaduna, haietako zortzi pertsonaia birsortu ditu Julià Guillamon idazlearen gidoietn oinarrituta.

 

Neutral Corner
Aldecoak zuen boxeo zaletasunari eskainitako atala, zeina gai nagusia baita Young Sánchez eta halako lanetan. Neutral Corner (1962) argazki liburua nabarmenduko da, Ramón Masats argazkilariarekin batera egina, genero horretako lehenengoetakoa Espainian. Erakusketan Arabako boxeoaren irudi historikoak izango dira, Rufino Ugartek hartuak, bai eta Rocío Lópezen egungo argazkiak ere, Gasteizko boxeo zaletasun amorratua dokumentatzen dutenak.

 

Zer errealismo?
Aldecoak literatura errealismoari buruz duen ikuspegi pertsonala aztertuko da, topiko edo ideologietatik urrun. Eleberrien bidez, objektuen sinbolismoa, naturaren behaketa eta paisaiarekin duen lotura aztertzen dira, errealismo poetiko eta humanista erakutsiz.

 

Funtsezko kronologia
Denbora lerro horrek haren bizitzaren eta ibilbidearen funtsezko mugarriak jasotzen ditu, Gasteizen jaio zenetik (1925) 1969an hil zen artekoak.

1925    José Ignacio Aldecoa Gasteizen sortu zen uztailaren 24an.

1942    Batxilergoa Marianisten Eskolan amaitu ondoren, unibertsitate ikasketak hasi zituen Salamancako Unibertsitatean, baina ez zituen amaitu.

1945    Amerikako Historiari buruzko ikasketak egin zituen Madrilen. Intelektualak eta artistak ezagutu zituen.

1952    Josefina Rodríguez Álvarezekin ezkondu zen.

1954    Lehenengo eleberria argitaratu zuen: El fulgor y la sangre

1955    Lehen ipuin liburua argitaratu zuen: Espera de tercera clase

1957    Gran Sol eleberria argitaratu zuen, eta Kritika Saria lortu zuen.

1958    Lehenengo uda Ibizan eta egonaldia New Yorken

1969    Azaroaren 15ean ezustean hil zen, bihotzekoak jota

 

Lankidetza nabarmenak

Julià Guillamon idazle eta arte-komisarioaren komisariotza izan da erakusketan, eta Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak bultzatu du. Hainbat erakundek lagundu dute, besteak beste, liburutegi, artxibo eta fundazioek, Espainiako Liburutegi Nazionalak, Arabako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritzak eta Arabako Boxeo Federazioak. Kirolarekin zerikusia duten erakunde horiek bereziki Neutral Corner-i eskainitako atala aberasten lagundu dute, atal hori funtsezkoa baita egilearen bibliografian.

Gainera, datorren udazkenerako Madrilen Ignacio Aldecoari eskainitako erakusketa bat prestatzen ari dira. Erakusketa hori Espainiako Liburutegi Nazionala antolatzen ari da, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, besteak beste.Carmen Martín Gaiteri buruzko erakusketa batekin batera aurkeztuko da, bere mendeurrena ere ospatzeko. Bi idazleak 50eko Belaunaldikoak dira, gerraosteko espainiar literaturaren funtsezko taldea.