Dianto Reed Quintet - Arabako Musika Klasikoko Zikloa - kulturaraba
Festival
Dianto Reed Quintet - Arabako Musika Klasikoko Zikloa

Kontzertu hau Arabako Musika Klasikoaren Zikloaren parte da. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak antolatutako ziklo honek urtez urte musika klasikoa lurraldeko hainbat herritara eramatearen aldeko apustua egiten du.
Programa hau 2011tik egiten da "Donostiako Musika Hamabostaldia"rekin elkarlanean, hortaz, interpreteen kalitatea ziurtatuta dago. Parte hartzen duten udalek ere laguntzen dute kontzertuak gauzatzen.
Aurtengo edizioan 6 kontzertu eskainiko dira, Arabako kuadrilletan banatuta. 2024ko Arabako Musika Klasikoaren Zikloa abuztuan zehar izango da Artziniega, Sarria, Lagrán, Eltziego, Zalduondo eta Quintanilla de la Ribera herrietan.
Dianto Reed Quintet
Argazkia: Jessie Kamp
Dianto Reed Quintet Amsterdamen bizi diren bost musikari espainiarrez osatutako ganbera-musikako taldea da. Espainia osoko kontserbatorio ezberdinetan ikasi ondoren, Conservatorium van Amsterdamen masterra egiten ari zirela ezagutu zuten elkar. Taldearen izenak krabelin esan nahi du esperantoz, eta taldeko kideak estatuko eta nazioarteko gazte orkestra ospetsuetako kide ere izan dira (JONDE, EUYO, NJO, jongNBE).
Hainbat lehiaketatan lehen saria irabazi dute, hala nola Espainiako Juventudes Musicales lehiaketa ospetsuaren 106. edizioan (2023), Villa de Cox Ganbera Lehiaketa Nazionalean (2022), Grachtenfestival Conservatorium Concoursen (2021), Storioni Concoursen (2021) eta Dutch Classical Talenten (2023). Duela gutxi, Ensemble Emergente FestClásica 2024 sari nazionala jaso dute, Espainiako AIEnRUTa-Clásicos kontzertu-zirkuituan parte hartzeko hautatuak izateaz gain.
Dianto Reed Quintetek ganbera-musikako kontzertu tradizionalaren ikuspegi ezberdina eskaintzen du, eta bere emanaldiak energia indartsu baten eta elementu kontrastatzaileen fusioagatik nabarmentzen dira. Koreografia ere sartzen dute, eta horrek publikoaren eta musikarien arteko interakzio sakonagoa sortzen laguntzen du.
Herbehereetako irrati- eta telebista-programa garrantzitsuenetako batzuetan parte hartzera gonbidatu dituzte, hala nola telebista nazionalerako Podium Klassiek, De Klassieken eta Spiegelzaal Avrotros saioetan.
Europa osoko antzoki eta areto ospetsuetan aritu dira, besteak beste, Het Concertgebouwren Kleinezaal, TivoliVredenburg, Vereenigingen Concertgebouw eta Philharmonie Luxembourg. Jaialdi ospetsuetan ere parte hartu dute: Grachtenfestival, Klaterklanken, Summerwinds Münsterland, Internationaal Kamermuziekfestival Schiermonnikoog, Panticosako Nazioarteko Jaialdia eta Gent Festival Oost-Vlaanderen.
Diantok hainbat ekoizpen egin ditu 2020an hasi zenetik, bai proiektu propioak, bai NJO Muziekzomer (Herbehereak), Jeunesse Musik Erleben (Austria) eta Philharmonie Luxembourg (Luxenburgo) erakundeekin egindako lankidetzak.
Oorkaan-Jeunesse Academy programan parte hartzeko ere aukeratu zituzten. Programa trinkoa da, eta alderdi musikalak ez ezik, beste diziplina batzuk ere ikasten dira, hala nola mimoa, antzerkia eta dantza. Lankidetza horren ondorioz, Diantok bira bat egin zuen Austrian 2024ko urtarrilean, Jeunesse Musikalische Jugend taldearen kontzertu-sortaren barruan.
Argazkia: Jessie Kamp
PROGRAMA – POUR LA POSTÉRITÉ: Stravinsky y Picasso en París
Gizaki gisa, maitasuna eta benetako loturak bilatzen ditugu. Artista gisa, sorkuntza berriak eta gure artea betierekoa egiteko moduak bilatzen ditugu.
Lotuta al daude bi bilaketa hauek? Nola pentsatzen du artista batek? Nola ikusten dugu artea eta nork definitzen du bere balioa? Teknologiak aldatzen ari al dira batzuk besteekin konektatzeko dugun modua? Artea eta hura hautemateko gure modua aldatzen ari al dira? Bereiz al dezakegu zer sortu zuen gizaki batek eta zer ez? Artea izaten jarraitzen du gizakirik ez badago?
Bilakaera eta garapena gizadiaren eskutik joan dira beti, adierazteko modu berriak bilatzen zituzten iraganeko artistetatik hasi eta gaur egungo munduraino. Hala ere, zein prezio ordaintzeko prest gaude "eboluzionatzen" jarraitzeko? Zer bide hartu nahi dugu? Beti al da positiboa?
Zertarako balio du arteak? “Pour la Postérité”-n, Diantok arteari eta bere asmoari buruz hausnartzera gonbidatzen du ikuslea. Hasieran, Picassoren musen marrazkiak ikus daitezke, bere ikuspegitik, bera haiek margotzen ariko balitz bezala, eta, horrez gain, haiei buruz, oro har maitasunari buruz eta arteari buruz zituen pentsamendu batzuk ere ikus daitezke. Ondoren, ikuslearen ikuspuntuari erreparatzen zaio: lehenik, modu objektiboan, pinturak museo bat bisitatzen bezala ikusten dira; eta, geroago, modu subjektiboagoan, ikusleek Picassoren arteari buruz dituzten iritzi errealekin (iruzkin negatiboak zein positiboak). Azkenik, Adimen Artifiziala sartzen da: IAk Picassoren estiloari jarraituz sortutako pinturak erakusten dira. Horrekin guztiarekin, gaur egun bizitzen ari garen artearen bi errealitateen nahasketa sortzen da, egungo mundura egokitzeaz gain. Artea izaten jarraitzen du gizakiek sortua ez bada?
“Pour la Postérité”-k bi diziplina lotzen ditu, musika eta ikusizko arteak, joan den mendeko bi erraldoi artistikoren arteko lotura estuaren bidez: Igor Stravinsky eta Pablo Picasso. Biak oso aktiboak izan ziren Parisko zirkuluetan Les Ballets Russesen inguruan, Sergei Diaghilev enpresari ameslariaren konpainian, baita programa honetako beste konpositoreak ere: Eric Satie eta Manuel de Falla.
Hiru konpositoreek Picassorekin lan egin zuten proiektu honetan aurkeztutako beren lanetan, eta berak ere konpositoreak erretratatu zituen. Horren truke, Stravinskyk klarineterako solo txiki bat idatzi zuen (Pour Picasso) eta bost konpas horiek margolariari eskaini zizkion, "Pour la postérité" idatzita utziz. Hau kontzertuaren leitmotif-a da eta, interpretatzen den bakoitzean, Diantoko kide baten erretratua ikus daiteke. Pour Picasso izan zen, halaber, Julian Schneemannek proiektu honetarako sortutako lan berriaren inspirazioa: Song, Fugue and Groove on a Tune by Stravinsky, hain zuzen ere.
“Pour la Postérité”-n, Diantok Herbeereetako egungo artista baten lana ere nabarmendu nahi du, bere lanak Picassorengan inspiratuz sortzen dituena, iraganaren eta orainaren arteko fusio hori aberastuz: Erik Renssen. Bere hitzetan: "Bera da onena eta nire eguneroko inspirazioa. Neure istorioa idazten dut aurrean dudan oihalean, Picassok eman zigun hizkuntza bisual zoragarria erabiliz".
Joan den mendeko erraldoi hauek berritzaileak izan ziren eta artea hainbat modutan irauli zuten. Emanaldi honekin, Diantok artista horien arteko sinergia erakusteaz gain, berritzaile izateko eta bizi garen munduaren bilakaerari irekita egoteko nahia ere erakusten du.
Programa honi esker, Dianto Reed Quintet taldeak FestClásica Musika Klasikoko Jaialdien Espainiako Elkartearen 2024ko “Ensemble Emergente” saria lortu du.
2024/08/20
19:00
Eliza
Lagran
Taldea:
Dianto Reed Quintet
- María González, oboea
- Ovidi Marti, saxofoia
- María Losada, fagota
- Mª Luisa Olmos, klarinetea
- Erik Steven Rojas, klarinete baxua