null AZKENA ROCK 2023 eu

Festival

Música

Kulturaraba

Azkena Rock Festival

Entrada al Azkena Rock Festival 2023

Azkena Rock Festival 2023

Rockaren garra ostegunean piztuko da Azkena Rock Festival jaialdiaren 21. edizioa hastearekin batera, huts egin ezinezko hitzordua baita zuzeneko musikarekin, baita esperientzia paregabea ere, zentzu guztietan. Ekainaren 15ean, 16an eta 17an, Iggy Pop mitikoa, punkaren ikono eztabaidaezina igoko da Mendizabalako agertokira; Chrissie Hynde-ren taldea,  The Pretenders, ereserkiz beteriko errepertorioarekin etorriko da, kontzertu esklusiboan, gainera; Rancid punk rockaren historiako talderik garrantzitsuenetako bat da, eta lehen aldiz izango dugu ARFn, bere 30. urteurrena ospatzen; Lucinda Williams, bere garaiko konpositore eta interprete onenetako bat; Incubus, rock alternatiboaren ezinbesteko taldea, 23 milioi disko baino gehiago saldu ditu eta Grammy sarietarako hainbat izendapen ere lortu ditu;  Melvins, 90eko hamarkadako mitoa, jaialdiko publikoak erruz eskatu izan duena; Alter Bridge, hard rock estiloko izarrak, Myles Kennedy abeslaria buru izanik;  The Soundtrack Of Our Lives taldearen berrelkartzea eta El Drogas, Barricadaren 40 urteetan oinarritutako errepertorioarekin.

ARF jaialdiaren alderik basatiena, zalantzarik gabe, Trashville da, jaialdiaren barruko aretoa; bertan, publikoaren eta agertokiaren arteko banaketa ezabatzen da eta zuzeneko gordinenak bizitzeko aukera izaten dugu, rock and rollaren kausari atxikitako bandekin. The Kaisers, The Reverend Peyton’s Big Damn Band eta The Phantom Surfers ditugu buru garage, rockabilly, surf eta rock basatia nagusi diren programazioan, eta, azken orduan, Generador taldea ere gehitu zaigu Mimi & The Miseries-en ordez, familia-arrazoiengatik ezin izan dutelako etorri.

Jaialdiaren une berezienetako bat Andre Maria Zuriaren plazako programazioa izaten da beti, azkenazaleen eta hiriburuko biztanleen arteko topagune. Ostiralean rock & roll instrumental eta geldiezina eskainiko ditu The Fuzillisek, eta larunbata Chuck Prophet & The Mission Expressen eguna izango da, rock estiloko gitarra-jotzaile eta konpositore handienetako bat.

 

Rock & roll-arekin dugun hitzorduaz gozatzeko xehetasun guztiak

Eskumuturrekoak. Ohikoa denez, eremuan sartu ahal izateko, sarreraren truke eskumuturreko ofiziala jaso beharko du publikoak Mendizorrotzako kiroldegiaren parean horretarako jarriko diren puntuetan. Eskumuturrekoak jasotzeko txandak: asteazkenean 17:00etatik 22:00etara, ostegunean 13:00etatik 01:00era eta ostiral eta larunbatean 15:00etatik 02:00etara. Sarreraren ordez eskumuturrekoa hartzera norberak joan beharko du, eskumuturrekoa pertsonala eta besterenezina da-eta.

Cashless. Jaialdiaren eremu barruan, ordainketa guzti-guztiak, bai janaria eta edaria, bai merchandisinga eta atrakzioak, cashless sistema elektronikoaren bitartez egingo dira; eremura sartzeko eskumuturrekoetan txertatuta egongo da sistema hori. Erabiltzaile bakoitzak bere cashless kontuarekin lotu ahal izango du bere sarrera, esteka honen bitartez, baldin eta online kargatu nahi badu; bestela, mugikorrarekin, txartelaren bitartez edo dirutan ere kargatu ahal izango da, eremu barruan egongo diren kargatzeko puntu fisikoetan.

Gastronomia. Azkena Rock Festival jaialdian jateko gune berri bakar bat estreinatuko da; 0 kilometroko jakiekin osatutako eskaintza gastronomiko zabala izango du, gure lurreko produktu onenen zapore betekoa, eta gustu nahiz dieta guztietarako modukoa. Espezialitateetan Trashville hanburgesa  aipatuko dugu, baina denetarik izango da, hala nola hotdog-ak, ogitartekoak, kroketak, etxeko patata frijituak, jaki asiarrak eta, postreak, izozki eta guzti. Aukera begetarianoak, beganoak eta glutenik gabekoak ere izango dira beti, alergenoei buruzko informazio guztiarekin.

Jende guztiarentzako moduko esperientzia. Eremuaren erosotasuna da Azkenaren bereizgarrietako bat; izan ere, zuk aukeratzen duzu kontzertuak lehen lerroan bertatik bertara ikusi nahi dituzun, edo lasaiago berdegune ugarietako batetik. Esperientzia osatze aldera, agertokiez haratagoko jarduera dibertigarriak eskainiko ditugu; kasu honetan, iazko edizioan izugarrizko arrakasta izan zuten autotxokeak izango dira. Bestalde, familientzat erraztasunak ere eskainiko ditugu, hala nola familien erreia eta 14 urtetik beherakoek sarrera doan izatea. Azkenaren magiaren sekretuetako bat publikoarekin duen konexioa da, bai ikus-entzule leialenekin, bai lehen aldiz datozenekin, bai etortzen hasten diren belaunaldi berriekin. Aurten ere, 14 urte eta gutxiago dituzten gazte eta haurrek doan izango dute gure rock-eskolako sarrera, jaialdia baino eskola hoberik ez dagoela uste baitugu; eta 15 urtetik 23 urtera bitarteko gazteek, berriz, sarrera merkeago izango dute, Bono Gaztearen bitartez.

Eguneko bidaiak. Inguruko herri eta hirietatik bidaia ofizialak egunero Gasteizera, jaialdiaz gozatu eta egunero etxera itzuli ahal izateko, erosotasun osoz. Bidaiak arratsalde hasieran abiatuko dira, eta agertoki nagusiko azkeneko kontzertua bukatu eta 30 minutura izango da itzulera, egunero. Bilbotik, Iruñetik, Altsasutik, Donostiatik, Zarauztik eta Arrasatetik jaialdiaren atariraino. Informazio gehiago, esteka honetan.

Kanpina. ARF jaialdian, eremutik minutu gutxira lo egiteko aukera eskaintzen dugu: kanpina eta glampina, kanpin-denda muntatuta eta ohea egina aurkitzea nahiago dutenentzat.

XX. urteurreneko pack berezia. Azkenazale sutsuenek XX. urteurreneko pack berezia erosi ahal izango dute: elastiko bat, poster bat, luxuzko totebag bat eta lankidetzan egindako liburu bat, non jaialdiko publikoaren bizipenak biltzen diren, esperientzia honen benetako protagonista den aldetik. Jaialdiaren ingurunean gertatutako historiak jasotzen dira liburuan.

Orain arteko ediziorik berdeena

Jaialdiak bat egiten du 2030 Agendarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin; horretarako, ekintza hauek aktibatu ditu: Tokian tokiko kontratazioa, langileen % 90 EAEkoak izanik. “Ekipo Berdea”, jaialdiak ingurumenean duen inpaktua murrizteko neurri guztiak ezartzeko 360º lanean ari dena: komunen % 100 saneamendu-sarera konektatuta daude eta, hartara, ez dugu komun kimikorik erabili behar; plastikoen erabilera % 70etik gora murriztea jaialdiaren produkzio guztian, eta edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen jarraituko dugu, behin erabili eta botatzeko edalontziak erabilita baino 2 tona (2.185 Kg) hondakin gutxiago sortzen direlako.

Jaialdi irisgarria, segurua eta parekidea.

Aurten ere, mugikortasun urriko pertsonei eta premia bereziak dituztenei laguntzeko talde bat izango dugu ARF jaialdian, eta sexu-indarkeriaren eta gorrotoaren aurkako protokolo bat aktibatu dugu, prestakuntzaren bitartez eta segurtasuneko eta jaialdiko langileak koordinatuta. ARF jaialdiak tokiko erakundeekin lankidetzan jarduten du; esate baterako, catering zerbitzuetarako Peñascal Fundazioarekin batera egiten du lana, gizarteratze-prozesuetan dauden pertsonak prestakuntzaren eta lanaren bitartez aktibatuta. Bestalde, Arabako Elikagai Bankuari dohaintzat bat ere egiten zaio.

ERRONKA GARBIA zigiluari eusteko lanean jarraitzen dugu jaialdian. Last Tour enpresa da jaialdiaren sustatzaile, eta B Corp ziurtagiria lortu zuen 2023ko martxoan eta, harrezkero, pertsonen eta planetaren mesedetan ekonomia globala eraldatzen ari den mugimendu globaleko kide da.

Aurten ere, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete erakunde eta enpresa laguntzaile guztiei, beren babesagatik. Haien parte-hartzerik gabe, Azkena Rock Festival jaialdiaren edizio honetan ezin izango genituzkeen helburuak bete, garapenari eta hazkundeari dagokienez.

 

Ekainak 15, osteguna

RANCID - EL DROGAS (BARRICADA – 40º) -  STEVE EARLE - LIHER - LYDIA LUNCH RETROVIRUS - MONSTER MAGNET - OS MUTANTES
Trashville: THE KAISERS - NESTTER DONUTS - MIMI & THE MISERIES -  TURISTA BANG BANG

Osteguna indartsu hasteko, 90eko hamarkadan punka berpiztu zuen Rancid taldea izango dugu, El Drogas abeslariak Barricada taldearen errepertorioa interpretatuko du, Steve Earle musikari trebea bakarka eta akustikoan arituko da, stoner eta hard rock estiloetan maisuak diren Monster Magnet, Os Mutantes brasiladarrak, Lydia Lunch Retrovirus zirikatzaile kontrakulturala, Liher taldearen rock euskalduna, Mimi & The Miseries indartsuak, garage panorama ingelesari haize-bolada berria ekarri dion taldea, The Kaisers mitikoak –eskainiko dituzten kontzertu urrietako bat izango da–, hainbat musika-tresna jotzen dituen Nestter Donuts, eta, amaitzeko, Turista Bang Bang DJren saioa.

Ekainak 16, ostirala

THE PRETENDERS - INCUBUS - BONES OF MINERVA - CALEXICO - CORDOVAS - EARTHLESS - THE GUAPOS - GWAR - MATCHBOX - PASADENA - S8NT ELEKTRIC - THE SOUNDTRACK OF OUR LIVES - THE UNDERTONES

Trashville: THE CLEOPATRAS - HOLA GHOST - THE REVEREND PEYTON’S BIG DAMN BAND - LOS TIKI PHANTOMS - BELLE BROWN - HOLLY NOTE vs. MAD COBRA - THE LEGENDARY SHEIKS - MEOW aka NU DJ

Andre Maria Zuria: THE FUZILLIS

Ostirala hiriaren erdialdean hasiko dugu, Andre Maria Zuriaren plazan, The Fuzillis taldearen rock & roll instrumental geldiezinarekin; Link Wray-ren eragina sumatzen zaio taldeari, baina baita Nick Curran-ena ere. Eremu barruan, berriz, honako hauek arituko dira:  The Pretenders, Estatuan emango duen kontzertu bakarrean; Incubusen ezinbesteko rock alternatiboa, Bones of Minerva madrildarren stonerra, Calexicoren muga-soinua, Cordovas taldearen country-rocka, Earthlessen psikodelia, The Guapos supertaldea Leiva buru duela, definitu ezin diren Gwar, Matchbox rockabilly mitikoak, Pasadena gasteiztarrak,  S8nt Elektricen rock berritzailea, The Soundtrack Of Our Lives taldearen berrelkartzea eta jaialdira lehen aldiz datozen Undertones mitikoak.

Trashville kea dariola jarriko da The Cleopatras taldearen surf eta garagearekin, Hola Ghost danimarkarrekin, The Reverend Peyton's Big Damn Banden redneck espirituarekin, Los Tiki Phantoms kataluniar geldiezinekin, eta DJ sorta baten saio basatienekin, hala nola Belle Brown, Holly Note vs. Mad Cobra duelua, The Legendary Shakes eta Meow aka Nu Dj.

Ekainak 17, larunbata

IGGY POP - LUCINDA WILLIAMS - ALTER BRIDGE - THE BEVIS FROND - BRIGADE LOCO - EZPALAK - JIM JONES ALL STARS - LUCERO - MELVINS - THE NUDE PARTY - ANA POPOVIC - AMANDA SHIRES - NAT SIMONS & CHERIE CURRIE

Trashville: WILD BILLY CHILDISH & CTMF - KING SALAMI AND THE CUMBERLAND THREE - LOST CAT - STEEL BEANS - AYUKEN DJs - CARMELA MARACAS & LUPITA MAMBO - NINGÚN DJ - ROCK&ROLL POLICE DEPARTMENT

Andre Maria Zuria: CHUCK PROPHET & THE MISSION EXPRESS

Ikus-entzuleek aurtengo ediziorako gehien eskatu duten izenetako bat Chuck Prophet & The Mission Express izan da, eta talde horrek emango dio hasiera egunari ikus-entzule guztien aurrean, Arabako hiriburuko plazarik esanguratsuenean. Berriro ere Mendizabalara itzulita, bi mito izango ditugu zerrendaburu, hala nola punkaren aitabitxi eta rockaren ikono den Iggy Pop, lan berri batekin, eta generoak duen konpositore eta interprete onenetako bat, Lucinda Williams. Horietaz gain, Alter Bridge taldearen hard rocka Miles Kennedy-ren ahots ezagunarekin, The Bevis Fronden power popa, Brigade Loco euskal fenomenoa, amore ematen ez duen Ezpalak taldearen rock freskoa, bertsioak egiten dituen Jim Jones All Stars polifazetikoaren taldea, Lucero kuttun eta ezinbestekoak, Melvins mitikoak, jaialdiko ikus-entzuleek gehien eskatzen duten taldeetako bat, The Nude Party, talde handiek gomendatzen duten taldea, Jugoslaviako Ana Popovic gitarrista birtuosoa, Amanda Shires artista iparramerikarra eta Estatuko Suzie Quatro-ak eta The Runaways taldeko kide batek osatzen duten Nat Simons & Cherie Currie comboa, kontzertu bakarrean.

Trashville jaialdiaren barruko garitoa da, ikus-entzuleen eta agertokiaren arteko muga lausotzen den aretoa; bertan arituko dira Wild Billy Childish & CTMF artista handi eta legendarioa, King Salami and The Cumberland Three taldearen rockabilly-eztanda dibertigarria, 60ko hamarkadako kutsua duen garagea egiten duten Lost Cat eta sare sozialetan biral egin den jam entzutetsuenetako baten egile den Steel Beans multiinstrumentista. Jaialdia agurtzeko, goizaldeko ordu txikiak arte dantzan jarraituko dugu DJ hauei esker:  Ayuken Djs, Carmela Maracas & Lupita Mambo, Ningún DJ eta Rock&Roll Police Department.

Azkena Rock Festival gourmet jaialdia dela esan dezakegu, aurtengoan ere aukeratutako musika bikaina eta eklektikoa izango baita rock & rollaren aldaera guztiak bilduz. Baina musika onaz gain, mundu osoko milaka pertsona gurera erakartzen dituzten osagai gehiago ere izango dira asteburu horretan; izan ere, hiriak eskaintzen duen gastronomia eta Green Capitaleko kaleetan bizi-bizi dagoen giroa ere oso erakargarriak dira. Proposamena hain da originala eta benetakoa, ezen urtetik urtera musikazale eta musikarekin lotutako esperientzien zale gehiagok egiten baitute bat jaialdiarekin. 

Huts egin ezinezko topagunea izango da Azkena Rock Festival jaialdia zuzeneko musikaren zaleentzat, 2023an ere. Zalantzarik gabe, Azkenaren magiaren sekretuetako bat publikoarekin duen konexioa da, bai ikus-entzule leialenekin, bai lehen aldiz datozenekin, bai etortzen hasten diren belaunaldi berriekin. Horregatik, pertsona horiei guztiei erraztasunak eman nahi izaten dizkiegu jaialdira etor daitezen: 14 urte eta gutxiago dituzten gazte eta haurrek doan izango dute sarrera, eta 15 urtetik 23 urtera (adin horiek sartuta) bitarteko gazteek, berriz, sarrera merkeagoa, Bono Gaztearen bitartez. Zale sutsuenek, bestalde, XX. urteurreneko pack berezia eskuratu ahal izango dute; sortaren barruan, azken 20 urteetan jaialditik igaro diren protagonisten kontakizunak biltzen dituen liburu bat, elastiko bat, poster bat eta luxuzko totebag bat aurkituko dituzue. Gainera, eguneko sarrerak salgai daude jada; hori guztia webgune hauetan: azkenarockfestival.com eta seetickets.com/es.
 

 

 

 

 

Datak

15, 16 y 17 de junio

Tokia

Mendizabala

Portal de Lasarte Kalea, 01004 Gasteiz, Araba

Gasteiz

laguntzailea

 

 

Prezioa

Bonua: 155€. Bono Gaztea (15-23 urteko gazteentzat): 100€.   Osteguneko sarrera: 50€. Ostiraleko sarrera: 70€. Larunbateko sarrera: 70€.

URL - Web
online ekitaldia sarrerak erosi