AUKERA - Emakumeentzako mentoringa film labur bat sortzeko - kulturaraba
AUKERA eta nola sortu film labur bat
2023ko deialdia. Eskaerak aurkezteko epea
Deialdia apirilaren 1ra arte egongo da zabalik.
AUKERA emakumeek sortutako film laburrak egiteko mentoring programa bat da, (H)emen elkarteak sustatua, eta Zineuskadi, Kutxa Kultur, Zinebi eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien lankidetza duena.
Etorkizuna izango diren ikus-entzunezko emakumeei lehen aukera emateko programa da.
Deialdian 5 proiektu hautatzen dira eta horiei laguntza ematen zaie gidoien garapeneko, zuzendaritzako eta ekoizpeneko mentoretzen bitartez.
Laguntza gisa, mentoretza bera EAEko edo Estatuko lehen mailako profesionalek egiten dute. Hautaketa bat egiten da, proiektu bakoitzaren beharren arabera profesional onenak esleitzeko.
Aukera programaren helburua
AUKERAk helburu hauek identifikatzen ditu programa gauzatzean:
-
Ikasketetatik profesional bilakatzeko ibilbide horretan, ikus-entzunezkoetan lan egin nahi duten emakumeak babestuko eta ahaldunduko dituen programa da AUKERA.
-
Ikus-entzunekoen sektorean lan egin nahi duten emakumeei beren ibilbide profesionala EAEn hasi eta garatzeko lan aukera ematea.
-
Euskal zinemaren sektorean eta film laburren esparruan, emakumeek sortutako lanen ekoizpena bermatzea, urtero emakumeek sortutako bi film laburren ekoizpena bultzatuz.
-
Euskal ikus-entzunezkoen sektorean emakume profesionalen kopurua handitzea.
-
EAEko film laburren jaialdietara eta film laburrak ekoizteko ikus-entzunezko dirulaguntzetara aurkezten diren proiektuen % 50 emakumeek sortutakoak izatea, 2024. urterako.
Norentzat da Aukera?
EAEn jaio edo erroldatuta dauden eta zinemari edo ikus-entzunezkoei buruzko ikasketak egin dituzten edo egiten ari diren 18 eta 35 urte bitarteko emakumeentzako deialdia da.
Aurkezpen proposamena gutxienez hiru eta gehienez bost emakumeko taldeetan egin behar da, eta horien artean gidoilari, zuzendari eta ekoizle taldea egon beharko da.
AUKERAren web ofiziala web orrian dituzu film labur bat sortzen hasteko xehetasun guztiak.
Zertan datza Aukera?
Programan parte hartzeko hautatutako bost proiektuek gidoi, zuzendaritza eta ekoizpen mentoretza intentsiboak jasoko dituzte sektoreko profesional ezagunen eskutik.
Programa osatzeko, ahalduntze feministako tailerra, dosierrak garatzeko tailerra eta pitching-erako prestatzeko tailerra egingo dira.
Proiektuak Zinebi jaialdiaren Industria atalean pitching saioan aurkeztuko dira. Zinebi Bilboko Zinema Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren itxiera galan 3.000 euroko 3 AUKERA sari banatuko dira, ekoizpenera bideratutakoak. Sari horietako bat, gutxienez, euskarazko proiektu batek jasoko du.