Concierto

Kulturaraba

KamBrass Quintet - 2026 Arabako Musika Klasikoko Zikloa (Iekora)

KamBrass Quintet - 2026 Arabako Musika Klasikoko Zikloa (Iekora)

Kontzertu hau Arabako Musika Klasikoaren Zikloaren parte da. Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak antolatutako ziklo honek urtez urte musika klasikoa lurraldeko hainbat herritara eramatearen aldeko apustua egiten du.

25 urtetik gorako ibilbidea duen musika ziklo hau, 2011tik, "Donostiako Musika Hamabostaldia"rekin lankidetzan ospatzen da, eta horrek lehen mailako interpreteen kartela ziurtatzen du. Arrakasta hau, gainera, udalerri parte-hartzaileek kontzertu bakoitzaren antolakuntzan eta garapenean duten funtsezko inplikazioari esker borobiltzen da.

Aurtengo edizioan 6 kontzertu eskainiko dira, Arabako kuadrilletan banatuta. 2026ko Arabako Musika Klasikoaren Zikloa abuztuan zehar izango da Done Bikendi Harana, Iekora, Argantzon, Berganzo, Zalduondo eta Aramaio herrietan.

 

KamBrass Quintet

  • Iñigo Ocón, Joan Pàmies, tronpetak 
  • María Servera, tronpa 
  • Xavier Gil, tronboia 
  • Oriol Reverter, tuba

“Transfoliazioa: Folíaren metamorfosia”
Jan Bach, Juan del Encina, Falla, Lully eta Zabaletaren lanak

 

Transfoliazioa: Folíaren metamorfosia

Folía musika egitura zaharrenetako bat da, Iberiar penintsulako musikak Europan izan duen bilakaeraren eta hedapenaren sinboloa. Iberiar penintsulan dantza bizi gisa jaio zen, eta haren eraldaketak mendebaldeko musikaren bidaia islatzen du: Errenazimenduaren erritmo zorotik Barrokoko bariazio eskema fineraino, eta hegoaldean suspertu zen XX mendean eta forma berriak aurkitu zituen sorkuntza garaikidean.

Jan Bach, zeina baita metalen boskotearen konpositore nagusietako bat, talde hau Espainiako folíaren tradizioarekin bat egiteaz arduratuko da, forma barroko hori berrasmatuz eta iraganaren eta orainaren arteko hari gidari gisa jardunez.

Folíaren lehenengo aztarnak Espainiako XV. mendean ageri dira, bizitasun handiko dantzari eta inprobisazioa errazten zuen egitura errepikakorrari lotua. Haren jatorria zalantzazkoa bada ere, uste da musika eta dantza bat egiten duten herrietako jaien parte zela. Del Encinak, zeina baita Espainiako Errenazimenduko funtsezko figura, abesti eta dantza horien funtsa jaso zuen bere lanean, eta ahozko tradizioaren eta musika gortesauaren arteko gurutzaketa islatu. Haren ondareak aukera ematen digu imajinatzeko zer soinu zeukan Folíak hasieran, bere bilakaera formalaren aurretik. Barrokoan, Folíak egitura zehatzagoa hartu zuen, eta behin eta berriz errepikatu zen Europan. Lully Luis XIV.aren gorteko maisua izan zen, eta Folía goraino igo zuen bere Folies d'Espagne-rekin, etorkizuneko bariazioak inspiratuz.

XIX. mendean, Folía esplizituki konposatzeari utzi zitzaion arren, haren funtsa espainiar musikan mantendu zen. Fallak grinaz eta erritmoz betetako dantzetan harrapatu zuen haren espiritua. 150. urteurrenaren ospakizun gisa, haren ospetsuenen hiru dantza. Errotariaren dantzak Espainiako tradizioaren intentsitate erritmikoa islatzen du, eta "Suaren dantza errituala" hipnotikoak, berriz, lehengo bariazioen oihartzun gisa erabiltzen du errepikapena. Bestalde, "Bizitza laburra" laneko 1. dantzak dramatismoa eta lirismoa konbinatzen ditu, espainiar izaerarekin, zeinak, Folíaren egiturari jarraitzen ez badio ere, bere funts erritmiko eta adierazkorrari eusten baitio.

Garazi Zabaletaren enkarguzko lan batekin amaituko dugu. Jan Bachek Folíatik abiatuta izan zuen ideia berarekin, Zabaletak Euskal Herrira eraman du, Abaltzisketako herri dantzatik abiatuta.

Transfoliazioak gogorarazten digu Folía ez dela musika motibo bat soilik: jarraitutasunaren eta berrasmatzearen sinboloa da, iraganeko oihartzuna, orainean oraindik ere oihartzuna duena.

 

Egitaraua:

Jan Bach (1937-2020)
Foliations: Tema - 1995

Juan del Encina (1468-1529)
Hoy comamos y bebamos - 1495

Jean-Baptiste Lully (1632-1687)
Les Folies d'Espagne - 1672

Jan Bach (1937-2020)
Foliations: Variaciones - 1995

Manuel de Falla (1876-1946)
Danza nº1, de la Vida Breve - 1913
Danza Ritual del Fuego, del Amor Brujo - 1915
Danza del Molinero (Farruca) - 1919

Jan Bach (1937-2020)
Foliations: Variaciones - 1995

Garazi Zabaleta (1987*)
Oxímoron - 2025
Encargo de KamBrass Quintet y Quincena Musical 2025
 

Jan Bach (1937-2020)
Foliations: Variaciones - 1995


 

KamBrass Quintet

“Adierazkortasun oparoa erakutsi zuten, tinbre ezberdinak zirkulu handi baten moduan ezin hobeto uztartzen ziren bitartean” — Scherzo, musika-aldizkaria

KamBrass, 2017an Bartzelonan sortutako haize-metalezko boskotea, gaur egungo musika-panoramako proiekzio handieneko taldeetako bat da. Ganbera-musikarekiko jakin-mina eta pasioa dira bost lagun hauek proiektu hau abiarazteko partekatzen dituzten pizgarriak. Lan argitaragabeak estreinatzeko interesa, taldearentzako jatorrizko musika eta moldaketa idiomatikoak dira euren nortasun-ikur den moldakortasunaren oinarriak, eta kontzertu bakoitzeko errepertorioan islatzen da hori; betiere musikaltasuna bizkarrezur hartuta.

Euren ibilbidean zehar, nazioarteko hainbat sari eta ezagutza jaso dituzte. 2025ean, FestClásica 2026ko Talde Emergentearen Saria jaso zuten, estatuko sari entzutetsuenetako bat. 2025eko martxoan, lehen saria eta enkarguzko obraren interpretazio onenaren saria eskuratu zituzten Ljubljanako Jaialdiaren Nazioarteko Lehiaketan (Metalen Boskoteak eta Laukoteak sailean); gaur egun metalezko ganbera-musikarako dagoen lehiaketarik garrantzitsuenetariko bat. 2024an, Londresko Royal Overseas League (ROSL) erakundeak Philip Jones Prize saria eman zien. Aurreko urtean, Philip Jones International Brass Ensemble Competition lehiaketako 2. saria lortu zuten Birminghamen (Erresuma Batua). 2022an, Luzernako Philip Jones Brass Preis lehiaketako 1. saria irabazi zuten, Baza-ko (Granada) Antón García Abril lehiaketa prestigiotsuko 2. saria, eta Andorrako Cambra Romànica lehiaketako 2. saria.

Horrez gain, KamBrass Prix Credit Suisse Jeunes Solistes 2022 sarirako izendatu zuten. Urte berean, Casals Laukoteak hautatu zituen Vicen (Bartzelona) egin zen Ganbera Musikako Prestakuntza Profesionalen II. Jardunaldian parte hartzeko, eta Juventudes Musicales Internacionales erakundeak beka eman zien hiru urtez jarraian (2022, 2023 eta 2024) Weikersheim-eko (Alemania) Chamber Music Campus ospetsuan parte hartzeko, Heime Müller Artemis Quartet-en sortzaile eta zuzendari artistikoarekin batera. 2021ean, AEBko Fischoff Chamber Music Competition lehiaketako American Brass Quintet Prize saria lortu zuten. 2020ko abenduan, berriz, 2. saria eskuratu zuten Orpheus Swiss Chamber Music Competition lehiaketan.

Nazio zein nazioarteko jaialdi entzutetsuetan jotzen dute. Estatu mailan, Bartzelonako Auditorioan debutatu dute Emergents Jaialdian, baita Santanderreko Nazioarteko Jaialdian eta MonteLeón Jaialdian ere; Kataluniako Juventudes Musicales elkarteko Red de Músicas (Musika Sarea) programarako hautatuak izan ziren 2022-2023ko katalogorako, eta Palma Clásica jaialdian ere aritu dira, besteak beste. Nazioartean, hainbat jaialdi esanguratsutan programatu dituzte: Lucerne Festival entzutetsuan, Schleswig-Holstein, Gezeitenkonzerte, Hohenloher Kultursommer Festival, Londresko Kings Place-n, Bratislavako Viva Musica Festival-ean, Festival Musikdorf Ernen-en, Swiss Chamber Music Festival-ean eta Davos Music Festival-ean, adibidez. 2025 honetan, Bartzelonako Auditoriko Pau Casals 1. aretoan debutatu dute bakarlari gisa, Bartzelonako Udal Bandarekin batera.

Ganbera-musika talde finkatu gisa hazten jarraitzeko helburuarekin, 2024ko azaroan euren lehen albuma kaleratu zuten, Developments izenburupean.

Jarduera hori prestakuntza akademikoarekin osatu dute Claudio Martínez eta Anton Kernjak irakasleen eskutik, Musik-Akademie Basel-en. Ganbera-musikarekiko duten etengabeko interesari esker, sektoreko profesional ugariren aholkuak jaso dituzte, hala nola Casals Laukotea, Kuss Quartet, Dirk Mommertz (Fauré Quartet), Gregor Sigl (Artemis Quartet), Péter Nagy, Patrick Jüdt, Gerhard Schulz (Alban Berg), Rainer Schmidt (Hagen Quartet), Matthias Hoffs (German Brass), Achilles Liarmakopoulos (Canadian Brass) edota Spanish Brass taldeen eskutik. Euren ibilbidearen hasiera Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan (ESMUC) kokatzen da, Pablo M. Fernándezen gidaritzapean, eta Luzernako (Suitza) Hochschule für Musik eskolan jarraitu zuten ganbera-musikako masterrarekin, besteak beste Isabel Charisius (Alban Berg Quartet), Antonio Lagares (Azahar Ensemble), Daniel Dodds (Festival Strings Lucerne) edota Immanuel Richter (Basel Sinfonieorchester) irakasleekin.

 

 

Datak

2026/08/07

Ordutegia

20:00

Tokia

Iglesia de San Vicente

SAN VICENTE DE ARANA